Futbola

Txutxi Aranguren hil da, Athleticeko eta Alaveseko entrenatzaile ohia

Talde zuri-gorriko atzelaria izan zen gazte garaian, eta hiru aldiz zuzendu zuen Alaves. 66 urterekin hil da, bihotzekoak jota.

2011ko martxoaren 22a
08:44
Entzun

Txutxi Aranguren Athleticeko eta Alaveseko entrenatzaile ohia atzo hil zen 66 urterekin, bihotzeko batek jota. Portugaleten jaioa, talde zuri-gorriko jokalaria izan zen 1960ko eta 1970eko hamarkadan, ezker atzelari, eta bi Espainiako Kopa irabazi zituen 1969an eta 1973an. 318 partida jokatu zituen, eta lau gol sartu. Hamahiru denboraldi jokatu zituen lehen taldean.

Jokatzeari utzi ondoren entrenatzaile lanetan aritu zen. "Ni ez naiz Lezaman geratuko baloiak jasotzeko", esan zuen orduan. Alaves (hiru alditan), Cartagena, Deportivo, Logroñes, Sporting, Athletic, Levante eta Cartagonova taldeak entrenatu zituen, ordena horretan. "Handietako bat joan zaigu", esan zuen atzo Fernando Garcia Macua Athleticeko presidenteak. Entrenatzaile izateaz gain, Lezamako harrobiko arduradun ere izan zen Aranguren Athleticen.

Alaves hiru mailatan zuzendu zuen.

Alaves Bigarren B Mailatik atera zuen entrenatzailea izan zen, eta guztira hiru mailatan entrenatu zuen. Kirol aro distiratsua bizi izan zuen Gasteizko taldeak Arangurenekin 1970eko hamarkadaren amaieran, eta orduan Lehen Mailara igotzekoetan izan zen. Bigarren aldiz taldea hartu zuenean ere helburu hori lortzear izan zen. Hirugarren aldian, azkenik, taldea Lehen Mailan hartu eta maila gorenean zuzendu zuen Alaves. Datorren igandean Mendizorrotzan, Peña Sport taldearen aurkako partida hasi aurretik, minutu bateko isilunea gordeko dutela jakinarazi du Alaveseko zuzendaritzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.