TXIRRINDULARITZA. FLANDESKO TOURRA. PEDRO HORRILLO . RABOBANK TALDEKO TXIRRINDULARIA . «Errespetua zor zaio Booneni, baina arazo bat du; Flandes kontrolaezina da»

Andoni Urbistondo.
2006ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Jaiotzez Ermukoa da, baina Abadiñon bizi da. Burua, dena den, Flandesen eta Belgikan du aspalditik. Flandesko Tourra eta Paris-Roubaix klasiko handiak dira bere Jainkoak. Gaur abiatuko da Flandes aldera, Euskal Herrian ez dagoen euria eta freskuraren bila.

Zer moduz zaude?

Beno, alergiarekin arazo franko izaten ari naiz, eta nahi bezain ondo ez. Fisikoki ondo nago, baina entrenamenduetan-eta bete-betean ez nagoela nabaritzen dut.

Zergatik alergia hori ba?

Hego haize ustel honek eragiten dit. Maiatzean jotzen badu ez dut arazorik, baina orain, negutik udara igaro gara lau egunean eta ezin ohitu. Flandesen negua da oraindik eta han gusturago arituko naiz.

Boonen gora, Boonen behera. Flandesko Tourra korritu gabe irabaziko duela dirudi. Iritzi berekoa zara?

Beno, errespetua zor zaio Booneni, batez ere jarduneko garailea delako eta sekulako denboraldi hasiera egin duelako. Milan-San Remo baino lehenago ere esan zuen proba irabaziko zuela eta nik dakidala, ez zuen irabazi. Flandesko Tourra osagai askoko proba gogorra da. Indarra behar da eta Boonen indartsuena izan liteke, bai, baina horrek ez dio arrakasta ziurtatzen. Flandesen zalantza une asko daude, erantzukizuna nork hartu, eta Quick Step ez da garaiezina. Ezinezkoa da Boonenen taldeak uneoro proba kontrolatzea, ihesaldi guztiak kontrol- pean mantentzea, eta hortik bilatu behar dute arrakasta Boonenen aurkari denek.

Zeintzuk?

Beno, Joan Antoni Flecha taldekideak. Mutil egoskorra da eta helburu bat duenean nekez etsitzen du. Hoste, Van Petegem, Klier, Ballan, Erik Dekker... txirrindulari on asko daude.

Eta Petacchi?

Ez. Harelbeke Sari Nagusian ikusi nuen eta Belgikako errepideetan eroso ibiltzeko eskarmentua falta zaiola esango nuke. Galduta bezala ikusi nuen. Egia esan, belgikar edo flandestarrek bakarrik dakite hori, besteok ikasi egiten dugu eta Petacchik asko du ikasteko.

Zein asmo duzu zuk?

Lana, lana eta lana.

Garaipeneko jokoan sartzeko aukerarik bai?

Ez, lasterketaren bilakaera ohikoa bada, ez. Nire ustez kalitateko ihesaldi bat egin daiteke, txirrindulari onekin, baina han sartzea zaila da oso. Flecharentzat egin beharko dut lana, bai ihesaldi arriskutsuak harrapatzeko, bai bakarren batean sartu eta gero Flecharentzat zubi lana egiteko.

Flandes gustukoa duzu, baina aukeran, nahiago duzu Paris-Roubaix.

Bai, eta apirilaren 9a bitarteko 10 egun hauetan maila txukuna lortuko dudalakoan nago. Flandesen garaipena lortzea utopia bada, Paris-Roubaix klasiko handian ez hainbeste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.