TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Askatu du korapiloa

Andre Greipel alemaniarrak (Columbia) nagusitasunez irabazi du Italiako Giroko 18. etapa, esprint azkar eta garbian

unai zubeldia
2010eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Korapilo handia zeukan Andre Greipelek (Columbia) Italiako Giroan. Tripan zeukan korapilorik handiena, Giroaren atarian tripako minez ibili zelako, eta horrek erabat ahulduta utzi zuelako. Berehala antzeman zitzaion hori. Lehen esprintean, Utrecht-en (Herbehereak), laugarren sailkatu zen; bigarren esprintean, Middelburgen (Herbehereak), seigarren; Cava de Tirrenin (Italia), hemeretzigarren; Bitonton (Italia), zazpigarren... Korapilo handia sortzen du horrek esprinter handi baten gorputzean. Mark Cavendish taldekideak -baina aurkaririk handienetakoak-, tarte horretan, beste garaipen bat pilatu zuen ordurako oparoa zen garaipen uztan. Eta horrek alemaniarraren korapiloa gaiztotu besterik ez zuen egin.

Baina azken etapetan sufritzen jakin du Greipelek. Atzoko esprinta buruan zeukala igo ditu Monte Grappa, Zoncolan, Plan de Corones, Passo delle Palade, Peio Terme eta gainerako mendateak. Ez zegoen lasai. Korapiloa askatu nahi zuen. Eta askatu du. Nola askatu, gainera! Atzo egun guztian txukun lan egin zuen Columbiak -Skyrekin batera-, Greipelen korapiloa askatzeko asmotan. Alan Marangonik (Colnago) eta Olivier Kaisenek (Omega Pharma-Lotto) ihes egin zuten 25. kilometroan, baina hiru minutuz azpiko aldea izan zuten une oro. Tropelak helmugara iristeko bi kilometro falta zirenean harrapatu zituen, Kaisen lehenengo eta Marangoni ondoren. Eta Columbiaren lan onari errematea eman zion gero taldeko esprinterrak. Inor ez zen gai izan alemaniarraren gurpilari jarraitzeko.

Greg Hendersoni (Sky) dotore prestatu zion taldeak esprinta, hiru txirrindularirekin, baina esprint azkarra eta garbia izan zen atzokoa. Eta horrelakoetan gutxitan huts egiten du Greipelek. Bi bizikletako aldea atera zion Julian Deani (Garmin), eta gerturatu ere ez zitzaizkion egin Tiziano Dall'Antonia (Liquigas), Henderson, Danilo Hondo (Lampre), Graeme Brown (Rabobank), Lucas Sebastian Haedo (Saxo) eta gainerakoak. Denboraldiko hamabigarren garaipena du dagoeneko alemaniarrak. Beste inork ez ditu irabazi hainbeste etapa. Bereziki gozoa izan zen, gainera, atzoko garaipena, 39 egun baitzeramatzan bi besoak altxatu gabe.

Bi eguneko zalaparta

Giroa bukatzen ari da, baina gogorrena geratzen zaio oraindik. Gaur, bihar eta etzi geratuko da zehaztuta podiuma. Gogor-gogorra da biharko etapa, Forcola di Livigno, Eira, Foscagno, Gavia (2.618 metro) eta Ponte di Legno Tonale igo beharko dituztelako. Hori bai, 4-6 metro arteko elur geruza dago pilatuta Gavian, eta biharko elurra dago iragarrita. Litekeena da, beraz, etapa aldatzea. Kasu horretan, Trivigno igoko lukete lehenengo, Aprica gero, Mortirolo ondoren -ipar-mendebaldetik, inoiz igo gabeko aldetik-, eta Ponte di Legno Tonale azkenik. Aurretik, ordea, etapa zaila dute gaur. Aprica, Trivigno, Mortirolo eta Aprica igo beharko dituzte. Etzi erlojupeko zaila izango dute Veronan.



Sailkapena

HEMEZORTZIGARREN ETAPA

1. Andre Greipel (Columbia) 3.14.59

2. Julian Dean (Garmin) d.b.

3. Tiziano Dall'Antonia (Liquigas) d.b.

4. Greg Henderson (Sky) d.b.

5. Danilo Hondo (Lampre) d.b.

6. Graeme Brown (Rabobank) d.b.

7. Lucas Sebastian Haedo (Saxo) d.b.

8. Michiel Elijzen (Lotto) d.b.

9. Fabio Sabatini (Liquigas) d.b.

18. David Arroyo (Caisse) d.b.

61. Iban Maioz (Footon) d.b.

95. Xabier Zandio (Caisse) d.b.

NAGUSIA

1. David Arroyo (Caisse) 76.26.37

2. Ivan Basso (Liquigas) 2.27ra

3. Richie Porte (Saxo Bank) 2.44ra

4. Cadel Evans (BMC) 3.09ra

5. Carlos Sastre (Cervelo) 4.41era

6. Vincenzo Nibali (Liquigas) 4.53ra

7. Aleksandr Vinokurov (Astana) 5.12ra

8. Michele Scarponi (Androni) 5.24ra

9. Aleksandr Vinokurov (Astana) 5.12ra

10. Michele Scarponi (Androni) 5.24ra

28. Iban Maioz (Footon) 38.00ra

70. Xabier Zandio (Caisse) 1.47.38ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.