Herenegun Agnelen eta Prato Nevoson gertatu zena ikusita, gainera, lasterketa lehertu beharrean daude faboritoetako batzuk. Lehertzen saiatzeak, ordea, ondorio argia izaten du askotan: norbera lehertzea. Minutu baten bueltan daude sailkapeneko lehen sei txirrindulariak. Frank Schleck CSCko luxenburgotarra jarri da lider, Bernhard Kohl austriarraren aurretik (Gerolsteiner). Zazpi segundora dago Kohl, zortzira Cadel Evans (Silence-Lotto), 38ra Denis Mentxov (Rabobank)... Ikusgarri dago sailkapen nagusia, hurrengo bi etapetako perfila bezain ikusgarri.
157 kilometro dauzka gaurko etapak. Motz-motza da, baina atzoko atseden egunaren ostean, oso arriskutsua izango da. Italiako Giroaren usainean hasiko dira txirrindulariak berotzen, Cuneo 55.000 biztanleko herri dotorean. Mendebaldera-mendebaldera, pare bat orduko gozatua hartuko du Tourrak Italian. Vignolo eta Vinadioko esprint bereziak igarota, Pratolungo herrian hasiko dira Lombarda handiari metroak jaten, 51. kilometroan.
Ia 21 kilometro eta %7ko batez besteko pendiza dauka Lombarda beldurgarriak (2.350 metro), eta aurretik ordubete pasatxoko lana pilatuta, fresko antzean iritsiko dira lehen aldapa tenteetara. Lasterketa dezente alda daiteke gaur, liderra jada ez baita Cadel Evans, Frank Schleck baizik, CSC Tourreko talderik indartsueneko faboritoetako bat. Orain arte CSCk lasterketa asko gogortu du mendaterik pikoenak igotzen hasi aurretik, baina ikusi egin beharko da gaur Lombardan zein estrategia erabiliko duten.
Pratolungotik irtetearekin batera dauzka Lombardak lehen aldapa tenteak, %8tik gorakoak. Bigarren kilometroan Posto di Frontiera igarota, %8,8koa da hurrengo zazpi kilometroen batez bestekoa. Gogor-gogorra. 9. kilometrotik 12.era etzana da, atsedenaldi txiki bat dauka hor, baina Lago d'Orgialera (2.245 metro) iritsi arteko aldapak, berriz ere, ia %8ko batez bestekoa dauka. Azken zazpi kilometroak 2.000 metrotik gora egingo dituzte, gainera, eta ezinean doana lehertuta gera daiteke azken metroetako sigi-saga ikusgarrian.
Lombarda pasatuta, Frantzian barrena, Isolara jaitsiera azkarra egin, eta 14 kilometro eskasera hasiko dira La Bonette-Restefond Tourreko mendaterik altuena igotzen (2.802 metro), St. Etienne de Tinnen -Restefond mendatean amaitzen zen lehen errepidea, baina garai bateko pista berritu, eta La Bonetterainoko igoera dago orain-. Datuak beldurgarriak dira: ia 26 kilometroko igoera, 1.650 metroko desnibela, 11 kilometro 2.000 metrotik gora... Ezin esan daiteke La Bonette izugarri gogorra denik, baina oxigenoa aurkitzen lanak izango dituzte Boiseyas herritik gora (1.885 metro). Laugarren kilometroan dago lehen pendiz gogorra (%8,1), eta 11.ean bigarrena (%8,1), baina %5,6koa da batez bestekoa lehen 13 kilometroetan. Igoera etzana.
Baina %8,5eko batez besteko pikoa daukan aldapan igaroko dute 2.000 metroko langa, eta azken sei kilometroetan, Camp des Fourches herrian, %9,4ko pareta bat, eta Restefondeko gainetik La Bonettera bidean %12,1eko beste bat ere igo beharko dituzte. Mont Ventoux handiaren antzera, azken zatian desertu itxurako paisaia dauka La Bonettek. Ikusgarria. Txakalaldi handi-handiak izateko modukoa. 1993an igo zen Tourra, azken aldiz, La Bonettera, baina orduan Jausiers herritik gora igo ziren txirrindulariak, Robert Millar buruan zela. Hain zuzen ere, Jausiers herrirainoko jaitsiera arriskutsua da, luzea eta errepide estukoa, eta, beraz, La Bonetten buruan pasatzen denak, etapa erdia poltsikoan izango du.
Tourreko etaparik gogorrena
Gaurkoa ikusgarria, eta biharkoa beldurgarria. Embrunetik Alpe d'Huezera, 210 kilometro, 65 kilometro goraka, maila bereziko hiru mendatetzar -Galibier, Croix de Fer eta Alpe d'Huez-, 3.765 metroko desnibela... Hotz-hotzean pentsatuta, ez da erraza Tourreko 17. etapako ibilbidea oso-osorik egin daitekeela sinestea ere. Embrunen hasiko da etapa, baina gogortasuna Brianconetik aurrera izango dute.
Monetier les Bainsera iristen direnean hasiko dira Lautaret etzana igotzen (2.057 metro). 853 metroko desnibela dauka Lautaretek, eta ez dauka ia zailtasunik. Baina gainak Galibierrekin bat egiten duenean gogortuko da ibilbidea. Lautareten bertan %9ko pendiza dauka Galibierrek, eta azken kilometroa ere oso gogorra da, %10,5eko batez besteko pendiza baitauka errepideak. Oso mendate luzea, gogorregia ere ez, baina oso altua (2.630 metro). Bederatzi kilometro egingo dituzte 2.000 metrotik gora.
Jaitsiera betean, Valloiren, Telegrapheko bost kilometro etzan igo, eta ziztu bizian iritsiko dira Maurienne haranera. Saint Jean de Maurienne herrian hasiko dira maila bereziko bigarren mendatea igotzen: Croix de Fer, 30 kilometroko igoera luzea. Lehen 4-5 kilometroetan %7-8ko pendizak dauzka Croix de Ferrek, Pierrepein herrira iritsi arte. Eta bi kilometroko jaitsiera txiki baten ostean, ondorengo sei kilometroak gogorrak dira, %7-9ko batez besteko aldapa baitago etengabe, La Brevieren barrena. Pare bat kilometroko jaitsiera, berriz ere, %4-5eko pendiza apala St. Sorlin d'Arves herriraino, eta azken zatian, gogortasuna, beste behin. %8koa da batez besteko aldapa azken zazpi kilometroetan, eta %9,9ko pareta bat ere badago tartean.
Broma gutxi, beraz, Croix de Ferren gora, eta are gutxiago Alpe d'Huezeko 21 bihurgune ospetsuetan barrena. %11tik gorako pareta batekin ematen du ongietorria Alpe d'Huezek, eta, indarrik daukanak, hor jo beharko du lehen erasoa, Lance Armstrongek 2001ean egin zuen moduan. %9,8koa da bigarren kilometroa, %7,7koa hirugarrena, %10,4koa laugarrena... 21 bihurgune, igoera itoa (%9,9 eta %9,3ko batez bestekoa dago, berriz ere, 10. kilometrotik 12.era), eta, larunbateko erlojupekoaren faltan, Tourreko azken ostikoak emateko garaia.