Ooso pozik gaude taldean, Boomek garaipena lortu zuelako. Bai bera eta bai ni ihesaldia harrapatzen ahalegindu ginen, eta begira, bera garaile. Egia esanda, aurreneko 60 edo 70 kilometroak ziztu bizian egin genituen, 50 kilometro orduko abiaduran edo. Horregatik sortu zen ihesaldia hain berandu; mundu guztiak horretan sartu nahi zuelako, alegia.
Eta zer esan Boomi buruz... Fenomeno hutsa dela, hasteko. Herenegun gela berean lo egin genuen biok estreinakoz. Haren logelakidea gaixo zegoen, eta nirea, Oscar Freire, jada ez da Vueltan. Hortaz, batera. Bizikletaren gainean ikusten dut, eta Filippo Pozzato ekartzen dit gogora. Kristoren klasea dauka, eta txirrindulari izateko jaio dela esango nuke. Atzoko etapako une batean erdibidean geratu ginen biok, eta tiraka hasi zen. Motor baten atzetik joatea bezalakoa zen. Zaila dena erraz egiten du.
Hurrengo denboraldian klasikoak prestatu nahi ditu, eta, hortaz, ez du ziklo-kros denboraldia egingo. Agian, korrituko du lasterketaren bat, baina kriteriumak korritzen diren bezala; emango dioten dirutzagatik, alegia. Etorkizunean klasikomano handia eta etapa ehiztari bikaina izan daitekeela uste dut. Italiarren klasea dauka; bera bezalako Herbehereetako txirrindulari gutxi ezagutzen ditut. Eta, egia esanda, italiarren antzekoa da neska kontuetan ere. Izugarri gustatzen zaizkio!!» Kar, kar!!! Atzo, baina, podiumean, azafatak zeuzkan ondoan, eta ez zuen Kordobako ohiko kapela buruan jartzerakoan asmatu!
TXIRRINDULARITZA. Pozzatoren antza dauka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu