Hasiera batean Contador da lasterketa irabazteko faborito nagusia. Denboraldian erakutsitako sasoiagatik eta hiru itzuli handietan nagusitu delako jada, 26 urte besterik ez dauzkan arren. Baina Tourrak dituen 21 etapei aurre egin behar zaie; 3.500 kilometroei; mendiei, etapa lauei, erlojupekoei, bidean sor daitezkeen arazoei... Denetik dauka aurtengo Tourrak, baina, agian, ez da hain menditsua. Bai, baditu mendiko etapak, zazpi guztira, baina horietako bat bera ere ez da, hasiera batean, behintzat, beldur-beldurgarria.
Zazpigarren etapan igoko dituzte aurreneko mendate serioak. Saio horretara heldu bitarteko saioak, berriz, lauak dira, eta tartean dago taldekako erlojupekoa. Haimar Zubeldiak (Astana) esan du etapa horretan aldeak ez direla handiegiak izango. «Ez dauzka zuzengune luze-luzeak. Beraz, ez dut uste inork abantaila handiegirik lortuko duenik». Laugarrena izango da, Montpellierren hasi eta bukatuko dena, 39 kilometrokoa.
Esprinterrek, aldiz, luzitzeko aukera edukiko dute aurreko bi egunetan, baita ondorengo bietan ere, Bartzelonan bukatuko den etapako azken kilometroak bihurri samarrak diren arren. Eta esprinterren artean Mark Cavendish (Columbia) nabarmendu behar da. Oscar Freire (Rabobank) ere hor dago, Daniele Bennati (Liquigas) bezala. Eta Tyler Farrarrek (Garmin), Koldo Fernandez de Larrea (Euskaltel-Euskadi) arabarrak edo Gerald Ciolekek (Milram) puntakoenen pare ibili nahi dutela erakutsi nahi dute. Tom Boonen (Quick Step) ere onenekin lehiatuko da, Kirola Arbitratzeko Frantziako Auzitegiak baimena eman baitio. Flandriarrak joan den apirilean kokainarekin positibo eman zuen, baina lehiaketaz kanpo izan zenez, lehiatzeko baimena jaso du.
Gatzik gabeko Pirinioak
Behin Bartzelona atzean utzita, Tourrak Andorrarantz joko du, eta han, Ordino-Arcalisen bukatuko da mendiko lehen etapa. Saioa luzea da, 224 kilometrokoa, baina Arcalis ez da mendate gogorregia. Pirinioetako ondorengo bi etapek ere ez dituzte, hasiera batean, gauza gehiegi erabakiko. Zortzigarrenean Agnes lehen mailakoa igoko dute, baina helmugatik urrun dago, 40 bat kilometrora; eta hurrengo egunean bai, Aspin eta Tourmalet, baina tontorretik 70 bat kilometro geratuko zaizkie Tarbesko helmuga harrapatu bitartean. Hortaz, aurten Pirinioei gatza falta zaiela esan daiteke.
Pirinioak eta Alpeak bost etapatan lotuko dituzte, eta horietako bat, 13.a, Vittel eta Colmar artekoa, arriskutsua izan daiteke. Izan ere, Vosgoetako mendikatean barrena ibiliko dira, eta bigarren mailako hiru mendate eta lehen mailako bat igoko dituzte.
Baina Alpeak Verbierren amaituko den etapan hasiko dira, Suitzan. Zortzi kilometroko gaina da, eta batez besteko %7,5eko pendiza du. Hurrengo egunean, berriz, Suitzatik atera eta Italia iragan ondoren, Bourg Saint Mauricera, Frantziara helduko dira atzera. Eta tartean, Grand Saint Bernard (2.473 metro) eta Petit Saint Bernard(2.188 metro) mendate luze-luze bezain etzanak.
Tourreko etapa nagusia, baina, hurrengoa da. Lehen mailako lau mendate igoko dituzte, eta azkeneko biak, Romme eta Colombiere, Le Grand Bornandera jaitsi aurretik, gogorrak dira: bederatzi bat kilometrokoak eta %8,5 inguruko batez besteko pendiza dutenak. Serioak, hortaz.
Serioa, era berean, Annecyko erlojupekoa izango da, 40 kilometrokoa, eta zer esanik ez Mont Ventouxera ailegaera, azken-aurreko etapan. Han erabakiko da Tourra, Provenzako Erraldoiaren malda latzetan. Faboritoak prest daude, gogotsu, ibilbidea erakargarria da, beraz... Has dadila Tourra!
Faboritoak
Alberto ContadorAstana, 26 urte
Egun tropelean dagoen igotzailerik onena da espainiarra, eta erlojupekoetan, gainera, gora egin du nabarmen, azkenaldian ikusi den bezala. Hiru itzuli handiak irabazitakoa, txirrindulari fidagarria da, eta irabazteko hautagai nagusia, bere talde barruan sor daitekeen giroari eta presioari aurre egiten baldin badio.
Carlos Sastre
Cervelo, 34 urte
Iazko garailea da, eta horrek zerbait esan nahi du. Gainera, aurtengo Giroan sasoiko jarraitzen duela erakutsi du, bi etapa irabazita eta nagusian laugarren izanda. Corsa Rosa-n egindako esfortzutik errekuperatu baldin bada, hautagai sendoa da. Batik-bat, oso erregularra eta esperientzia handiko txirrindularia delako. Beti bezala, zuhur mintzatu da Tourraren atarian.
Cadel Evans
Silence-Lotto, 32 urte
Bigarren sailkatu da azkeneko bi Tourretan, eta beti hor dago lehian; txirrindulari fidagarria dela, alegia. Dauphine Liberen ez zen nagusitu Alejandro Valverderen indarrak ez zituelako ondo kalkulatu. Baina sasoiko, sasoikoegi agian, zegoela erakutsi zuen, erasokor jokatuta. Espezialista da erlojupekoetan, eta mendian zaila da bera atzean uztea.
Denis Mentxov
Rabobank, 31 urte
Tourrarekin obsesionatuta egon da beti, baina irabazi, irabazi, Giroa irabazi du aurten; erakustaldia emanda, gainera. Horrek konfiantza handia eman dio errusiarrari, eta esfortzutik errekuperatu baldin bada, muturrean ibiliko da. Gainera, ibilbidea, mendi tente-tenterik gabe, egokia da harentzat. Halere, Tourrean sekula ez da nabarmendu.
Lance Armstrong
Astana, 37 urte
Inoiz Tour gehien irabazi dituen txirrindularia da: zazpi guztira. Lau urte lehiatu gabe pasatu ondoren, itzuli egin da. Giroan, sasoiko egon ez arren, 12. izan zen, eta gorantz egin zuen etapak jokatu ahala. «Tourra irabazteada nire intentzioa», esan berri du estatubatuarrak. Baina Contadorri laguntzeko prest dago, bera baino gehiago dela ikusten baldin badu.