TXIRRINDULARITZA. Postariaren eskutitzak

David Moncoutie modu bikainean nagusitu da Sierra Nevadan, eta Alejandro Valverdek lidergoa sendotu du

Igor Susaeta.
2009ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Frantziako Tourrean, Espainiako Vueltan edo Dauphine Liberen etapak irabazi baino lehenago, postaria zen David Moncoutie (Cofidis). Parisen, Frantziako hiriburuko 13. barrutian; frantsesa beharrean, munduko beste edozein hizkuntza hitz egiten den tokian. Hasiberriek, jakina, ez dituzte Louvren edo Eiffel dorrean eskutitzak banatzen. Batxilerra bukatu ondoren gainditu zituen Moncoutiek postari izateko oposizioak, eta gurasoek zein bi arrebek jarraitutako bidea hartu zuen. 1997an, ordea, 22 urte zituela, txirrindulari profesionala izatea eskaini zioten, eta, bidegurutzean, zein bide aukeratu erabaki behar izan zuen. Edo bizikletaren laguntzarekin amodiozko, gorrotozko eskutitzak eta fakturak banatzen jarraitu, edo Luis Herrera umetako idoloak egiten zuena imitatzen saiatu. Bigarrena aukeratu zuen, eta ziur ez dela damutu. 12 urte geroago garaipen sorta ederra bildu du. Azkena, atzo, Vueltako 13. etapan, Sierra Nevadan. Hara heldu bitartean bakardadean egin beharreko bidean, gainera, garai zaharrak gogoratu eta gutunak utzi zituen bide bazterretan.

Monachil gainean, esaterako, Samuel Sanchezi (Euskaltelek) bidalitakoa. Liquigasek edo Rabobankek lasterketa gogortzeko asmoa eduki zezaketela ohartarazten zion gutunak Euskalteleko taldeburuari. Zerbaiterako sartu zuela Rabobankek Juanma Garate, ia etapa osoa aurretik egin zuen ihesaldian. Ordurako bakarrik zihoan Moncoutie. Mendiko sailkapena bermatu nahi zuen guztiz, eta, bide batez, opari ederra egin zion bere buruari. Sanchezi utzitako gutunak, ordea, egia zioen.

Liquigasek lasterketa erabat gogortu zuen Monachil tentean gora, helmugara heltzeko 25 kilometro falta zirela. Aurrena Sylvester Szmydek eman zion estutua faboritoen tropeltxoari, eta Roman Kreuzigerrek azkenekoa. Taldetxoa xehetu zuen, eta Ivan Basso (Liquigas), Alejandro Valverde (Caisse d'Epargne), Ezequiel Mosquera (Xacobeo), Robert Gesink (Rabobank), Juanjo Cobo (Fuji) eta Cadel Evans (Silence-Lotto) geratu ziren aurrean. Australiarrari, baina, atzeko gurpila zulatu zitzaion tontorretik gertu, eta izugarri sufrituz osatu zituen helmugara arteko kilometroak.

Sanchezek bezala, egia esan. Monachilen ondoren, ia-ia arnasa hartzeko astirik gabe, Sierra Nevadan gora hasi ziren, Tourrean Telegraphe eta Galibier lotzen diren bezala. Espainiarrak denbora mordoa galduko zuela zirudien, baina minutu erdia izan zen azkenean. Dena dela, minutu erdia. Eskerrak Tom Danielsonek (Garmin) huts egin zuen eta Evansek zorterik eduki ez zuen... Horregatik, podiumeko postuak hortxe dauzka, gertu. Valverde, ordea, ez du harrapatuko. Moncoutiek eskutitz bat utzi zion azken kilometroetan; amodiozkoen tankerakoa. Horren arabera, Gesink eta Basso ez dira bera baino gehiago. Eta egia esan, hori ikusi zen atzoko etapan. Bidean bat gehiago utzi zuen Moncoutiek: «Gaur, La Panderan, jotzeko azken aukera edukiko du Gesinkek».



Sailkapenak

HAMAHIRUGARREN ETAPA

1. David Moncoutie (Cofidis) 5.09.22

2. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 52ra

3. Alejandro Valverde (Caisse) 1.16ra

4. Robert Gesink (Rabobank) 1.17ra

5. Ivan Basso (Liquigas) d.b.

6. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.37ra

13. J. Garate (Rabobank) 4.48ra

16. David Herrero (Xacobeo) 5.19ra

17. Igor Anton (Euskaltel) 5.26ra

20. Haimar Zubeldia (Astana) 6.59ra

35. A. Txurruka ( Euskaltel) 10.28ra

NAGUSIA

1.Alejandro Valverde (Caisse) 56.23.02

2. Robert Gesink (Rabobank) 27ra

3. Ivan Basso (Liquigas) 1.02ra

4. Cadel Evans (Silence-Lotto) 1.23ra

5. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.32ra

15. Haimar Zubeldia (Astana) 11.03ra

31. A. Txurruka (Euskaltel) 33.46ra

32. J. Garate (Rabobank) 38.41era

33. Igor Anton (Euskaltel) 41.09ra

34. David Herrero (Xacobeo) 50.36ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.