TXIRRINDULARITZA. «Ukabilak sartzen eta posizioa irabazten ikasi behar dut; funtsezkoa da»

Andoni Urbistondo.
DERIO
2006ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Euskal tropeleko esprinter bakarretakoa da Koldo Fernandez de Larrea (Zurbao, Araba, 1981-09-13). Postu onak lortu ditu, baina koska bat falta zaio garaipena lortzeko lehian sartzeko. Paris-Nizan saiatuko da. Bihar abiatuko da Parisera. berriak Derion egin dio elkarrizketa (Bizkaia), taldearen egoitzan proba fisiko batzuk egin aurretik.

Hirugarren urtea duzu profesionaletan. Lehen urtean postu onak eta itxaropen hobea. Bigarrenean Mallorkan eta Beneluxen zartako handi samarrak hartu zenituen. Aurten?

Lehen urtea ona izan zen. Bigarren postuan sailkatu nintzen Etorkizuneko Tourreko etapa batean eta Limousingo Tourreko etapa batean, hirugarren Galeraren oroimenezkoan... Bigarren urtean, hobetzeko asmoarekin, hoberantz egiteko erronkari ekin nion, baina Mallorcan erori egin nintzen, lepauztaia hautsi eta urte osoa nahi eta ezin ibili nintzen. Ez dakit zergatik, baina espero ez duzun ezbeharren bat gertatzen bada, akabo, urte osoa pikutara. Osatu eta sasoi puntu ona berehala hartu nahi izaten duzu, baina gorputzak bere denbora behar du. Indartsu saiatzen zara, gehiegi, eta gorputza behartu, egin behar ez denean. Ondorioa, sasoi puntu ona lortu, lortzen duzula, baina oinarri egokirik gabe, eta berehala galtzen duzula sasoi puntu on hori.

Ez zen iazko kolpe bakarra izan.

Ez, ez. Nik uste urduri jartzen zarela, eta egin behar ez diren akatsak egin. Asturiasko Itzuliaren bezperan autobus bateko ate baten kontra jo nuen. Vuelta prestatu nuen ondoren, eta postua ziurra nuenean, beste zartako bat Beneluxeko Tourrean. Errepidean trabeska zegoen trafiko seinale bat kolpatu eta hegan irten nintzen. Metakarpo-hezurra hautsi nuen, kokotsean zauri handi samarra eta lepauztaia guztiz ubelduta. Akabo denboraldia.

Hobea izanen ote da 2006a...

Espero, espero. Prentsak tratu on-ona eman dit. Etorkizun ona dudala diote, baina ez dudala azken jauzi hori ematen. Madariagak, Gorospek eta nirekin eduki duten konfiantza bueltatu nahi nieke, garaipena lortuta.

Jakin badakizu postu onak eta garaipenak oso ezberdinak direla.

Badakit bai. Eskarmentua falta zait, azken metroetako kokapena hobetzen ikastea.

Ikasteko moduko gabezia al da hori?

Hori da nire erronka. Prestakuntza berezia egiten hasi naiz aurten: serieak arrabolan, autoaren atzetik jazarpena eta autoa aurreratzeko serieak, pedalkada maiztasuna landu... Orain arte ez nuen horrelakorik egin eta Beloki anaiek, Igor Gonzalez de Galdeanok eta Juan Garcia biomekanikariak aholkatuta hasi naiz. Ohiko entrenamenduak egin ditut orain arte: grupeta-rekin ibili, batzuetan Durangon, besteetan Gasteizen. Ordekan ibili behar bazen, ba ordekan, mendateak egin behar baziren, ba mendateak. Galdeanok Mallorcan esan zidan: 'zu zer zara, esprinterra, ezta? ba ez igo aldaparik, esprintak irabaztea nahi dut nik'.

Potro goitizena duzu eta jarrera ausart-ausarta omen duzu esprintetan.

Esprintean derrigor izan behar duzu ausarta, bestela jai duzu.

Esprint betean zaudetenean hartzen dituzuen arriskuez jakitun al zarete?

Ez, ez duzu horretan pentsatzen. Itsututa zoaz, garaipena ez den beste ezer ez duzu buruan, eta ez duzu beste ezertan pentsatzeko astirik. Gurpil onari itsatsi, eta hura gainditzen saiatu. Une horretan ez dago besterik.

Munduko esprinter onenen alboan egon zara. Esprintak kanpotik ikusten ditugunontzat, konta iezaguzu nolakoa den esprint bat.

Garrantzitsuena, %80, taldea da. Ez dut nik esan, Oscar Freirek baizik. Talde on bat azken bost kilometroetan hasten da egurrean. 60-65 kilometroko abiadura hartzen da. Demagun, Fassako hiru bideratzaile eta Petacchi bera. Beste guztiek Petacchiren gurpila hartu nahi dugu kosta ahala kosta, eta indar asko xahutzen da lan horretan. Ukabilak dantzan, borroka etengabea, eta Petacchi, eroso, 160 taupadako erritmoan. Azken 300 metroetan sartu aurretik 70 kilometro ordukoa da abiadura. Besteok jota goaz eta Petacchik azken kolpea jotzeko indarra dauka. Akabo. Petacchiren gurpilak aukera ematen dizu. Haren gurpilera lotu gabe, lehen bostetan sailkatzea ezinezkoa da. Zergatik dauka Petacchik talde bikain hori? Onena delako. Besteok erakutsi egin behar dugu talde hori merezi dugula.

Petacchi bera ere ona da.

Bai, bai, zalantzarik ez, baina orain gutxi, bere garaipen zerrenda errepasatzen aritu nintzen, eta lehen hiru urteetan ez zuen garaipenik lortu. Ea nirekin antzera gertatzen den.

Zertan hobetu behar duzu?

Ukabilak sartzen, posizioa irabazten. Andaluzian Baden Cooke eta Luciano Pagliarini zeuden. Zer egin? Haiekin muturrekoka aritu eta Iñaki Isasi eta Beñat Albizuri taldekideei laguntza eskatu. Ondo kokatzen saiatu behar dut. Askotan lau edo bost postu aurreratzen ditut azken esprintean, baina bosgarren postuan sailkatzen naiz. Hori hobetzeko bidea kokapen hobea lortzea da.

Zergatik dago hain esprinter gutxi Euskal Herrian?

Orografia menditsua delako eta hori horrela izanda, normala delako igotzaile gehiago egotea. Niri gehiago gustatzen zait Iban Mayoren tankerako txirrindularia, esprinter soila baino, eta horrek ere eragina du txirrindulariaren lehentasunean.

Zu zeu esprinterra zara, baina mendate txikiak ondo gainditzen dituzu.

Bueno, nik eta esprinter denek, indartsu gaudenean. Bestela jai dugu. Pirinio edo Alpeetako aldapa luzeetan izan ezik, bestela ondo moldatzen naiz. Nire ustez Boonenen antza handiagoa dut, Petacchirena baino. Ez naiz esprinter peto-petoa, soila.

Iaz Benelux eta Romandia korritu zenituen, Pro-Tour Ligan. Paris-Niza erronka polita da, etapa gorabeheratsuekin, aproposak zuretzat.

Bai, baina han ni ez naiz inor. Han edonork lor dezake garaipena. Inor ez da atzean geratzen aldapan. Lau etapa esprintean erabaki daitezke eta mendiko etapetan lasaiago joango naiz. Ondoren, eta ahal dela, Samuel Sanchez liderrari lagundu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.