«Txirrindulariak oso urduri jartzen dira diziplina honetan». Gonzalez de Galdeanok esperientziaren izenean hitz egin du. «Horrelako erlojupeko bat ez da hilabetero izaten, eta txirrindulariak ez dira ohituta egoten». Matxinek ere horixe azpimarratu du. «Hain da desberdina diziplina hau...». Stephensek ez du zalantzarik izan. «Txirrindularitzako diziplinarik zailenetakoa da. Bakarkako erlojupekoetan norberaren indarra neurtu behar izaten da, baina norberaren ezinaz gain, taldekideen ezina ere sufrimendu bihurtzen da erlojupeko hauetan».
Taktika eta teknika. Gonzalez de Galdeanoren hitzetan, bi esparruak ondo uztartu beharreko diziplina da. «Bihurguneetan eta biribilguneetan nola sartu azaltzen zaie, adibidez, txirrindulariei; aldapa gora erreleboak nola eman...». Teknika asko daude: erreleboak ilara bakarrean eman, bi ilara paralelo sortu... «Txirrindularien ezaugarrien araberakoa da hori. Normalean indartsuena hasten da errelebo luzeagoak ematen. Ametsen [Txurruka] edo Igorren [Anton] kasuan, berriz, igotzailea errelebo laburrak emanez hasten da».
Matxinek argitu duenez, ibilbidearen eta eguraldiaren arabera hautatzen da taktika. «Talde osoa ilara bakarrean badoa, erreleboak luzeagoak diren seinale izango da. Bi ilarak, berriz, haizeak gogor jotzen duen seinale izaten dira. Babesa bilatzen da horrela, eta erreleboak askoz motzagoak izaten dira». Ibilbidea, haizea, ingurua eta txirrindulari multzoa, dena hartu behar da kontuan.
Aldapa gora, «ia geldirik»
Matxinek 2003ko Tourrean zuzendu zuen lehen aldiz autotik taldekako erlojupeko bat. «Vini Caldirolan nengoen, eta Stefano Garzelli sailkapen nagusian ahalik eta ondoen kokatzea zen asmoa». Txirrindulari indartsu asko zeuden taldean, eta igotzaile gutxi. «Beraz, hasierako aldapa gogorrean indarrak neurtzea zen gakoa, gora iristean ahalik eta abiadurarik handiena hartzeko». Gogoan dauka aldapa hori «ia-ia geldirik» igo zutela. «Garzelli ez zegoen ados. Baina jaitsieretan eta ordekan denbora asko irabazi genuen gero, eta seigarren amaitu genuen azkenean. Apustu hori egin genuen, eta ondo irten zitzaigun».
Euskaltel-Euskadiko managerraren hitzetan, taldeak «une oro abiadura mantentzeko gai» izan behar du. Talde berean txirrindulari indartsuak eta fin-finak egoten dira beti. «Ez da komeni taldeko indartsuenak erreleboa orduko 40-45 kilometroko abiaduran ematea eta gainerakoak jarraitu ezinik geratzea». Indarren oreka hori kontuan eduki beharra dago zortzi-bederatzi txirrindularien ordena zehazteko garaian. «Ez da erritmo aldaketa bortitzik egin behar. Taldean bi txirrindulari indartsu badaude, horiek errelebo luzeagoak emango dituzte, baina iraunkorrak, gainerakoak jota gera ez daitezen», gaineratu du Stephensek.
Helmugan bosgarren txirrindulariaren denbora hartzen da kontuan. Batzuek talde osoa helmugaraino iristea nahi izaten dute, eta beste batzuek bost indartsuenen alde egiten dute. «Nire ustez, 33 kilometroko erlojupeko batean taldea osorik mantentzea da egokiena». Gonzalez de Galdeanoren erantzunari xehetasun bat gehitu dio Stephensek. «Garmin edo Sky taldeek, adibidez, erlojupekoa irabazteko aukera izaten dute beti, eta, nire ustez, kasu horretan egokia da bidean txirrindulari batzuk lehertuz joatea».
Stephensek hasieran egin bezala, gaurko erlojupekorako apustua egin dute beste biek ere. «Garmin eta Saxo Bank moldatuko dira ondoen. Eta BMCk eta Astanak ere, lider indartsu bat daukatenez, lan ona egingo dute». Hori Gonzalez de Galdeanoren iritzia. «BMC indartsu ibiliko da, eta Liquigas, Astana eta Garmin ere bai». Matxinen apustua da hori.
Anekdota asko dauzkate pilatuta hirurek. ONCEko lehen lasterketa ekarri du gogora Stephensek. «ONCErekin parte hartu nuen lehen lasterketa taldekako erlojupeko bat izan zen, eta gogoan daukat irabazi egin genuela. Hori bai, proba amaitu eta 10-15 minutu igarota ere ezin nuen gorputza bere onera ekarri». Hor zaildu omen zen. «Hainbesteko beldurra hartu nien taldekako erlojupekoei, azkenean espezialista bihurtu nintzela esan daiteke».
Sailkapenak
NAGUSIA1. Aleksandr Vinokurov (Ast.) 10.07.18
2. Richie Porte (Saxo Bank) d.b.
3. David Millar (Garmin) 1era
4. Vincenzo Nibali (Liquigas) 5era
5. Marcel Sieberg (Columbia) 7ra
6. Matthew Harley Goss (Col.) 10era
7. Andre Greipel (Columbia) d.b.
8. Linus Gerdemann (Milram) 12ra
9. Stefano Garzelli (Acqua&Sap.) 15era
10. Pieter Weening (Rabobank) 16ra
130. Iban Maioz (Footon) 9.20ra
171. Xabier Zandio (Caisse) 11.03ra