Miarritzeri ez dio grazia handiarik egin euskal derbia galtzeak. Joan den igandean, Agileran, Baionaren aurka galdu ondoren (15-16), ahoak eta ateak itxita egon dira. Serge Blanco presidenteak, lehenik, jokalariei hedabideekin mintzatzea debekatu zien. Astean zehar, debekuak berean iraun du, nahiz eta, egunak pasatu ahala, gauzak lasaitu egin diren. Derbiko porrotaren trago txarra oraindik pasatu gabe dago. Baionaren aurkakoa jarraian galtzen zuen hirugarren partida zen Miarritzerentzat. Sasoi hastapen on baten ondotik, zenbakiak belzten ari dira, nahiz eta xuri-gorriak oraino sailkapeneko laugarren postuan egon. Buruko minak ez ugaritzeko, ordea, berriz irabazten hasi beharra daukate.
Horretarako, egutegi bihurria dauka. Etxeko bigarren porrota saihesteko, Toulon Top14ko txorimalo berriari irabazi beharko dio. Ondotik, Clermontera joanen da —bi urte dira Clermontek etxean galdu ez duela—. Fase hori bururatzeko, Grenobleri eginen dio bisita —talde hori sasoi hastapen bikaina egiten ari da—. Datorkiona ikusiz, derbiaz maldizioka segitzeko tarterik ez du Miarritzek: «Sekulako kolpea hartu genuen, baina berehala lanean hasi gara Toulonen partida prestatzeko», dio Jack Isaac Miarritzeko gibelekoen entrenatzaileak. Mediterraneokoek beldurra emateko moduko taldea daukate, eta ez da aise izanen irabaztea: «Toulonekin, gutxienez, gauzak garbi daude: jokalari guztiak dira onak».
Matt Berquist, lehenengoz
Lana erruz egin beharko du Miarritzek Touloni irabazteko. Mediterraneokoak asmo handiz heldu dira Euskal Herrira: «Heineken Kopa hasiko da hurrengo astean. Bi txapelketetan ondo aritu nahi dugu. Prestaketa ona izanen da Miarritzeren aurkakoa», azaldu du Bernard Laporte Touloneko kirol zuzendariak. Miarritzen argi dakite talde sendoa izanen dutela parean. Touloneko jokalarien izenek errespetua sortzen dute: Wilkinson, Masoe, Sheridan, Bakhies Botha, Hayman... Aulkian ere izarrak egonen dira: Gethin Jenkins, Frederic Michalak, Simon Shaw, Mathieu Bastareaud...
Armada horri pare egiteko, Miarritzek aldaketen alde egin du aste honetan. Derbiko gerlaren zauriak behar bezala sendatzeko, jokalari batzuek atseden izanen dute. Beste batzuek, estreina izanen dute xuri-gorri gisa. Mat Berquist Zeelanda Berriko irekitzaileak, esate baterako. Dublingo Leinsterretik etorri da uda honetan, eta arazo fisiko batzuk tarteko, ez du jokatzerik izan orain arte Top14an. Arratsalde honetan, haren lehen partida izanen da. Haren eskarmentua eta zango jokoa ez dira sobera izanen Miarritzerentzat Touloni irabazi ahal izateko.
MIARRITZE-TOULON
Miarritze. Barcella, Genevois, Kodela; E. Lund, Dubarry; Lauret, Lakafia, Guyot; Lesgourgues, Berquist; Brew, Traille (kap.), Gimenez, Ngwenya; eta Balshaw.
Toulon. Sheridan, Bruno, Hayman; Botha, Suta; Van Niekerk (kap.), Masoe, S. Atrmitage; Tillous-Borde, Wilkinson; Smith, Giteau, Mermoz, Martin; eta D. Armitage.
Epailea. Peter Fitzgibbon.
Lekua. Agilera (13.500 ikusle).
Ordua. 15:00 (C+ Frantzia).
Txorimaloari irabazi behar
Miarritzek Toulon ahaltsuari irabazi beharko dio gaur, Top14ko azken partidetako bolada txarra errotik etetekoJoan den igandean, bukaera-bukaeran galdu zuten lapurtarrek Baionaren aurka (15-16)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu