TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Beldurgarriak

Iban Maioz.
2010eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Tropela jota dagoela ikusi dut gaur, eta datozen bi etapei beldur galanta diegula ere bai. Etapa hasieran bazeuden aldapa txiki batzuk, egurrean hasteko, baina inor ez da saiatu ihesaldia sortzen. Etsita bezala zeuden denak. Normalean su batean ibiltzen gara lehen kilometro horietan, baina jendea lehertuta dago. Inor ez da mugitu ere egin. Bi txirrindularik ihes egin dute gero, baina birekin ez dago inora joaterik, eta ez gara mugitu ere egin.

Egoera horri segika, soslaiei begiratzea nahikoa da hurrengo bi etapak beldurgarriak direla ikusteko. Aprica, Trivigno, Mortirolo eta Aprica berriz ere. Trivigno kenduta, beste bi mendateak ezagutzen ditut, orain lau urteko Giroan igo nituelako. Orduan Gavia geneukan aurretik. Mortirolo oso gogorra da, baina Trivigno ere bai. Ziurrenik dena hautsi egingo da hor, eta Mortirolon banaka-banaka joango gara denok, ziur. Liquigas saiatuko da zalaparta sortzen, tropela hausten. Basso bera, agian, ez da mugituko Trivignon, baina taldekideak aurrera bidaltzen saiatuko da. Trivignon bertan ez dut uste 25 txirrindulari baino gehiago pasatuko direnik aurrean.

Gaur eguraldi txarra eduki dugu, astebururako ere txarra dago iragarrita, eta kontuz horrekin. Trivigno eta Mortirolo ez ditugu berehalakoan igoko eguraldia txar-txarra bada. Edozer gauza gerta daiteke hurrengo bi etapetan. Oso gogorrak dira bi etapak, indarrik ez dago batere, eta ez da ezer askorik beharko sailkapena iraultzeko. Esan digute Gavia itxita egon dela aurreko egunetan, baina printzipioz igotzekoak gara. Ikusiko dugu.

Ez dakit zer gertatuko den etapa horretan, baina biharkoa baino are gogorragoa da, 2.000 metrotik gora komeriak izaten baitira. Eta, pentsa, 2.000 metrotik gorako lau mendate igo beharko ditugu. Arnasa hartzeko lanak, hanketako mina... Begira egoteko hobeak dira etapa hauek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.