TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Lazorik gabeko oparia
Riccardo Ricco gazteak Leonardo Piepoli zaharraren lana baliatu du beste etapa bat irabazteko
IGOR SUSAETA
Leonardo Piepolik (Saunier Duval) sekulako Giroa egin zuen iaz. Aldapa gora onena izan zenez, mendiko sailkapeneko maillot berdea jantzi zuen Milanen. Lehenago, baina, Nostra Signora Della Guardiako helmugan nagusitu zen, eta beste bi etapa garaipen oparitu zizkien taldekide Riccardo Riccori eta Gilberto Simoniri; lazo eta guzti. Aurrenekoari Tre Cime di Lavaredon, etapa nagusian, eta bigarrenari, berriz, Zoncolan beldurgarrian. Bietan, garaileari eskua emanda sartu zen Piepoli zaharra. Hori gutxi balitz bezala, Oropara egindako kronoigoeran bigarren izan zen Marzio Bruseghinen (Lampre) atzetik. Erakustaldia eman zuen, eta bi opari egin zituen, lazo eta guzti. Atzo ere etapa garaipena oparitu zion, ia-ia, Riccori. Lazorik gabeko oparia izan zen, ordea. Goranzko joera zuten azkeneko bi kilometroetan erritmo bizi-bizia jarri zuen, tropela banakako iladan jarri, eta faboritoen hauspoa ondo berotu ondoren, lazorik gabeko oparia eman zion Ricco taldekideari. Eta horrek gustura asko ireki zuen. Joan den igandean Agrigenton lortutakoaren ondoren, bigarren garaipena du Riccok, zein Giroa irabazteko hautagai nagusietako bat den.
Agrigenton ez bezala, ordea, Paolo Bettini ere (Quick Step) sartu zen esprintean. Munduko txapeldunarentzat bigarren etapakoa baino egokiagoa zen atzoko ailegaera -ez zen hain tentea-, eta haren taldeak ere gogotik lan egin zuen. Batetik, eguneko ihesaldia harrapatzeko, eta bestetik, konpromisoz edo, Giovanni Visconti liderra Quick Stepekoa delako. Hortaz, Saunier Duvalek eta Quick Stepek, kilkerra-ren eta Ricco lotsagabearen taldeek hartu zuten ardura tropelean. Halere, Ricco gorputzaldi ezin hobean dago momentuan. Tirreno-Adriatikon erori egin zen, eta Giroa hasi bitartean ez da iaz bezainbeste nabarmendu. Giroan, baina... Hasteko, Agrigenton lehen kolpea eman zuen. Bigarrena, herenegun, Pescocostanzon, Di Lucaren erasoei aise eutsita --atzo arazoren bat eduki zuen azken kilometroetan--; eta azkenekoa, atzo bertan, faboritoen edo txirrindulari indartsuen arteko esprintean onena izanda, eta gainsariari dagokion 20 segundoko bultzadatxoa hartuta.
Gainera, tropelean berez harroputz ospea duen arren, bere buruarekin sinestuta dabil Formiginiko (Italia) 24 urteko txirrindularia. Iaz, ia-ia hasiberria izanda, eta azkenean seigarren; eta aurten, berriz, lasterketa irabazteko intentzioarekin.
INTENTZIOA ETA AHALMENA. Intentzioa edukitzea gauza bat da, eta ahalmena izatea beste bat, ordea. Oraingoz, intentzioa eta ahalmena uztartu ditu, eta, era berean, kontrarioak apur bat izutu. Astearteko erlojupekoa hor dago, Dolomitetako etapa beldurgarriak ere iristear... Lehertuko dela, eskarmentu falta nabarituko duela uste duenik bada tropelean, baina orain arte behintzat indar eta trebetasun erakustaldiak eman ditu.
Hain zuzen, indarra eta trebetasuna behar-beharrezkoak dira helmugara muturrean iristeko. Eta egunero bezala, horretan saiatu ziren etapa ehiztariak, Rivisondoli eta Tivoli arteko 208 kilometroetan. 42. kilometroan Alessandro Spezialettik (LPR), Mathieu Pergetek (Caisse d'Epargne), Adam Hansenek (High Road), Fortunatu Balianik (CSF Navigare) eta Daniele Nardellok (Diquigiovanni) egin zuten aurrera. 126. kilometroan sei minutu pasatxokoa izan zen aldea, baina aurreko hiru egunetan ez bezala, ihesaldia ez zen helmugara heldu. Saunier Duvalek eta Quick Stepek etapa garaipena nahi zuten, eta tropela luze-luze eginda eraman zuten azkeneko hiru kilometroetaraino. Orduan Piepoli agertu zen. Oparia prestatu zuen, ondo bildu, baina lazorik gabe eman zion Riccori. Hark, ordea, gustura ireki zuen.
Bederatzigarren etapa jokatuko da gaur. Etapa laua, esprinterrentzat egokia. Etzi, berriz, aurreneko atseden eguna edukiko dute.
saILKaPena
ZORTZIGARREN ETAPA
1. Riccardo Ricco (Saunier Duval) 4.41.05
2. Paolo Bettini (Quick Step) d.b.
3. Davide Rebellin (Gerolsteiner) d.b.
4. Franco Pellizotti (Liquigas) d.b.
5. Daniele Pietropolli (LPR) d.b.
6. Danilo Di Luca (LPR) d.b.
7. Emanuele Sella (CSF Navigare) d.b.
8. D. Pozzovivo (CSF Navigare) d.b.
9. Paolo Savoldelli (LPR) d.b.
38. Juanma Garate (Quick Step) d.b.
59. Iban Belasko (E. Euskadi) 51ra
63. Markel Irizar (E. Euskadi) 1.14ra
120. Alan Perez (E. Euskadi) 3.55ra
NAGUSIA
1. G.Visconti (Quick Step) 36.44.06
2. Matthias Russ (Gerolsteiner) 34ra
3. Gabriele Bosisio (LPR) 5.53ra
4. Danilo Di Luca (LPR) 7.27ra
5. Ricardo Ricco (Saunier) 7.33ra
6. Emanuele Sella (CSF Navigare) 7.36ra
7. Felix Cardenas (Barloworld) 7.46ra
8. Alberto Contador (Astana) 7.56ra
9. Franco Pellizotti (Liquigas) 8.11ra
10. Vincenzo Nibali (Liquigas) 8.19ra
31. Juanma Garate (Quick Step) 9.54ra
53. Alan Perez (E. Euskadi) 14.59ra
66. Iban Belasko (E. Euskadi) 24.31ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu