Taldeen aurkezpenean gaude, hemen, Assenen [atzo]. Goizean zirkuituan egon gara entrenatzen, eta hasiera batean euria bota duen arren, gero ateri eutsi dio. Egia esan, ondo, gustura egoten da. Haize pixkat badabil, baina tenperatura atsegina da, egia esan. Bihar [gaur] ere antzeko eguraldia egingo duela uste dut.
Berezia da motorrentzako edo autoentzako zirkuituetan bizikletarekin ibiltzea. Nire bizitza osoan bitan tokatu zait. Aurrenekoz, aurtengo Tourra hasi aurretik. Taldekako erlojupekoa zirkuitu batean prestatu genuen. Baina hau berezia da. Izan ere, Assen motoziklismoaren katedrala da. Polita izan da harmailak ikustea, pit-lane-a, boxak... Gainera, ez naiz ezeren zale sutsu-sutsua, baina motorrak gustatzen zaizkit.
Herbehereetan, baina, bizikletak maite dituzte. Jende asko bilduko da lasterketa ikusteko, eta aurkezpenera autobusean gentozela esan diot Oscarri [Freire] harrigarria zela bizikletarekin dabilen jende piloa. Atzo, ama bat ikusi genuen bizikletarekin, eta haurtxo bana zeraman bi orgatan: bat aurrean eta bestea atzean. Euria ari zuen arren! Mundu guztia dabil bizikletan.
Ez dirudi Espainian gaudenik. Bai, azpiegitura espainiarra da, Vueltakoa, baina ni nagoen tokitik etxeak-eta ikusten dituzu, eta a zer-nolako koloreak dituzten! Oso-oso politak. Eta guk, Rabonekekoek, nabari dugu Herbehereetan gaudela. Komunikabideekin mintzatu gara, eta asko etorri dira. Denak Robertek [Gesink] zer egin zain daude. Presioa kendu behar diogu gainetik, bestela... Eric Breukinki ere esan diot.
Eta ni gogotsu nago, bestela, Donostiako Klasikoan eskuineko eskumuturra hautsi eta gero, ez nintzateke hemen egongo. Medikuak esan dit hezurrak ez direla batu, baina nik ez dut minik sentitzen, hortaz... Badakit aurreneko etapetan gaizki pasatuko dudala, baina azken asterako ondo egongo naizelakoan nago. Gainera, Munduko Txapelketa hor dago, eta, iaz bezala, han egon nahi dut. Nire lana, hasiera batean, Gesinki laguntzea izango da, baina ez dugu, Tourrean bezala, dena taldeburuarengatik sakrifikatuko.
Vuelta gogorra dirudi, baina egia esango dut: ez dut ibilbidearen liburua ireki ere egin. Nahikoa eduki dut eskumuturra osatzen.
TXIRRINDULARITZA. Ez dirudi Vueltan gaudenik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu