rain 16 urteko ekainak 5. Igandea. Giroko 71. ekitaldiko 14. etapa jokoan: Chiesa Valmalenco-Bormio. 100 kilometro eta Apricaeta Passo Gavia (2.621 m.) mendateak bidean. 2004ko maiatzaren 27a. Giroko 87. ekitaldia. 17. etaparen bezpera: Cles Val di Non-Bormio 2000. 118 kilometro eta Tonale, Passo Gavia eta Bormio 2000 aldapak bidean. 16 urte luze daude egun batetik bestera, baina oroitzapenek fresko-fresko diraute txirrindulari zale askoren buruan. 1988ko jaiegun hartan Gavian gertatu zena ahaztezina delako. Gogorra, ikusgarria. Egun hori izango da, ziurrenik, zale askok ondoen, edo azkarren gogoratzen duten gertaera, belaunaldi baten mugarria izan zelako. Garaiko txirrindularitza aldizkari ezagunenak (Frantziako Sprint 2000), Un Giro façon Hitchcock lerroburua jarri zion Giroko ibilbidea aurkezten zuen erreportaiari: Hitchcocken modura egindako Giroa. Alegia, beldurgarria. Giroaren atarian zer gerta zitekeen zuten hizpide, baina gerta zitekeena baino askoz gehiago gertatu zen 14. etapa hartan.
«Johan Vandeveldek ihes egin zuen, eta 15-16 minutuko aldea lortu. Etapa korritu ez korritu eztabaidatzen zeuden tropelean, bai baitzekiten Gavian egoera gaiztoa zela, baina Vandevelde aurrean zen eta etapak bidea egin zuen». Manu Arrieta Reynolds eta Banesto taldeko laguntzailearen hitzak dira, Altzako (Donostia, Gipuzkoa) Kataliñene etxean esandakoak. Alboan du Manolo Arizkorreta zegamarra, lankidea 17 urtean. Biek gertu-gertutik ezagutzen dute zer gertatu zen egun hartan, Bormioko ailegaeran baitzeuden biak: «40 minutuko atzerapenarekin helmugaratu zen Vandevelde. Izugarria izan zen».Bisitatzeko modukoa da Manu Arrietak etxe ondoan duen museo txikia: «Hona etortzea nahi nuen, urtetan zer bildu dudan ikus zenezaten». Miguel Indurainek lortutako bost Tour eta bi Giroetako maillotak ditu zintzilikatuta txapeldun handiaren eskaintzekin, baita lehen Tourra irabazi zueneko bizikleta dotorea ere. Kreditazio txartelak ere ez dira gutxi, eta Joan Antoni Flecha kataluniarrak egindako oparia ere erakutsi digu: «Paris-Roubaixen iaz hautsitako gurpila da hau».
Gainean janztera geratu,eta izoztuta, ezinean
Elurra mara-mara ari zuen Passo Gaviako azken kilometroetan egun hartan, eta hozberoa baxua zen, zero gradutik beherakoa. Bide ertzetan ere metro erdiko elur horma zegoen pilatuta, eta tropelak artaldea zirudien, bildu-bilduta, hotzetik babesteko. «Gainean txirrindulari asko geratu egin ziren berokiak, zirak, eskularruak, lepokoak eta beste janztera, eta segundo horietan izoztuta geratu ziren denak, beherakoan gihar guztiak mugitu ezinda, dardarka, hotzikarekin... Erik Breukinkek eta Andrew Hampstenek igoerako azken metroetan jantzi zuten arropa, martxan, eta artean, bero zeudela hasi ziren jaisten. Txukunago jaitsi ziren», dio Arizkorretak.
Arrieta Bormioko hotelean zegoen, zain: «22 urte egin ditut lanean, eta inoiz ez dut ikusi han ikusi nuen panorama gogorra. Denei arropa kentzen, edari beroa ematen, ura bero-bero prestatu bainuontzian, gorputza bere onera ekartzen saiatzekoÉ sineskaitza». «Hura sekulako kaosa izan zen. Jendea negarrez iristen zen», zehazten du Arizkorretak. Jose Miguel Etxabarri kirol zuzendariarekin irratiz hitz egin eta hotela helmugatik 500 metrora zegoela esan zion, erraza zela bilatzeko, Gavia jaisten ari zirela. Erantzuna, hauxe: 'Pikutara hotela. Hartu eraman dezakezun arropa eta edari bero gehiena eta zain eta erne egon helmugan, hemen daukagun triskantza sineskaitza da-eta'.«Han joan nintzen dozena bat berokirekin eta ez dakit zenbat termorekin, helmugara. Txirrindulariak iristen hasi ziren, eta hura bizi izan dudan egoera krudelenetakoa izan da. Jaitsieran bideak nondik nora egiten zuen ez zutela ikusten esan zuten karreristek, errepidea non bukatu eta amildegia non hasi ez zela ikusten. Pentsa nola jaitsiko ziren! Giharrak zeharo blokeatuta zituzten», Arizkorretaren ahotan. Jaitsiera hasterako ere indarrez nahiko justu zihoazela gogoratu du Arrietak, «Gavia igotzeak edonor hustutzen baitu. Ikaratzeko modukoa izan zen. Hotelean nengoela taldeko hiru edo lau txirrindulari etxera joango zirela ziurtzat jotzen nuen. Araututako denboraz kanpo iritsi zirenei hurrengo etapan irteteko baimena eman zieten antolatzaileek, pentsa egoeraren larritasuna».
Egun hartako egoera bitxiei buruz galdetu, eta hiruzpalau bota dituzte bata bestearen atzetik. Arizkorreta hasi da: «Etapa bukatu eta Etxabarriri deitu nion, Javier Lukin nafarra helmugatik ez zela pasatu esateko: 'Nola ez dela pasatu?', Etxabarrik. Gutxira, Columbus taldeko kide batek Lukin Coca-Colako kamioian ikusi zuela esan zidan. Hara joan eta han ikusi nuen Lukin, manta batean bilduta, azafata batzuk ondoan zituela. Hura indarberrituta zegoen dagoeneko!»Melcior Maurirena ere ekarri dute mahaira. Negar batean iritsi omen zen, profesionaletan lehen urtea korritzen ari zen kataluniar gaztea. Pedro Delgado espainiarra ere minutu batzutan ezer edan ezinda egon omen zen, dardarka zegoelako. Dominique Arnouden ileordeaz hasi direnean barrez lehertzen hasi dira: «Frantzian ekoizten zuten ileorde berezi bat zeraman Arnoudek, eta arropa eranzten hasi ginenean, ileordea askatzen hasi zitzaion, eta 'ez, ileordea ez, ileordea ez', oihuka hasi zen. Orduan, egoera zena zen, baina algara ederrak egin ditugu ostera haren kontura», dio Arrietak.
Biharko etapa ikusteko irrikan daude biak
«Furgonetan igo genuen Gavia beste urte batean, eta beldurgarria da. 1988an gertatutakoak halako sona eman dio, baina mendate berezia da oso, errepide estu-estua duena. 88an azken 800 metroak asfaltatu gabe zeuden. Gora eta gora egiten da, eta ez da inoiz bukatzen. Goitik behera begiratzen hasten zara eta ikusgarria da Bormio behe-behean ikustea», dio Arizkorretak. Mendate ikusgarriak omen dira inguruko gehienak, Arrietaren ustez: «Stelvio, Marmolada, Mortirolo, Corvara, Selva di Val GardenaÉ Gaviako igoera ikusteko irrikan nago. 1988ko egoera errepikatuko balitz, etapa bertan behera geratuko litzateke, zalantza gabe, gainera. Lainoa baldin badago, ez dugu ikusiko».
Eguraldi eguzkitsua iragarri dute Bormion aurreikuspenek, Gavia mendatearen altzoan. Guk ere eguraldi ona nahi dugu biharko, eguraldi txarra edo elurra egiten badu, ez delako Gavia igoko, eta ikuskizun apartaz gozatu gabe geratuko garelako. Passo Gaviak, dena den, ez du eguraldi txarrik behar txirrindularitzako ikur bihurtzeko, berezkoa baitu kategoria hori. Orain 16 urteko bizipenak berritzeko beharra ere badugulako, eguzkia nahi dugu. Hitzordua, bihar, 16:00ak aldera. Gozatu!
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Belaunaldi baten mugarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu