TXIRRINDULARITZA. FRANTZIAKO TOURRA. TXIRRINDULARITZA

FRANTZIAKO TOURRA. Trumoia bai, erauntsia ere bai? Pirinioak zain daude; maila bereziko bi mendate, eta lehen mailako beste bost igoko dira bi egunetan

Andoni Urbistondo.
2006ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Telebistako esatarien hitz aspertuak piztu zuen eztabaida. Tourra aldatu egin dela esatariak, ez dela beste urteetako tentsiorik nabaritzen, batez bestekoa ere apalagoa dela, eta Puerto ikerketaren ondorioa dela, gertatzen ari dena. Pirinioetan eta Alpeetan aspaldiko txirrindularitza ikus daitekeela zioen, urruneko ihesaldiekin, eta sekulako ahulaldiekin. Aditua, aldiz, ezezkoan. Hori gertatzen bada taldeen parekotasunagatik izango dela, Discovery Channel taldeak aurreko urteetan eduki duen aginte-makila har dezakeen talde sendorik ez dagoela. Puerto ikerketak Tourrean zerikusirik ez duela izango ere esan zuen, aditu horrek.

Txirrindularien artean, nahiko iritzi zabaldua da Tourreko lehenengo astea beste urteetakoa baino lasaiagoa izan dela, 'errazagoa' ere bai. Ihesaldiak azkar egin direla, esprinterren taldeek ez dutela beste urteetako kontrol zorrotzik egin. Haien ahotan, arrazoia honakoa da: tropeleko txirrindulari on asko falta direla, 20 bat, eta haien hutsunea nabaritzen ari dela. «Denak ez dira Tourra irabazteko hautagaiak, baina bai sailkapen nagusiko 50 onenen artean sartzeko txirrindulariak». Mikel Astarloza pasaitarrarena da esana.

Pirinioetan lasterketa mugitua izango dela iragarri dute denek. Phonak taldeak Floyd Landis babesteko talde indartsurik ez daukala diote batzuek. T-Mobile zazpi lagunekin bakarrik dagoela, besteek, eta horrek taldea asko ahulduko duela. Discovery Channel taldeko Johan Bruyneel kirol zuzendariak ere erasora joko dutela esan du. Oscar Pereiro ere saiatuko da ziur (Caisse d'Epargne), eta Denis Mentxov eta Cadel Evans ere bai (Rabobank eta Davitamon-Lotto).

Trumoi hotsa, beraz, ziurra da, baina erauntsia ere bai? Trumoia lehorra izaten baita batzuetan. Gaur eguerdian giro beroa izango da Kanbon. Ez eguraldiagatik, tropeleko kideen urduritasuna eta tentsioagatik, baizik. Eraso festa berehala hasiko dela ziurra da, eta Euskal Herria ezagutzen duenak badaki Ipar Euskal Herriko muinoetan kemena eta grina behar dela ihes egiteko. Litekeena da ihesaldi horretan txirrindulari ezagunak sartzea. Agian taldeko liderra ez, baina bai liderrentzat arriskutsua izan daitekeen norbait. Paolo Savoldelli edo Iaroslav Popovitx, Eddy Mazzoleni edo Michael Rogers, Oscar Pereiro, Iban Mayo bera, Michael Rasmussen...

Tourra Euskal Herritik, Lapurditik abiatuko da gaur, eta hori motibazio berezia izango da liderrak ez diren euskal txirrindulari askorentzat. Multzo horretakoak dira Xabier Zandio eta Egoi Martinez nafarrak, Mikel Astarloza pasaitarra, edota Iñigo Landaluze bizkaitarra. Hirukote horrek, eta tankerako beste txirrindulariek, minutuak pilatu eta etapa garaipena bilatzeaz gain, postu hobeagoa lor dezakete sailkapen nagusian.

Eta faboritoak zer? Mugituko al dira? Discovery Channel eta T-Mobile taldeek dute giltza. Landis atzeratzea dute helburu, eta erasora jo beharko lukete. Norekin saiatu badute, eta saiatuko direla ziurra da. Popovitx eta Hincapie erlojupeko txarra ahazten saiatuko dira. Hontxarren jardunaz arrasto gutxi dago, eta Klodenen izena aurkari denen ahotan dabil. Fin-fin ikusi omen dute alemaniarra. 2004. urtean Kloden bera izan zen Lance Armstrong handia gehien estutu zuena, eta aurten mendian gora indartsuena bera balitz, inor gutxi harrituko litzateke. Errusiako bikote bat ere badabil, dantzan, sailkapeneko goialdean. Itxuraz, Vladimir Karpets ez da hain hautagai sendoa, egiten ari da oraindik, baina Denis Mentxovek bosgarren Tourra du dagoeneko. 28 urte ditu, hiru asteko itzuli bat irabazi du (iazko Vuelta), eta bere kirol ibilbideko aukera onena izan liteke. Igotzaile ona da errusiarra, eta erlojupekoan oso txukun aritu zen. Cadel Evans ere gertutik zaindu beharko da, iaz zortzigarren postuan bukatu baitzuen Tourra.

GAURKOA, ARRISKUTSUA. Pirinioak gaur hasten dira, ez bihar. Biharko etapa gogorragoa da, bai, baina horrek ez du esan nahi gaurkoa aintzat hartu behar ez denik. Soudet helmugatik 90 kilometrora dago, eta Marie Blanque gaina 42ra, baina mendiko lehen etapa den neurrian, arriskutsua da oso. Tourra Donostiatik irten zen urtean, 1992an, Marie Blanque igo zen, eta askok Pirinioak ez zirela pasatzen esan zuten. Miguel Indurainek izan ezik. Hark ondo ezagutzen zuen Marie Blanque, eta triskantza handi samarra izan zen urte hartan mendate horretan.

Txirrindulariek etapa hasi eta berehala sentituko dute mina zango sagarretan, Heletara igotzen. Askok Pauera iritsi arte jasango dute mina, batez ere Euskal Herriko orografia ezagutzen ez dutenek. Ezagutzen dutenek ere bai, baina horren jakitun diren heinean, gutxiago sufrituko dute. Gorabehera etengabea da, eta Oskitx gainean gora areagotu egingo da zigorra. Zuberoan ziztu bizian sartuko dira, aldapa behera, baina handik aurrera, gorantz izango da dena, edo ia dena.

Suabe, aurrena, Ligiraino. Tenteago ondoren, Santa Graziraino. %2,3 aurrena, %4,3 herrira iritsi aurretik. Hango kolegiata ezaguna pasata hasten da Soudet. Mendate gogorra da, itoa, eta zoru lakarrekoa, gurpila zorura itsatsita geratzen den horietakoa. 11 kilometro ditu aldapak, eta batez bestekoa %7,8koa. Gogorra dela ulertzeko, Alpe d'Huezen antzeko desnibela da. Azken bost kilometroetan pendiza %9,2koa da, batez beste. Hausteko apropos-aproposa.

Arette herrian bukatzen da jaitsiera luzea, eta 15 kilometroko zelaiaren ostean, Marie-Blanque hasiko da, Escot Herrian. Quebrantahuesos klasiko zikloturista egin dutenentzat amesgaiztoa da Marie Blanque, Tourreko tropelarentzat aldapa gogorra. Igoera erraza da lehen sei kilometroetan, baina azken laurak... Lau kilometrok bakarrik ematen diote sona Marie Blanque mendateari, baina merezita. %11ko desnibela du, batez beste, tarte horrek, eta lauzpabost bihurgune besterik ez. Erakutsi egiten du bere gogortasuna Marie Blanquek, eta horrek bere zailtasuna handitzen du.

TOURMALET, ETAPA HASIERAN. Biharko etapa luzeagoa da, mendate gehiago ditu, eta Pirinioetako bigarrena den heinean, garrantzitsuagoa izan liteke Tourraren bilakaeran. Etapako lehen hiru laurdenak ikusgarriak dira, eta azken laurdena, lotsatzeko modukoa. Pla de Beret plater handian igotzen den autobia da, eta ez du merezi Pirinioetako etapa nagusiko bukaera izatea.

Zorionez, oso litekeena da tropela hautsita iristea Aran bailarara, Kataluniara, eta Pla de Bereten etapa garailea bakarrik erabakitzea. Tourmalet, Aspin eta Peyresourde mendate mitikoak igoko dituzte bata bestearen atzetik, eta Luchondik gora, Portillon pikoa (8 kilometro eta %8ko batez besteko desnibela).

Estrategia lantzeko etapa aproposa da, baina arriskuak onura handia edo sekulako galera ekar dezake. Behin Tourmaleten gora hasita, ez dago errekuperaziorako tarterik. Bakarkako ihesaldi bat egitea erokeria handi samarra izan liteke, Pla de Beret mendatea igotzen hasi aurretik 25 kilometroko sasi ordeka bat dagoelako. Faboritoen taldeak aurretik taldeko txirrindulariren bat sartzen ahaleginduko dira. Oilarrek erasotzekotan, ordea, lehenago jo behar dute, Peyresourden edo Portillonen. Ondoren alferrikakoa izan liteke.

Esan dena baino arrisku handiagoa du gaurko etapak; Soudet eta Marie Blanque tenteak dira oso

Tourmalet da bihar igoko duten lehen mendatea, eta borroka baldin badago, triskantza handia izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.