Ibilbide guztian zehar, Kordobatik Puertollanora bidean, gauza batekin harrituta geratu naiz. Zeuden ikusle apurrak pankarta gorri batzuekin zeuden. Tren ya en Pedroche jartzen zuen (Pedrochen trena ja, alegia). Herri bat omen da Pedroche, baina neurekiko pentsatzen aritu naiz, «zein herri ote da Pedroche hori!». Geurean, garai batean, iskanbila ugari izan genituen Leitzarango autobidearekin, eta orain ere AHTarekin bueltaka gabiltza. Hemen, berriz, tren eske! Zein desberdin bizi garen.
Hemen ur gehiegi ez gastatzeko kartelak daude toki guztietan: hoteletan, iturri ondoetan... Gurean, berriz, nonahi dauzkagu iturriak. Adibide modura, Kordobatik Puertollanora bidean herri bakarra igaro dugu, Pozoblanco. Egia esan, izena entzunda ezer ez zait etorri burura, baina bertatik pasatzen ari ginela, berriz ere Tren ya en Pedroche kartelak ikusi ditut. Andaluziako bi txirrindulari entzun ditut hizketan, Paquirri Pozoblancon hil zela esanez. Bertan sartu omen zen, azken aldiz, zezen-plaza batean; horregatik omen da hain ezaguna herria.
Zenbaterainoko zezen kultura daukaten aipatu diet nik. Harritu egin nau eurentzat hain handia den Paquirri hori non hil zen jakiteak. Arnaldo Otegiren laugarren abizena galdetuz gero jakingo genuela, baina Paquirri non hil zen ez genekiela ez digute ba erantzun! Barrez lehertzen hasi gara. Ez zeukan zerikusirik alderaketak, eta grazia egin dit.
Orain bi urte Ag2r taldearekin hemen nenbilela, frantziarrek esan zidatena etorri zait burura. Espainiako alde hau ikusita ulertzen omen zuten Euskal Herrian zergatik zegoen hainbesteko politika iskanbila. Geneukan bizi-kalitate desberdinarekin ulertu omen zuten euskaldunok zergatik nahi genuen independentzia. Baina, tira, horrek ere badauzka alde on asko. Euskaldun batzuk ikusi ditugu hemen, eta, azken batean, gustura etortzen gara euskaldunak hona oporretan.
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. 'Tren ya en Pedroche'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu