TXIRRINDULARITZA. Nahasmenaren ondorioa da

Tyler Farrarrek irabazi du Espainiako Vueltako bosgarren etapa, esprintean, Koldo Fernandez de Larrearen aurretik

unai zubeldia
2010eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Vueltan talde bakar bat ere ez da gai esprinta behar bezala prestatzeko. Saiatu da Columbia, saiatu da Lampre, saiatu dira Astana, Liquigas eta Francaise des Jeux. Baina ezin dute. Ibilbideak ere ez du askorik laguntzen, zuzengune luze eta zabalak ahaztuta, bide estu eta gorabeheratsuen alde egin dutelako, oraingoz, antolatzaileek. Baina azken kilometro horietako nahasmenetik gauza bat ari da argi geratzen: Mark Cavendish (Columbia) galdu egiten da buruz buruko deman. Sei-zazpi taldekideren gurpilean jarri, tropela luzatu, eta azken 150-200 metroetan esprinta jotzea. Horixe da Cavendishen espezialitatea. Esprint azkar eta garbietan bera da onena. Munduko onena. Baina nahasmenean esprinterrik onena baino hobea dela erakutsi zuen atzo Tyler Farrar estatubatuarrak (Garmin), Espainiako Vueltako bosgarren etapan, Lorcan.

Irabazi zuen joan den igandean Jauheni Hutarovitxek (Francaise des Jeux), eta irabaz zezakeen atzo Koldo Fernandez de Larreak (Euskaltel-Euskadi). Nahasmenaren ondorioak jasaten ari delako Vuelta. Talde indartsurik eta esprint bideratzaile argirik gabe, bigarren mailako esprinterrak ari dira agertzen. Eta aurrerantzean ere agertuko dira. Daniele Bennati (Liquigas) 14. postuan sailkatu zelako atzo; Juan Jose Haedo (Saxo Bank) 22. postuan; Allan Davis (Astana) 24. postuan... Ondo bidean, lehen hamarren artean sartzeko moduko esprinterrak dira horiek.

«Pena izan da Vueltako bosgarren etapa irabazi ezin izana, baina pozik nago». Horixe izan zen Fernandez de Larrearen lehen hausnarketa, etapa bigarren postuan amaitu berritan. «Zutoinaren inguruan ibili beharra dago gola sartzeko». Arabarrak badaki taldea Igor Antonen neurrira eginda dagoela. «Eta nik neure kasa egin behar dut egin beharrekoa». Baina, hori esatearekin batera, Pablo Urtasunek esprintetan sartzeko ematen dion laguntza eskertu nahi izan zuen. «Nahiz eta oso zaila den aurrean sartzea. Baina saiatzen jarraituko dugu, eta itxaropentsu nago».

Txirrindularitzan bigarren eta hirugarren postuak izan daitezke futboleko ateen zutoinak, eta, neurri horretan, jaurtiketa ona izan bazen ere, Euskaltel-Euskadiko esprinterrak baloia bete-betean zutoinera bidali zuela esan daiteke. Oilar guztien erdian bakar-bakarrik bazegoen ere, gasteiztarrak dotore hartu zuen Cavendishen gurpila. Hark eskuin-eskuinetik esprinta jo zuenean, azken kolpea emateko moduan egongo zela zirudien. Baina Columbiako esprinterraren parean jartzera zihoanean kendu zion gurpil preziatua Farrarrek. Saiatu zen azken gerri kolpearekin bere kirol ibilbideko garaipenik handiena lortzen, baina bidean geratu zen.

Zutoinera jaurtita konfiantza hartzen da, hala ere, eta ez da seinale txarra, besteak beste, Cavendish, Alessandro Petacchi (Lampre), Sebastien Chavanel (Francaise des Jeux) edo Robert Forster (Milram) bezain azkarra dela erakustea.

Esprinta eta haizeak sortutako tentsioa, besterik ez zuen izan atzoko etapak, eguneko ihesaldia anekdota hutsa izan zelako. David Gutierrez (Footon), Jose Vicente Toribio (Andalucia), Arnaud Labbe (Cofidis) eta Pierre Rollandek (Bouygues) etapa hastearekin batera ihes egin zuten. 6.34 minuturen aldea ere izan zuten, baina helmugarako 14 kilometro falta zirela harrapatu zituzten.



Sailkapenak

BOSGARREN ETAPA

1. Tyler Farrar (Garmin) 5.03.36

2. K. Fdez de Larrea (Euskaltel) d.b.

3. Mark Cavendish (Columbia) d.b.

4. Matteo Tosatto (Quick Step) d.b.

5. Alessandro Petacchi (Lampre) d.b.

6. Sebastien Chavanel (F. des Jeux) d.b.

7. Robert Forster (Milram) d.b.

8. Denis Galimzianov (Katuxa) d.b.

9. Theo Bos (Cervelo) d.b.

10. Greg Van Avermaet (Lotto) d.b.

59. Mikel Nieve (Euskaltel) d.b.

60. Igor Anton (Euskaltel) d.b.

NAGUSIA

1. Philippe Gilbert (Omega) 19.00.06

2. Igor Anton (Euskaltel) 10era

3. Joaquim Rodriguez (Katuxa) d.b.

4. Vincenzo Nibali (Liquigas) 12ra

5. Peter Velits (Columbia) 16ra

6. Tejay Van Garderen (Columbia) 29ra

7. Xavier Tondo (Cervelo) 49ra

8. Frank Schleck (Saxo Bank) 50era

9. Ruben Plaza (Caisse) 54ra

10. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 55era

20. Mikel Nieve (Euskaltel) 2.14ra

34. David Lopez (Caisse) 3.18ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.