Aurrean erritmoa bizitu, faboritoak atzean utzi, taldekideak goxo-goxo mimatu, errematatzen hasi, eta pilota beti txapapera. Huts eta huts. Horrela dabil Fernandez de Larrea Espainiako Vueltan. Ezinean. Asmatu ezinik. Gaztea da oraindik, joan den larunbatean bete zituen 27 urte, baina itzuli handi bateko esprinta irabaztea falta zaio. Iaz irabazi zuen profesionaletako lehen lasterketa. Eta, aukeratzen hasita, ez zuen toki txarra aukeratu: Tirreno-Adriatikoko Itzulia. Orduan egin zen ezagun, eta ordutik gora eta gora ari da, agertzen da, aurkariak xaxatzen ditu, aurten Murtzian, Gaztela eta Leonen, Euskal Bizikletan eta Burgosen etapa bana irabazteko gai izan da...
Baina itzuli handietan ezinean dabil. «Garaipenetik gertu geratu naiz berriz ere. Hirugarren postuan sartu naiz azken bihurgunean, distantzia egokian hasi naiz esprintean, baina ezin izan dut irabazi». Bide erdian berriz ere. Egoskorkerian segituta, berandu baino lehen iritsiko da garaipen handi hori -gaurko etapan, agian, eta igandean, Madrileko azken etapan, aukera polita izango du, berriz ere-. Baina nekez aurkituko du atzokoaren pareko aukerarik, den-dena ondo egin baitzuen taldeak.
Etapa hasiera urduria baliatuta, Pedro Horrillo ermuarrak (Rabobank) eta Jose Ruiz Sanchezek (Andalucia-Cajasur) ihes egin zuten zortzigarren kilometroan, eta, atzekoen baimenarekin, zortzi minutu eta erdiko aldea ere izan zuten 34. kilometroan. Ondo ari ziren lanean bi txirrindulariak, baina Euskaltel-Euskadik eta Silence-Lottok, bereziki, esprinta nahi zuten. Talde bakoitzak hiruzpalau txirrindulari jarri zituen lanean, eta aise hasi ziren aldea murrizten. Valladolideko helmugara iristeko 50 kilometro eskas geratzen zirenean, bost minutukoa zen bi txirrindularien aldea; 20 kilometro falta zirenean bi minutu eskas zeuzkaten Horrillok eta Ruiz Sanchezek... Ez zuten etsi nahi, baina etsi egin behar izan zuten, berez azkar zihoan tropelak are gehiago bizitu baitzuen erritmoa.
Azken kilometroetan haizea agertu zen eskuin aldetik, eta tropela bi zatitan banatu zen une horretan. Atzean ziren, besteak beste, David Moncoutie (Cofidis), Tom Boonen (Quick Step) eta Erik Zabel (Milram). Lehen abisua zen. Zabel erabat nekatuta iritsi zen esprintera, eta Boonenek ere etsi egin zuen. Aurkari indartsuenak nekatuta, aukera ederra zeukan gasteiztarrak Titinen jokoa egiteko, errematatzeko, baina orduantxe agertu zen Weylandt, Booneni esprintak prestatzen dizkion belgikarra. Tamalez, berriz ere, pilota txapapera.
Sailkapenak
HAMAZAZPIGARREN ETAPA1. Wouter Weylandt (Quic Step) 3.18.48
2. Matti Breschel (CSC) d.b.
3. Aleksandre Usov (Ag2r) d.b.
4. K. Fdez. de Larrea (E. Euskadi) d.b.
5. H. Haussler (Gerolsteiner) d.b.
6. Greg Van Avermaet (Lotto) d.b.
7. Oscar Gatto (Gerolsteiner) d.b.
8. S. Hinault (C. Agricole) d.b.
9. M. Santambrogio (Lampre) d.b.
10. Claudio Corioni (Liquigas) d.b.
NAGUSIA
1. A. Contador (Astana) 69.53.52
2. Levi Leipheimer (Astana) 1.17ra
3. Carlos Sastre (CSC) 3.41ra
4. E. Mosquera (Xacobeo) 4.35ra
5. Robert Gesink (Rabobank) 5.49ra
6. A. Valverde (C. d'Epargne) 6.00ra
7. J. Rodriguez (C. d'Epargne) 6.11ra
8. Egoi Martinez (E. Euskadi)8.56ra
9. D. Moncoutie (Cofidis) 9.32ra
10. Oliver Zaugg (Gerolsteiner) 10.01era