Pirinioetan sekulako sona du Tourmaletek, eta Alpeetan, berriz, Galibierrek, adibidez. Uztaileko eguzkia lagun goxo eta gozo gisa hartuta, eta Tourraren handitasunak akuilatuta, milaka eta milaka pertsona biltzen dira mendatetzar horien errepide bazterretan, txirrindulari ilara luzea pasatzen ikusteko. Pirinioetako eta Alpeetako mendateek ez duten magia edo aura moduko bat dute, ordea, Dolomitak (Italia) mendikateko aldapek. Tenteagoak dira, ikusgarriagoak, etenik gabeko sufrikarioa txirrindulari saiatuentzat, eta paisaiari dagokionez, gainera, munduan ez dute parekorik. Ganbaran betiko ondo gordetzeko modukoak, alegia. Giroko hurrengo hiru etapak han jokatuko dira, hain zuzen. Eta txirrindularitza zaleen ganbaran gordeta daude, era berean, Giroaren historia garaikidean han izan diren momentu gogoangarriak.
Sekulako txakalaldiak, erakustaldi ahaztezinak, eraso bortitzak, txirrindularien herioa... Eta magia duen toki horretan, jarraitzaileen pasioa lekuko gisa. Gaur bertan iritsiko da Giroa bertara. Verona eta Alpe di Pampeago artean 195 kilometro bete beharko dituzte txirrindulariek, eta azkeneko 55ak ikaratzeko modukoak dira. Passo Manghenen hasiko da gurutzebidea. 20 kilometro pasatxokoa da. Aurreneko 12 kilometroak ez dira gogorregiak -%6ko pendiza du, batez beste-, baina gailurreraino geratzen direnak... Pendiza %10ekoa da une oro. Errepidea estua da eta 1990eko hamarkadaren erdialdean asfaltatu zuten. Ia igoera osoa baso itxi batean barna egiten da.
1999ko Giroan ere igaro zuten. Orduan Castelfrancotik abiatu zen etapa, 19.a, eta Alpe di Pampeagon amaitu zen; orduko eta gaurko azkeneko 55 kilometroak igual-igualak dira, beraz. Marco Pantani zena nagusitu zen orduan Alpe di Pampeagon. Erakustaldia eman zuen, besteak beste Roberto Heras, Ivan Gotti eta Gilberto Simoni igotzaileak atzean utzita. Bi egun geroago, baina, liderra zenean, garaipena eskura zuenean, lasterketatik kanporatu zuten, Madonna di Campliglion, hematokrito kopuru handiegia atzeman ziotelako ezusteko dopin kontrol batean.
Mendate itoa da Pampeago, gogaikarria, labur samarra izan arren. Zazpi kilometro pasatxo da luze, baina azkeneko bostetako -zuzengune bat, ia-ia- pendizaren batez bestekoa %12 ingurukoa da. Egin kontu, beraz. Errepidea ondo dago, eta aldapa gogorra, oso gogorra izan arren, ez da Dolomitetako beste mendate batzuk bezain ikusgarria; Manghen bezain ikusgarria, esaterako. 2003an igo zuten Pampeago azken aldiz, eta Gilberto Simoni nagusitu zen -gerora aise samar irabazi zuen Giroa-.
BIHAR, GIROKO ETAPARIK GOGORRENA. Alpe di Pampeagoko helmugara jota iritsiko direnek, baina, ez dute gorputzari buelta emateko denborarik edukiko. Bihar Giroko etapa nagusia Dolomitetako Tappone-an jokatuko baita. 153 kilometro, 4.500 metroko desnibela, Arabba eta Marmolada artean. Eta tartean sei mendate: Pordoi mitikoa hasi bezain pronto, San Pellegrino etzana, San Tomaso Agordino laburra, Giau beldugarria -txirrindulari askoren esanetan, lasterketako gogorrena-, Falzarego ederra, eta bukaera Marmoladan edo Passo Fedaian. Dolomitetako mendi altuenetakoa eta ikusgarrienetakoa da Marmolada berez -dena ikusgarri den tokian-, San Pellegrino eta Fassa haranen artean dagoena, baina, Passo Fedaiaren ondoan dagoenez, Passo Fedaiari Marmolada deitzen zaio.
Eta aurreneko aldiz bukatuko da Giroko etapa bat han goian, 2.054 metrora. Halere, Corsa Rosa dezentetan igaro da handik; aurrenekoz 1970ean, eta, azkenekoz, orain bi urte. 1991n, Franco Chiocciolik irabazitako Giro hartan, Marino Lejarreta podiuma zapaltzeko moduan zegoen. Mendiko azken etapa zen, eta San Pellegrino igaro ondoren, Pordoin amaitzekoa zen etapa. Bada, azken unean, etapari 30 kilometro kendu zizkioten antolatzaileek, eta San Pellegrino beharrean, Marmolada igaro zuen tropelak. Inoizko Giro onena egiten ari zen berriztarra, baina Marmoladan lehertu zen; hango maldek ito zuten, hango zuzengune tente-tente madarikatu horrek... Azkenean, Chiocciolirengandik sei minutu pasatxora heldu zen helmugara.
Abraham Olanok ere ederki sufritu zuen 1996ko Giroan. Bezperan, Marosticako erlojupekoan, segundo bakarrarengatik ez zuen maglia arrosa jantzi. Beraz, hurrengo egunean, Pordoira bidean, horretarako aukerarik ez zuela edukiko zirudien. Marmoladan gora Pavel Tonkovek ihes egin zuenean, are gutxiago. Baina anoetarra ez zen itsutu, berean jarraitu zuen; sufritzen, kastarekin pedalei eragiten. Lehertu zena Tonkov izan zen. Gainera, heldu baino lehenago harrapatu zuen anoetarrak, eta tarte batzuetan atzean utzi ere bai. Kilometro batzuk geroago, Pordoin, maglia arrosa jantzi zuen Olanok, egun bakarrerako izan bazen ere.
Marmoladan sufritutakoak, ordea, merezi izan zuen. Izan ere, sufritzeko mendate aproposa da. Capriletik igota, alde gogorrenetik -bihar ere hortik igoko dute-, aurreneko zazpi kilometroak ez dira tenteegiak. Malga Ciapelan, baina, bideak zerurako bidea hartzen duela dirudi. Ia hiru kilometro dira %12ko pendizarekin, amaierarik ez duela dirudien zuzengunean. Gero, azkeneko hiru kilometroetan, %10ekoa da pendiza, eta mendateak berak erakusten du gailurreraino heltzeko zenbat geratzen den.
Eta etzi San Vigilio di Marebbe herrixka idilikotik Plan de Coronesera egin beharreko 13 kilometroko kronoigoerak ere antzekoa behar du; hau da, gozamena zaleentzat eta sufrikarioa txirrindularientzat. Mendate berria da Plan de Corones edo Kronplatz. Orain bi urte igo behar zuten aurreneko aldiz, baina gaina erabat elurtuta zegoenez, kilometro batzuk beherago atondu zuten helmuga antolatzaileek, Passo Furcia ezagunean. Furcia ere mendate gaiztoa da, %9ko batez besteko pendiza duena, baina orain bi urte kendu zituzten bost kilometro horiek gogorragoak dira. Batetik, asfaltorik ez dagoelako -sterrato deitzen dioten zapaldutako lurraren gainean ibiliko dira txirrindulariak- eta, bestetik, aldapa tentetzen delako tarte horretan. Pare bat kilometro du %6an, baina gainontzean %11ren bueltan, eta %24ko paretaren batekin.
Dolomiten bihotzean egonda, ziur han gertatzen dena ere ganbaran ondo gordeko dela.
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Ganbaran gordetakoak
Dolomitetako mendate latzak igoko dituzte gaurtik astelehena bitartean; aldapa tenteak eta etenik gabeko sufrikarioa, paisaia ezin ederragoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu