TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Batek sei, besteek jai

Aurreko garaipenetan baino estuago, eta taldeko bideratzailerik gabe nagusitu da berriro Petacchi

Andoni Urbistondo.
2004ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Betikoa. Berriz ere. Beste behingoz. Aldaketarik ez Giroan. Alessandro Petacchik seigarren etapa irabazi zuen. Kronikaren kontakizunari bizitasun apur bat ematearren, egunero kontu berdinak ez errepikatzearren, Petacchiren atzoko garaipena aurrekoak baino estuagoa izan zela esan daiteke. Petacchik, halere, argi irabazi zion McEweni. Bizikleta bateko aldea atera zion, gutxienez, eta hori asko da esprint batean, batek besteari kentzen diona neurtzeko gurpilaren tamaina erabiltzen baita erreferentziatzat. Petacchik helmugako marra zeharkatu arte astindu zituen pedalak, behartu giharrak. Aurreko garaipenetan helmuga baino lehenago jaso ditu eskuak. Atzo helmuga ondo igaro eta gero jaso zituen.

Horren zergatia zehaztea zaila da, baina arrazoiak bi izan daitezke. McEwen australiarra, Giroa etapak osatzen doan heinean, sasoi puntu ona lortzen ari dela litzateke lehena. Bigarrena, Fassa Bortolo ez dagoela lehen astean bezain indartsu eta Marco Velo bideratzailea larri antzean ikusten dela dagoeneko.Fassa Bortolo taldekoei nekea antzematen zaie. Normala ere bada, 12 etapetatik zazpitan eurek gidatu baitute tropela, eurek prestatu esprinta Petacchirentzat, eta horrek nekea eragiten du. Denak Fassakoek zer egin begira geratzen dira, eta zama astunegia egiten zaie. Ihes doazenen jazarpena euren ardura da, eta lan hori ondo egin zuten atzo. Beste kontu bat da tropela lerratuta mantentzea azken kilometroetan, kontrario denei ipurdia erakustea, egun batean bai, eta hurrengoan ere bai.

Fassa Bortolo, larri

Asko dira Fassa Bortoloren kokapen ezinhobea eurentzat nahi duten taldeak: Lotto, Alessio, Vini Caldirola... Komeria dezente izan zituzten atzo (aurreko egunetan ere bai), Petacchiren taldekideek sarri galdu baitzuten tropelburua etapa bukaeran. Bradley McGee australiarrak (La Française des Jeux) kilometro inguru egin zuen buruan, eta Fassakoek hura gainditu ezinda jardun zuten. Petacchik, Marco Velo bideratzailearen ezina ikusita, McGeeren gurpilera itsatsi eta gero abiatu zuen esprinta.

Orpoz orpo egon ziren segundo batzuetan McEwen eta Petacchi, baina Petacchik munduko esprinter azkarrenarengandik espero den neurria eman eta eroso irabazi zuen. 71,2 kilometro orduko abiaduran egin zuten esprinta! Bi etapaero ba irabazten du Petacchik. Giroan 12 korritu dira eta sei irabazi. Lehiatu diren zortzi esprintetatik sei irabazi ditu, eta batean esprintetik kanpo geratu zen. Tamainako adibideak, mila. Ikusgarria!

-

Sailkapenak



12. ETAPA



1. A. Petacchi (Fassa) 4.48.122. Robbie McEwen (Lotto) d. b.3. Alexandre Usov (Pho.) d. b.4. Zoran Klemencic (Tenax) d. b.5. Olaf Pollack (Gerolst.) d. b.6. Albert Loddo (Saunier) d. b.7. Crescenzo D'Amore (A&S) d. b.8. Maxim Rudenko (Choc.) d. b.9. Andris Nauduzs (Domina) d. b.10. S. Cadamuro (De Nardi) d. b.34. J. Garate (Lampre) d. b.44. Patxi Vila (Lampre) d. b.92. I. Astarloa (Lampre) d. b.

NAGUSIA



1. D. Cunego (Saeco) 55.31.412. Gilberto Simoni (Saeco) 10era3. Franco Pellizotti (Alessio) 28ra4. Iaroslav Popovitx (Land.) 40ra5. Giuliano Figueras (Pana.) 52ra6. Stefano Garzelli (Vini) 1.15era7. Andrea Noe (Alessio) 1.17ra8. S. Hontxar (De Nardi) d. b.17. J. Garate (Lampre) 2.58ra21. Patxi Vila (Lampre) 3.28ra39. I. Astarloa (Lampre) 14.44ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.