TXIRRINDULARITZA. Haizea sobera, baina arnasa falta

Mont Ventoux Proventzako mendate mitiko eta bereziak zehaztuko du gaur aurtengo Frantziako Tourreko podiuma

unai zubeldia
2009ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Itsasoan egarria, elurretan beroa eta eguzkitan hotza edukitzearen parekoa izan behar du haizetearen erdian arnasa falta nabaritzeak. Mont Ventoux. Mendi haizetsua -320 kilometro orduko abiadura ere neurtu izan dute bertan-. Hori izango da Tourreko epailea, lehen 19 etapetako lehen bi epaiak argi samarrak izan diren arren. Alberto Contador eta Andy Schleck. Oker ikaragarririk ezean, horiek igoko dira bihar Parisko podiumeko lehen bi kosketara. Hirugarren laguna falta zaie. Taldekidea den etsaia, pistako espezialista zen igotzaile fina, taldekide umila edo anaia. Lauretako bat. Mont Ventouxko haizetearen erdian arnasa falta nabaritzen duena, akabo. Ilargiraino igo beharra dago Parisera iristeko. Ilargi itxura baitauka Mont Ventouxek azken kilometroetan. Amaiera itogarria da oso.

Mont Ventouxek ez du iaz Alpe d'Huezek egin zuen erdirik egingo -Carlos Sastrek han irabazi zuen Tourra, behe-behetik erasoa jota-, baina Lance Armstrong (Astana), Bradley Wiggins (Garmin-Slipstream), Andreas Kloeden (Astana) eta Frank Schleck (Saxo Bank) ilargira begira egongo dira dagoeneko. Parisko podiumeko hirugarren koska ikusten da han goitik. Azken opari eta guzti aurkeztu zuten bere garaian 2009ko Frantziako Tourra, eta bi indartsuenak zein diren argi asko dagoen arren, oilar saltsa handia espero da gaur Montelimartik ilargira bidean (167 kilometro). 1.912 metro. 21,1 kilometro. %7,6ko batez besteko aldapa. Gogorra, mitikoa eta haizetsua. Horrelakoa da Tourraren azken oparia.

Tourreko azken-aurreko etapa dela eta txirrindulariak aurretik 145 kilometroko berotua hartuta iritsiko direla kontuan hartuta, beldurgarria da Mont Ventouxen menuari begira jartzea. Bedoin herritik gora, lehen bost kilometroetan mendate etzana da oso Proventzako erraldoia, %6koa baita mahastiz inguratutako tarte horretan dagoen pendizik handiena. Baina Saint-Estevetik gora kilometro bakarreko atseden txiki bat besterik ez dauka Mont Ventouxek, 16. kilometroan (%5,5eko batez besteko aldapa dago hor). %10ekoa da seigarren kilometro horretatik (529 metro) helmugara arteko (1.912 metro) batez bestekoa. Eta zailtasunaren erakusgarri, ordubete eta ordu eta erdi arteko muturreko ahalegina egin beharko dute txirrindulariek-Iban Mayok dauka markarik onena. 2004ko Dauphine Libere lasterketan 55.51 minutuan igo zuen bizkaitarrak-.

Azken zatian, desertua

Bere txarrean, Saint-Estevetik gorako lehen bederatzi kilometroetako baso itxiak arnasa pixka bat hartzeko aukera emango die txirrindulariei. Baina Reynard txaletean amaitzen da baso babes hori (1.419 metro). Azken zazpi kilometroetan desertua dago. Zer esan nahi duen horrek? Haize indartsua, eguzki beroa, itzalik eza eta itolarria. Aldapa, izatez, samurragoa da tarte horretan (%6-7ko batez bestekoa), baina haizeak erabat baldintzatzen du txirrindularien lana. Aurkariaren gurpila paradisuaren parekoa da helmugara bidean, eta zentzuz jo beharra dago erasoa.

Azken bi kilometroetan, berriz, lanak amaituta daudela pentsatzearekin batera, %9,5etik gora pikotzen da berriz ere malda. Eta %12ko batez besteko aldapatzarra da Tourreko azken-aurreko etapako azken mendateko azken metroetako oparia. Merezi du, ordea, hanka zuztarretako minari eustea. Han goitik Parisko podiuma ikusten baita.

Baina igoeraren gogortasunaz gain, Frantziako Tourrean orain arte 13 aldiz soilik igo izanak ere ematen dio halako mitikotasuna Mont Ventouxi -zazpi aldiz soilik amaitu da etapa bat goian-. 1951n igo zuten lehen aldiz, Malaucenetik -ordutik Bedoindik gora igo izan dute beti-, eta Apo Lazarides frantziarra igaro zen lehen postuan, baina ondoren Louison Bobet frantziarrak irabazi zuen etapa. Momenturik gogorrena, berriz, 1967ko uztailaren 13an izan zuen Tourrak Mont Ventouxen, helmugara iristeko kilometro pasatxo falta zela zerraldo erori eta bertan hil baitzen Tom Simpson britainiarra. Azkenekoz 2002an iritsi zen Tourra bertara, eta Richard Virenque frantziarrak irabazi zuen etapa, Lance Armstrongen aurretik.



Mont Ventoux

LEHENAK GAILURREAN

1951. Apo Lazarides (Frantzia).

1952. Jean Robic (Frantzia).

1955. Louison Bobet (Frantzia) .

1958. Charly Gaul (Luxenburgo).

1965. Raymond Poulidor (Frantzia).

1967. Julio Jimenez (Espainia).

1970. Eddy Merckx (Belgika).

1972. Bernard Thevenet (Frantzia).

1974. Enrique Aja (Espainia).

1987. Jean-François Bernard (Frantzia).

1994. Eros Poli (Italia).

2000. Marco Pantani (Italia).

2002. Richard Virenque (Frantzia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.