TXIRRINDULARITZA. Labaren indarra eta sua behar ditu

Giroa bi aldiz heldu da Vesuvio sumendiaren azpira, eta, azkenekoan, 1990ean, Eduardo Chozasek irabazi zuen. Han bukatuko da gaur 19. etapa, eta Danilo Di Lucak Denis Mentxov lidergotik kentzeko azken aukera edukiko du haren malda gogorretan.

Igor Susaeta.
2009ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Napoliko Badian dago Vesuvio sumendi ezaguna. 1.270 bat metro dauzkaazken neurketen arabera, eta Napoli hiriaren zaindaria dela dirudi. 79. urtean lehertu egin zen, eta aurretik eraman zituen Pompeya eta Ercolano hiriak. Gerora, beste 40 bat aldiz lehertu da; azkenekoz, 1944an. Geroztik, lozorroan dago, baina, adituen arabera, esnatzen denean, harrigarria izango da eragingo duen hondamendia. Labaren indarrak eta suak aurretik eramango du ingurunea. Hain zuzen, indar eta su hori beharko ditu Danilo Di Lucak (LPR) Denis Mentxov (Rabobank) lidertzatik kentzeko. Izan ere, gaurkoaren ondoren etziko 15 kilometroko erlojupekoa besterik ez da geratuko, eta horretan, okerrik ezean, denbora galduko du italiarrak errusiarraren aldean. Giroa bi aldiz baino ez da iritsi Vesuviora; azkenekoz 1990ean, eta orduan Eduardo Chozas nagusitu zen.

Mendate tente samarra da Vesuvio; luzea, gainera, 13 kilometro baititu. Napoli atzean utzi eta Ercolanora helduta hasiko dira mendatea igotzen. 1.000 metroan dago helmuga, eta desnibela, hain zuzen, 1.000 metrokoa da gutxi gorabehera, itsasoaren mailan baitago ia-ia Ercolano: 37 metroan.

Aurreneko hiru kilometroak dira samurrenak: %5eko batez besteko pendiza daukate. Gero, ordea, igoera gogortzeko. Hurrengo bostek %9ko pendiza dute, eta %6an kilometro batez atsedenhartu ondoren, azkeneko laurak %9 inguruan egingo dituzte berriro.

1959ko Giroan igo zen aurreneko aldiz. Zazpigarren etapa zen, eta kronoigoera jokatu zen, zortzi kilometrokoa, eta Charly Gaul, Aingeruhegalaria, nagusitu zen. Maglia arrosa zeukan jantzita, eta gero berak irabaziko zuen Giroa. 1990ean, aldiz, bigarren etapan igo zuten: Sala Consolina-Vesuvio, 239 kilometrokoa. Chozas helmugaratu zen lehen tokian, eta, atzetik, Gianni Bugno Giro hartako capoa, Acacio Da Silva portugaldarra, Piotr Ugrumov letoniarra eta Marino Lejarreta berriztarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.