TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. TXIRRINDULARITZA

ESPAINIAKO VUELTA. Bideratzaile onarekin ere ezin. Thor Hushovdek irabazi du Leonen; Zabelek ezin izan dio etekinik atera Petacchiren lan txukunari

Andoni Urbistondo.
2006ko irailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Erik Zabelek garaipena lortzeko apropos-aproposa zen Leongo helmuga. Alemaniarrak hiri hartan bukatutako Vueltako etapa irabazi zuen 2001. urtean. Atzokoa leku berean bukatu zen, eta ondo ezagutzen zuen helmuga. Caceresen lortutako garaipenak ere aspaldi baxu samar zegoen autoestimuari bultzadatxoa eman diola pentsatzekoa da. Milrameko taldekideek ere lan ona egin zuten txirrindulari beteranoarentzat, eta azken zuzengunean luxuzko morroia aritu zen lanean Zabelen zerbitzura: Alessandro Petacchi. Dena alde, baina ezin.

Ezin txirrindulari azkarragoak daudelako. Ezin, konfiantza falta zaiolako Zabeli. Andre Greipelek azkar hasi zuen esprinta, eta Zabel, abiadura egokian zihoan Petacchiren arrastoari jarraitu ordez, Greipelen eta Hushovden atzetik abiatu zen. Alferrik, laugarren helmugaratu baitzen. Petacchiren aurretik, hain justu.

Italiarra gero eta hobeto dago. Kordoban ahul zegoela aitortu zuen, baina egunek aurrera egin ahala, nabaria da hobetzen ari dela, eta Zabelen lekukoa hartzeko prest egongo da laster.

MORREDERRO GAINA GAUR. Zazpigarren etapa Morredero gainean bukatuko da. Covatillan bukatu zen bezala, zalaparta handi samarra espero da, baina etapa ez da hain gogorra, ezta gutxiago ere. Morredero da etapako mendate bakarra. 20 kilometro ditu, eta oso irregularra da. Malda handiak sasi-ordekarekin tartekatzen dira, eta atseden gune pare bat ere baditu. Igoerako lehen 18 kilometroek %6,3ko desnibela dute. Bost kilometro osok %10etik gorako pendiza dute, eta jo nahi duenak badu non jo.

saILKapenaK6.ETAPA
1. Thor Hushovd (C. Agricole) 4.09.10

2. Andre Greipel (T-Mobile) d. b.

3. Erik Zabel (Milram) d. b.

4. Alessandro Petacchi (Milram) d. b.

5. Danilo Napolitano (Lampre) d. b.

SAILKAPEN NAGUSIA
1. Danilo Di Luca (Liquigas) 22.47.11

2. Janez Brajkovic (Discovery) 4ra

3. Andrei Kaxetxkin (Astana) 18ra

4. Carlos Sastre (CSC) 29ra

5. J. A. G.-Marchante (Saunier) 35era

6. A. Valverde (Caisse D'Epargne) 36ra

15. Igor Anton (Euskaltel-Eusk.) 2.09ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.