Orio eta Aia lotzeko, hiru dira ohiko bideak. Zudugaraitik doana (Zarauzko bidean Orioko gainetik pasatzen dena), Andatzatik gora egiten duena eta Ubegun aldetik igotze dena. Halere, Euskal Herriko Itzuliko antolatzaileak, Jose Luis Arrieta buru dutela ibilbidea mimo handiz prestatzen dutenak, tematiak dira, txoko ezkutuenak arakatu zaleak, eta, hala, Orio eta Aia lotzeko laugarren bidea topatu dute. Topatu baino gehiago, asmatu egin dutela esan daiteke; Itzulirako propio asmatu, alegia. Ikusmin handia piztu du (baserri) bide berriak, aldapa beldurgarri bezain motz horrek, eta tropelak gaur igaroko du, Oriorako bidean. Handik, Aiatik, 13 kilometro besterik ez zaizkie geratuko txirrindulariei, helmugara heltzeko.
Aldapa behera egingo dituzte 13 kilometro horiek (helmugara iritsi baino bi kilometro lehenago, Txankako muino gaiztoa igoko dute); baina garapenak aldatzerako, hanka zuztarrek sekulako berotua hartuko dute. Izan ere, aurtengo ekitaldiko tranpa, Jose Luis Arrietaren asmakizun berria, ez da txantxetakoa. Bai, laburra da, kilometro eta erdi pasatxo besterik ez, baina txirrindulariek izugarri sufrituko dute bere malda ezin pikoagoetan, eta tropela txiki-txiki eginda helduko da, ziurrenik, Aiara. Okasiorako, baserri bide batetik sartuko dituztelako; normalean ardiek 'okupatzen' duten eremuan barna ibiliko direlako.
Andatzatik Aiara doan bidean ezustean ezkerretara hartu beharreko bidegurutzean hasiko da txirrindularien gurutzebidea. Ezkerretara gorantz begiratu, eta goi-goian ikusten da Aia. Talaia horretatik begiratuta, igo beharrekoa serioa dela jabetuko dira txirrindulariak. Halere, izan dira jada aldapa horretako sufrikarioa barneratu dutenak, txirrindula askok ikuskatu baitzuten lasterketa hasi baino lehen.
Euskaltel-Euskadikoak pasa den ostegunean izan ziren han, eta, BERRIAk baieztatu dezake txirrindulariak poliki igoko direla, eta eurek baino gehiago, ikusleek hartuko dutela gozatua. «Zazpi kilometro orduko abiaduran igo dugu», esan zuen Landaluzek. Algortarraren esanetan, baina, aurtengo Tirreno-Adriatikon igotako Monteluponeko aldapa «gogorragoa» egin zitzaion: «Antzekoak izan daitezke, baina hango malda gogorrena hemengoa baino luzeagoa zen».
%12tik gorako pendiza du igoerak bere osotasunean, eta %16ko edota %22ko ormak ere badauzka. Hartara, herrira iritsi baino lehenagokoa da aldapa gogorrena. %27ko pendiza du, eta txirrindulariek igitaia baino gehiago okertu behar izango dute hari aurre egiteko. Sigi-sagaka igoko denik ere egongo da, eta errepidea bustita baldin badago, izango da hanka lurrean jarriko duenik. «Euria egiten baldin badu, gertatu daiteke, bai», esan du Euskaltel-Euskadiko kirol-zuzendari Igor Gonzalez de Galdeanok.
27 HORTZEKO KOROA. Aukeratutako garapena oso inportantea izango da, eta Gonzalez de Galdeanok «27 hortzeko koroa» jarriko dutela adierazi du. «Den-denek hori eramango dute. Koroa hori jarrita, aldapa igotzeko modukoa da». Oraindik ere ez da inor kexatu, baina iaz, esaterako, txirrindulari batzuk kexatu egin ziren, Oiartzungo erlojupekoa eta gero. Jokatu, eta ibilbidea oso-oso arriskutsua zela salatu zuten batzuek. Galdeanoren ustez, ordea, igoera bera baino garrantzitsuagoa izaten da sarritan jaitsiera. «Aiako jaitsiera ez da arriskutsua, hortaz, inor ez da kexatu. Errepidea kaskarra bada kexatzen dira txirrindulariak».
Aiako aldapak eman du zeresana, baina gaur Gasteiz eta Orio lotuko dituen bosgarren etapa, Euskal Herriko mendate gogorrenetako bitatik pasatuko da. Bergarara helduta, Elosuako gaina, Gorla, igoko dute. Tentea bezain sigi-sagatsua da, eta %8 inguruko batez bestekoa du zortzi kilometrotan. Gogorra, serioa, hortaz. Hori jaitsita, berriz, Santa Agedarako bidea hartuko dute Nuarbetik gora. Gorla bezain tentea da, antzekoa ere luzeran, hain erregularra izan ez arren, eta horma pikoren bat edo beste dauka.
Galdeanok ere badaki, Aia baino lehen, Elosuan eta Santa Agedan bertan, hautsi daitekeela lasterketa: «Aiaz gain bi mendate gogor horiek daude. Gainera, bosgarren etapa izango da jada, eta txirrindulariak indarrez justu antzean helduko dira». Dena den, Aian ikusiko da «nor dagoen Itzulia irabazteko moduan». Gasteiztarren ustez, «zazpi edo 10 txirrindulariko taldetxoa hel daiteke Aiaren oinera».
Eta hor, lasterketarako propio asmatutako bidean, ardiek 'okupatutako' lurraldean, ezkerretara hartu beharreko bidegurutzean, gora begiratu eta Aia ikusten delarik, txirrindularien gurutzebidea hasiko da zaleen gozamenerako.
«Euria egiten badu, gerta daiteke txirrindulari batek baino gehiagok malda oinez igo behar izatea»
«Gureek 27 hortzeko koroa eramango dute. Koroa hori jarrita aldapa igotzeko modukoa da»
IGOR GONZALEZ DE GALDEANO
EUSKALTEL EUSKADIKO KIROL ZUZENDARIA
TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA. Horretarako propio asmatutakoa
Itzuliko aldaparik pikoena igoko dute gaur Aian: 1,8 kilometroko horma bat, baserri bide batean gora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu