GRANADA 2-3 REALA

Txuri-urdinak olatuaren aparretan daude oraindik ere

Imanol Alguacilek entrenatutako taldea aurkaria baino gehiago izan da, baina garesti ordaintzear egon da atzean egindako hutsak. Aritz Elustondok bi gol sartu ditu, eta Sorlothek min hartu du

Aritz Elustondo eta Mikel Merino, garaipenaren gola ospatzen. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko irailaren 23a
22:03
Entzun

Taldean min hartuta dauden bederatzi jokalariren inguruan galdetu zioten Imanol Alguacili Granadan (Espainia) jokatu bezperan. Ea horrek zein ondorio izan zitzakeen. Ez zuen zalantza egin: «Ez du merezi kexatzea. Gaudenekin partida guztiak irabaz ditzakegu». Bete-betean asmatu du Realeko entrenatzaileak. Txuri-urdinek Granadan irabazi dute: 2-3.

Garaipenari esker, Reala aparretan dago oraindik ere. Hamahiru puntu ditu lehen sei jardunaldiak jokatuta. 2010ean Espainiako Lehen Mailara igo zenetik behin bakarrik lortu du halako uzta ederra. Duela bi sasoi izan zen: hamahiru puntu eskuratu zituen. Bigarren postuan zegoen. Orain, hirugarrengoan dago. Baina gutxienekoa da hori. Bikain ari da.

Alguacilek konfiantza osoa du jokalariengan. Sinetsita dago zelaira irtengo denak ez diola huts egingo. Argi geratu da hori berriz ere. Lau aldaketa egin ditu Sevillaren aurkako hamaikakoarekin alderatuta: Ryan, Zaldua, Gebara eta Navarro aritu dira Remiro, Gorosabel, Zubimendi eta Isaken ordez. Atezainarena izan da aldaketarik aipagarriena, Remirok ez baitzuen golik jaso ligako azken lau partidetan, eta australiarrak oraindik ez baitzuen jokatu.

Realak indartsu ekin dio partidari, eta bosgarren minuturako jada bi aukera garbi izan ditu. Nagusi zen. Baina zorigaiztoko jokaldi batek aldatu du dena. Bederatzigarren minutuan, korner batean, Germanek buruz errematatu du, eta Gebarak bere atean sartu du gola. Kolpea izan da, baina txuri-urdinak suspertu egin dira, eta berriz ere arriskuko jokaldiak sortzen hasi dira. Baina ez dute asmatu, eta atzetik joan dira atsedenaldira.

Lehen zatian egin bezala, indartsu ekin diote bigarrenari. Oraingoan, ordea, eraginkor aritu dira, eta bi gol sartu dituzte lehen ordu laurdenean: Merinok lehena, eta Aritz Elustondok, bigarrena. Baina zailena egin eta gero, huts egin dute berriz ere. Gebarak penalti inozoa egin dio Baccari 69. minutuan, eta Millak binakoa lortu du. Hori gutxi balitz bezala, Sorlothek min hartu du; beste bat. Baina hori guztia bazter batean geratu da 82. minutuan, lehen golean egin bezala, Aritz Elustondok atzetik aurrera eginez 2-3koa sartu duenean. Gol horrek estuasun guztiak ahaztuarazi ditu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.