TXIRRINDULARITZA. TXIRRINDULARITZA

Gogorretan gogorrenak. Munduan zehar milaka aldapa, mendate daude, baina dozenaka batzuk bakarrik erakartzen dute zaleen arreta osoa; Mortirolo, Angliru, Finestre... asko dira, hala ere, horiek baino malda tenteagoak dituztenak.

Andoni Urbistondo.
2006ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Giroko ibilbideko aurkezpenak esnarazten du txirrindularitza zalea, zikloturista. Tourrean betiko mendateak igotzen dituzte, eta Vueltan ere oso tantaka agertzen dira mendate berriak, gogor-gogorrak. Giroan ausartagoak dira, profesionalek inoiz igo gabeko aldapa handiak bilatzeko joera baitute. Gavia eta Stelvio handiak izan ziren aurrena. Tre Cime di Lavaredok hartu zien txanda. Hari Mortirolo ikaragarriak ondoren. Fauniera garaiak ere zer esana eman zuen, Colle delle Finestrek bezala, iaz... Aurten Kronplatz edo Plan de Corones beldurgarria bilatu dute.

Dolomitetako bihotzean dago Kronplatz. Hego Tirol eta Italia banatzen dituen aldapa da. Eski estazio bateko pista bat da. Han ez dago asfaltoa daukan biderik. Harri txintxarra suelto, baina Giroko antolatzaileek txukundu egin dute. Berez bost kilometroko aldapa da Kronplatz (Passo Furciaren jarraipena, 11 kilometroko mendatea). %10,9ko batez bestekoa du, baina hiru kilometroan %13tik gorakoa da pendiza eta %20, %22 eta %24ko hormak ere baditu. 34 hortzeko platera aurrean, eta 28 hortzeko pinoia atzean, karreristek eramango dutena. Nahikoa ote Kronplatz munduko gogorrena dela esateko?

Nazioartean www.salite.ch eta www.altimetrias.net web orriek jasotzen dute osatuen munduko mendateen informazioa. www.salite.ch orrian 8.499 mendatetako xehetasunak aurki daitezke. Kronplatz aldapari buruz, ordea, berririk ez Giroa hasi arte. Zergatik? Kronplatz Giroko antolatzaileek sortutako mendatea delako, bere garaian Mortirolo izan zen bezala. Malkarra eta belazea zegoen tokian bidea egin zuten.

ERANTZUNIK GABEKO GALDERA. Munduko mendate gogorrena zein den ezin da zehatz jakin. Julian Gorospek Serranillos erantzungo du (Avila, Espainia). Marino Lejarretak Covadongako Lakuak (Asturias, Espainia), Unai Osak Marmolada (Italia), Miguel Indurainek Mortirolo, Valico Santa Cristina edo Les Arcs, eta Abraham Olanok Soudet. Haietan denetan gorriak ikusi dituzte txirrindulari horiek, eta asko sufritzen den mendatea ez du inoiz ahazten txirrindulariak.

Zikloturistari galdetuz gero ere antzera. Quebrantahuesos klasikoa sarri egin duena Marie-Blanqueren gaiztakeriaz mintzatuko da. Marmot klasikoa korritu duenarentzat, aldiz, Galibier izango da infernuaren parekoa.

Inkestaren bat eginez gero, irakurleei munduko mendate gogorrenari buruz galdetu eta gehienek Mortirolo erantzungo lukete. 12.4 kilometroko luzera dauka eta %10,5eko batez besteko pendiza. Mortirolo, ordea, zer da, gogorrena, edo ezagunena? www.salite.ch web orrian lau mailatan banatzen dute mendate gogorrenen zerrenda: laugarren maila gogorrena, lehen maila apalena. Aldaparen luzeraren eta batez besteko desnibelaren kalkuluarekin koefiziente bat egiten dute. Mortirolok bigarren graduko zailtasuna du, eta 186.3ko zailtasun koefizientea. Web orri horren arabera, Mortirolo baino 51 mendate gogorrago daude munduan. Esanguratsua.

Koefiziente handiena Scanuppia-Malga Palazzo mendateak du (Italia). Marka jartzeko propio prestatutako aldapa dirudi, halere. 7,5 kilometro ditu eta %17,6ko batez besteko pendiza! Bi kilometro osotan %25ekoa da malda, batez beste. Ez sinesteko modukoa.

Europatik kanpo, zortzi mendate bakarrik agertzen dira www.salite.ch orrian. Hego Amerikan 50 kilometroko mendate asko daude. Peruko Ticlio edo Abra Anticona, adibidez, 80 kilometro da luze eta 4.800 metroko desnibela du. Zein da gogorragoa, Scanuppia tentea, ala Ticlio bukaezina? Erantzunik gabeko galdera. Jakitea ezinezkoa denez, Kronplatz, Marmolada, San Pellegrino eta Mortirolorekin gozatzea, errazena. Bihartik hasita igoko dituzte guztiak Giroan.

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.