Atseden egunari ez nioke aparteko garrantzirik emango. Euria egin digu, ez gara entrenatzera irten, baina pena handirik ere ez dit eman, niretzat biharko [gaurko] etapa ez delako oso garrantzitsua. Arrabolean izerdia bota dugu, eta bihar taldekideei lagundu ostean indarrak gordetzea tokatuko zaidanez... nahikoa.
Angliruri begira jarrita, eguraldi txarra iragarri dute, eta animoek beherantz egin dute. Hain aldapa gogorrak euritan igotzea eta jaistea ez da gustagarria izaten, baina zer erremedio! Arlo teknikoari helduta, 38ko platera eta 30eko pinoia jarriko dugu. Ideiarik ez daukanarentzat, normalean 23ko pinoia erabiltzen dugu, eta zazpi pinoi gehiago eramatea astakeria handia da. Ia-ia mendiko bizikletaren garapena da hori. Eguneko gainerako mendateak ohiko garapenarekin igoko genituzke, baina Angliru ez.
Euria egiten duenean, gainera, gurpilak irristatu egiten dira, eta eserita igo behar izaten dugu aldapa. Horrek, noski, zaildu egiten du igoera, zutik indar gehixeago egiten baita beti. 2002an igo nuen azkenekoz Angliru, eta oso oroitzapen txarra daukat. Oso aldapa gogorra iruditu zitzaidan. Azken bost kilometroek %20ko batez bestekoa daukate! Gogoan daukat pare bat aldiz jarri behar izan nuela hanka lurrean, eta gero ez nintzela berriz pedalei ematen hasteko gai.
Dena hesiz josita egoten da, gainera, ikusleak bultzaka has ez daitezen, eta onartu beharra daukat ez naizela horren aldekoa. Aurrean doazenei bultza egitea ez da zuzena, baina atzekoek asko eskertzen dute, normalean berdin izaten baitzaie 20 minutu galtzea, edo 25 galtzea. Eta aldaparekin ere nahikoa polemika izaten da. Ez dakit hain aldapa gogorrak txirrindularitzarentzat onak edo txarrak diren, baina nire gustukoak, behintzat, ez dira. Ulertzen dut ikuskizunari begira txirrindulariak igo ezinik ikustea ona dela. Jendeak hori nahi du, errespetatzen dut, baina ez naiz horren aldekoa. baina, tira, horretarako gaude, ezta?
TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Ulertzen dut, baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu