Paolo Bettinik arrastorik ere ez du edukiko Anjel Lertxundik aspaldi idatzitako Hamaseigarrenean, aidanez eleberriaz. Kontua da Giroko 15. etapan lortu duela arrakasta Bettinik, eta Lertxundiren eleberriko protagonista bere sabel gainera egiten duten 16. jauzian hiltzen dela. Egun bat, jauzi bat. 15. etapan Bettini, agidanean.
Agidanean, Bettinik besoak garaile jaso aurretik, Pollacki begiratu ziolako, hark garaipena lasai ospatzeko baimena eman ziezaion zain. Garaipena lortu zuelakoan zegoen italiarra, baina bigarrenez besoak jasotzea eta garaipena kontrarioak lortzea gehitxo zatekeen. Pollackek buruarekin baiezko keinua egin zion Bettiniri, eta orduan ospatu zuen, suelto, garaipena.
Kontua da Bettinik Giro osoa daramala tematuta, egoskor, etapa bat irabazi nahian, eta lortzeko komeriak zituela jakinik, maltzurkeriaz jokatu duela. 9. etapan besoak jaso zituen garaile Vaitkusen aurpegi aurrean, ez zuela irabazi baldin bazekien ere.
Atzo, Petacchi, McEwen eta Vaitkus gabe, Bettiniren aurkari nagusia Olaf Pollack zen. Alemaniarra orpoz orpo zuela egin zuen esprinta, baina Bettini nagusitu zen. 15. etapa lasaia izan zen eta Euskaltel-Euskadiko Iban Maioz eguneko ihesaldian sartu zen, Missaglia, Edaleine eta Larssonekin batera. Ibili ziren, tropelak nahi izan zuen arte. Gaur Dolomitetan sartuko da Giroa bete-betean.
Sailkapenak15. ETAPA
1. Paolo Bettini (QSI) 4.15.42
2. Olaf Pollack (TMO) d. b.
3. Robert Forster (GST) d. b.
4. Henk Vogels (DVL) d. b.
5. Axel Richeze (PAN) d. b.
NAGUSIA
1. Ivan Basso (CSC) 59.44.07
2. Jose Enrique Gutierrez (PHO) 3.27ra
3. Paolo Savoldelli (DSC) 5.30era
4. Wladimir Belli (SEI) 7.35era
5. Gilberto Simoni (SDV) 8.00ra
9. Damiano Cunego (LAM) 8.58ra
10. Danilo Di Luca (LIQ) 10.36ra
16. Patxi Vila (LAM) 13.01era
17. Juanma Garate (QSI) 13.50era
TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. TXIRRINDULARITZA
ITALIAKO GIROA. 15. etapan, agidanean. Bettinik egoskor eta zital jokatuz bilatzen zuen etapa irabazi du, azkenean, baina justu-justuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu