REALA 1-1 CELTA

Txuri-urdinek harri berarekin egin dute tupust

Lehen jardunaldian, Gironaren aurka gertatu bezala, Realak lehen gola sartu du, baina, gero, behera egin du, eta ez da gai izan aldeari eusteko. Celtak 93. minutuan berdindu du

Brais Mendez eta Alex Remiro, burumakur, Oscar Minguezak luzapenean bana berdindu eta gero. JUAN HERRERO / EFE
jon eskudero
2023ko abuztuaren 19a
20:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizakia omen da bi bider harri berarekin tupust egin dezakeen bakarra, eta esaerari arrazoi eman diote Realeko jokalariek gaur, Anoetan. Pasa den astean toki berean Gironaren aurkako partidan egindako bekatu guztiak errepikatu baitituzte txuri-urdinek Celtaren aurka. Lehen zatian, Barrenetxearen gol bati esker aurrea hartu dute, eta bigarren gola egiteko aukera bat edo beste ere izan dute. Ordea, gehiegi barkatu eta garesti ordaindu dute azkenean. Azken txanpan erasoan jo eta ke aritu da Celta, eta hiruzpalau geldiketa bikain egin behar izan ditu Remirok. Baina 93. minutuan jaso dute saria galiziarrek, Minguezaren gol bati esker. Hortaz, bigarren astez jarraian, kolpe latza jaso du Realak, eta ezin esan daiteke denboraldi hasiera ona izan duenik. Etxean bi partida jokatuta, soilik bi puntu eskuratu baititu.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, lehengo astekoarekin alderatuta aldaketa bakarra egin du Imanol Alguacilek: Barrenetxea zelairatu du Oiartzabalen ordez. Hasiera bizia eta erritmo handikoa izan du partidak, eta alde batean zein bestean izan dira aukerak. Lehen minuturako gertu izan du gola Carlos Fernandezek, baina Larsenek ere erantzun du beste arean. Ongi ari zen Reala erasoan, nahiz eta galiziarrek ere asmatu duten kontraerasoan jokatzen. Sotelak zutoinera bidali du baloia hamargarren minutuan. Bero saparekin, ero eta kontrolik gabe zihoan lehia, eta halakoetan gertatu ohi denez, kalitatea izan da erabakigarri. Kubok jokaldi aparta osatu du hegalean, eta eskuin hankarekin erdiratuta, Barrenetxeak gol ederra sartu du buruz, 22. minutuan. Apustua ongi atera zaio Imanoli.

Zailena egina zuten etxekoek. Golaren ondoren, goitik behera egin du Celtak, ohikoa duen moduan. Erraz galtzen du konfiantza, eta atsedenaldira bitarte burua altxatzea kosta egin zaio. Horixe baliatu du Realak jokoa kontrolatu eta partidari intentsitatea jaisteko. Presarik gabe jokatu du, eta ez du aparteko aukerarik sortu. Baina areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean oso gertu izan du gola Brais Mendezek lehen zatiko azken jokaldian. Haren jaurtiketak zutoinean jo du.

Imanol, haserre

Bigarren zatiari begira, partida kontrolpean zuen Realak, baina ez erabakita. Eta nonbait, pasa den asteko lezioa ikasi gabe geratu zaie txuri-urdinei. Rafa Benitez Celtako entrenatzaileak aldaketa taktikoa egin du, erdiko hiru atzelari zelairatuta, eta eskema horri aurre egin ezinda aritu da Reala. Baloi mordoa galdu du zelai erdian, eta defentsan ere inoiz baino bigunago aritu da. Imanol bera haserre agertu da prentsa aretoan neurketa amaitu berritan. «Bigarren zatiaren hasiera ez da normala izan. Haien presioa erdipurdikoa izan da, eta, halere, baloiak galdu eta galdu ibili gara. Urduritasunak eta neke fisikoak eragin ditu huts horiek». Taldearen arazoak ikusita, 60. minuturako Oiartzabal eta Sadiq zelairatu ditu, baina erabakiak ez dio fruiturik eman taldeari.

Azken txanpari begira, emaitza bera zuen albisterik onena etxeko taldeak, eta horri eusten gogor ahalegindu da. Zeregin horretan, Remiro izan da onena, soilik bigarren zatian sei geldiketa on egin baititu. Iago Aspasi falta batean ongi erantzun dio, eta Solak ere bere atean golik ez du sartu Remiroren hanka agertu delako azken unean. Baina ikusten zen arriskua bazegoela, eta 93. minutuan jaso dute saria galiziarrek, Minguezaren golari esker. «Celtak lehenago merezi zuen berdinketa, eta ontzat ematen dugu puntua. Sentsazio txarrak utzi dizkigu partidak», aitortu du Imanolek.

Realak datorren ostiralean jokatuko du hurrengo partida, Las Palmasen zelaian. Ondo bidean, Mikel Merinok eta Jon Ander Olasagastik jokatu ahal izango dute, baita Arsen Zakharianek ere. Realak sei denboraldirako fitxatu du 20 urteko erdilari errusiarra. Hamabi milioi euro inguru ordainduko dizkio Dinamo Moskuri haren truke. Realak guztien ekarpena eskertuko du, orain arte ikusi den bezala, denen beharra baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.