Ongi ezagutzen dutenen esanetan, Hushovd bera baino osoagoa izango dela -edo dela- diote. Rudsbygdekoa, Lillehammer-han jokatu ziren Neguko Olinpiar Jokoak, 1994an- ondokoa izanda, Boassonek eskiatu egiten zuen umetan; iraupen eskia, hain zuzen. Baina udan, eguraldia lagun, bizikletan ere ibiltzen zen giharrak sendotzeko. 15 urte bete zituenean, ordea, barne-barneraino sartuta zeukan txirrindularitzaren harra, eta hori elikatzen jarraitu zuen.
Eta emaitzak azkar lortu zituen. Orain hiru urte, esaterako, bera izan zen 23 urtez azpikoen mailan garaipen gehien lortu zuena. Urtez urte bere dohainak findu ditu, eta iaz, adibidez, Nazioarteko Kriteriumeko hirugarren etapa, erlojupekoa, irabazi zuen. Hortaz, esprintetan bezala, bakarkako saioetan ere moldatzen da.
Klasikozale handia izan daitekeela diote, era berean. Atzo, ordea, argi ibili zelako irabazi zuen. 200. kilometroraino Bartosz Huzarski (ISD), Mauro Facci (Quick Step), Serguei Klimov (Katusha) eta Vladimir Isaitxev (Xacobeo) ibili ziren ihesean. Hain justu, Chiavennarantz egin beharreko jaitsiera luzea -37 kilometro- hasi behar zutenean irentsi zuen tropelak ihesaldia.
Eta euripean, bihurgune itxiz jositako errepidean, Alessandro Bertolinik (Diquigiovanni) jo zuen; Giroko txirrindularirik zaharrenak, alegia. Faboritoak ez ziren arriskatu, eta tentuz, lasaiegin zuten jaitsiera. Esprinterren taldeak ere ez ziren mugitu, eta, hala, Liquigasek hartu zuen tropelaren burua, Ivan Basso babesean eramateko. Baina mugitu ziren Pavel Brutt (Katusha), Davide Vigano (Fuji-Servetto), Robert Hunter (Barloworld) eta Boasson bera, Bertolini harrapatu, eta euren artean jokatu esprinta. Norvegiarra izan zen azkarrena, nabarmen gainera, bezperako saioko bigarren postua hobetuta. Denboraldiko bigarren garaipena, Gante-Wevelgem klasikoan lortutakoaren ondoren.
Zortzigarren etapa jokatuko da gaur, eta bihurriak dira azkenekokilometroak. Galloko gaina igoko dute aurrena -sei kilometro eta %7ko batez bestekoa-, eta Bergamon bertan, berriz, Colle Aperto muino ezaguna, helmugarako lau kilometro eskas falta direla.
Sailkapenak
ZAZPIGARREN ETAPA1. Edvald Boasson (Columbia) 5.56.53
2. Robert Hunter (Barloworld) d.b.
3. Pavel Brutt (Katusha) d.b.
4. Davide Vigano (Fuji-Servetto) d.b.
5. A. Bertolini (Diquigiovanni) d.b.
7. M. Goss (Team Saxo Bank) 40ra
81. Pedro Horrillo (Rabobank) d.b.
109. Iban Maioz (Xacobeo) d.b.
127. Iker Camaño (Fuji-Servetto) d.b.
164. David Lopez (Caisse) 5.50era
NAGUSIA
1. Danilo di Luca (LPR) 28.08.48
2. T. Lovkvist (Columbia) 5era
3. Michael Rogers (Columbia) 36ra
4. Levi Leipheimer (Astana) 43ra
5. Denis Mentxov (Rabobank) 50era
6. Ivan Basso (Liquigas) 1.06ra
66. David Lopez (Caisse) 19.58ra
69. Iker Camaño (Fuji) 20.28ra
80. Iban Maioz (Xacobeo) 24.07ra
166. P. Horrillo (Rabobank) 58.58ra