ESAITeko kideez gain, hainbat euskaltzale dagoeneko 15. etapako azken mendatean dira beren kanpin dendekin, eta lehen ikurrinak ipintzen eta pintadak egiten errepideetan. Igandean bertan ere jendea joango da, baina gehienak gaurtik izango dira Frantzian bertan izango den giroaz gozatzeko asmoz.Gaur arratsaldean, euskal jaia izango da, eta euskal gastronomiak garrantzi handia izango du: txistorra, sagardoa... ez dira faltako. Euskal musikak ere bere tartea izango du, trikitilariak izango baitira. Horren helburu nagusia: «Giro polit bat sortzea, eta atzerritarrei gure kulturaren berri ematea da», adierazi zuen Mikel Uzkudun ESAITeko lehendakariak. Igande goizean, berriz, aurreko eguneko jana eta dena botatzeko aukera bizikleta martxan. Iaz 200 partaide inguru izan ziren, eta aurten kopuru bera edo handiagoa espero dute antolatzaileek. Horretarako, jendea animatzeko deia egin zuten: «Edonork egin dezakeen martxa izango da, lasai-lasai joango gara aldarrikapena eginez. Gainera, parte-hartzaile guztiei urteroko hamaiketakoaz gain, hondartzarako baloi bat oparituko diegu». Goizeko hamarretan, Saint Lary-Soulan herriko funikularrean egina dago hitzordua.Bestetik, eskuorriak atera dituzte, non Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea edo ESAITen ekintzen zergatia idatzita egongo diren, besteak beste. «Mendatean gauden gehienak euskaldunak garen arren, beste herrialdeetako jendea ere izaten da, eta ESAIT gunea zer den, martxa zergatik egiten dugun eta horrelakoak galdetzen dizkigute. Horregatik, gure berri izan dezaten egin dugu ekimen hau». Beraz, festa ziurra da. Orain hori biribiltzeko euskal txirrindulari baten garaipena litzateke onen-onena. Zaleen berotasuna behintzat ez zaie faltako.
-
Argibideak
NOLA IRITSI
Ibilbidea: A 64 autobidea hartu. Baionan, Pau-Tolosa autobidea. Aurrera egin, Lanemezan-Arreau irteera arte (16. irteera).
ESAIT-EN GUNEA
Saint-Laryn (Pla d'Adet): Pla d'Adetera igotzeko:autoz, bizikletaz, oinez... (10 kilometro). Teleferikoan (12 euro joan-etorria).
EKITALDIAK
Euskal jaia eta bizikleta martxa: Larunbatean da bat (18:00) eta igandean bestea (10:00). Saint Lary-Soulango teleferikoaren aurretik abiatuko da.