TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Ideala zena hobetu du

Vincenzo Nibali modu bikainean nagusitu da: Monte Grappatik jaisten, 38 kilometro falta zirela, erasoa jo du, eta bakarrik iritsi da

Igor Susaeta.
2010eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Monte Grappak, aurtengo Giroko aurreneko igoera handiak, txikizioa eragin zuen atzo, hamalaugarren etapan (Ferrara-Asolo, 205 kilometro). Veneto eskualdeko mendateak (1.675 metro) garia eta lastoa bereizi zituen. %8ko batez besteko pendiza dauka, eta hemezortzi kilometroko luzera. Izugarria. Normala, hortaz, han aldeak egitea, tropela haustea eta onenak nabarmentzea. Ideala igotzaileentzat. Eta Liquigasek aldapa gora bikain moldatzen diren bi taldeburu dauzka: Vincenzo Nibali (Messina, Italia, 1984) eta Ivan Basso. Eta langile fin bat: Sylvester Szmyd. Poloniarrak lehen hautaketa egin zuen, eta taldeko bi liderretan gazteenak, Nibalik, eraso bortitza jo gainetik sei kilometrora. Bassok, Michele Scarponik (Androni) eta Cadel Evansek (BMC) bakarrik eutsi zioten. Besteak, atzetik. Urruti. Helmugara ere gainetik urrun: 40 kilometrora. Egoera ideala zen Liquigasentzat, baina Nibalik aurrera jo zuen aldapa behera, eta egoera hori hobetu zuen ihes eginda irabazita. Bikaina.

David Arroyo (Caisse d'Epargne), berriz, Carlos Sastre (Cervelo), Bradley Wiggins (Sky), Damiano Cunego (Lampre) eta enparauen hamarreko taldetxoan helmugaratu zen, 2.25eko atzerapenarekin. Halere, espainiarra da lasterketako lider berria. Izan ere, Richie Portek (Saxo Bank), azken hiru egunetan maglia arrosa jantzi duen txirrindulari australiarrak, lau minutu eta 46 segundo galdu zituen Asolon, Monte Grappako aldapetan nahiko azkar geratu baitzen atzean.

Halere, normala zen hori gertatzea. Eta, beharbada, Nibalik aldapa behera erasoa jotzea ere normaltzat har daiteke. Arriskutsua zen jaitsiera, luzea, teknikoa, eta zorua, gainera, irristakor zegoen, tanta batzuk erori zirelako. Poggion behera ere jaitsiera sigi-sagatsuetan abila dela erakutsi zuen txirrindulari siziliarrak aurtengo Milan-San Remon.

Liquigaseko zuzendariak, ordea, bi aukera zituen: Nibaliri geldi egoteko agindu -Basso jaisten trebea ez dela jakinda- eta zintzo lan eginez Scarponirekin eta Evansekin batera helmugaraino heltzea erabaki, edo Nibali aurrera bidaltzea. Sailkapen nagusiari begira antzeko ondorioak eduki zitzakeen bigarren hautuak, baina agian baliagarriagoa izan zitekeen etapa irabazteko, eta txirrindularitza zaleak gozarazteko. Izan ere, harrigarria izan zen Nibalik egindakoa. Berez ez zen Giroa korritzekoa, Frantziako Tourra prestatu nahi zuen ondo -iaz zazpigarren izan zen-, baina Franco Pellizotti taldekidearen pasaporte biologikoaren datuak fidagarriegiak ez zirenez, Corsa Rosa-rako deitu zuten. Lider izan zen bosgarren etapatik zazpigarrenera, baina Montalcinon, lokatzetan, kolpea hartu zuen. Lehendabizikoa. Bigarrena, berriz, pasa den asteazkenean, L'Aquilan.

Altxatu da, ordea, eta beharbada Giroko txirrindularirik indartsuena dela erakutsi. Aldapa gora hark hautsi zuen, aldapa behera zer esanik ez, eta ordekan egin beharreko azkeneko hamar kilometroetan apenas jan zion alderik atzeko hirukoteak -bikotea esan beharko, Bassok, normala den bezala, ez baitzuen lanik egin-. Jauzia egin du nagusian, eta faboritoen artean bera dago Sastrerengandik, adibidez, gertuen. Scarponik, Bassok eta Evansek ere aldeak txikitu dituzte. Aleksandr Vinokurovek (Astana), aldiz, ezin izan zien aldapa gora onenei jarraitu, baina amorratuta, beherakoan jo zuen. Goratzekoa haren jarrera. Gaur aldeak egiteko beste aukera bat daukate: Zoncolanen bukatuko da etapa, hango aldapa ezin pikoagoetan.



Sailkapenak

HAMALAUGARREN ETAPA

1. Vincenzo Nibali (Liquigas) 4.57.51

2. Ivan Basso (Liquigas) 23ra

3. Michele Scarponi (Androni) d.b.

4. Cadel Evans (BMC) d.b.

5. Aleksandr Vinokurov (Astana) 1.34ra

6. Branislau Samoilau (Quick)2.25era

7. Bauke Mollema (Rabobank) d.b.

8. Damiano Cunego (Lampre) d.b.

9. Linus Gerdemann (Milram) d.b.

24. Richie Porte (Saxo Bank) 4.46ra

48. Xabier Zandio (Caise) 13.17ra

76. Iban Maioz (Footon) 18.50era

NAGUSIA

1. David Arroyo (Caisse) 61.22.54ra

2. Richie Porte (Saxo Bank) 39ra

3. Xavier Tondo (Cervelo) 1.56ra

4. Robert Kiserlovski (Liquigas) 2.25era

5. Linus Gerdemann (Milram) 3.52ra

6. Carlos Sastre (Cervelo) 5.27ra

7. Bradley Wiggins (Sky) 6.32ra

8. Vincenzo Nibali (Liquigas) 6.51ra

9. Aleksandr Vinokurov (Astana) 7.15era

10. Cadel Evans (Liquigas) 7.26ra

26. Iban Maioz (Footon) 23.21era

84. Xabier Zandio (Caisse) 1.35.25era
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.