Txirrindularitza. Merkatu berriei begira

UCIk esana...

Australian hasi eta Txinan amaituko da aurten ere World Tour lehiaketa. Orain gutxi arte Europan zegoen txirrindularitzaren muga, baina, diru hotsak tarteko, beste bazter batzuetara zabaldu da aspaldian.

Tropela, aurreko denboraldiko World Tourreko azken lasterketan, Pekingo Tourrean. BERRIA.
unai zubeldia
Donostia
2012ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Eskerrik gabeko plana. Horixe da UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren azken urteotako joera. Planak asko dauzka, baina planak adina kritika entzuten du gero. «Negozioa da hau, UCIk egin eta desegiten duen negozioa. Hazten ari den herrialdea dela eta ahalmen ekonomiko handia daukala iritzita, hark Txinara joan behar dugula erabakitzen badu, Txinara joan beste aukerarik ez daukagu guk». Juanma Garate Rabobankeko txirrindulariaren hausnarketa hori nahikoa da txirrindularitzaren norabidea erabat zuzena ez dela ulertzeko. «Guk oihartzun ekonomiko eta mediatiko berbera lortzen dugu Frantziara joanda». «Txirrindularitza nazioartera zabaltzeko prest» dago irundarra. «Baina modu honetan, ez».

Euskal Herrian astearte goizaldeko 01:30 direnean hasiko da UCI World Tourra, munduaren beste muturrean, Australian, Down Under Tourrarekin. Urte asko ez dela, Europa aldea bustitzen zuten txirrindulariek izerdi tantaz, baina UCIk aspalditik zeukan nazioartera jauzia egiteko asmoa. Urriaren 14an Txinan amaituko da asteartean Australian hasiko den ikuskizuna. Besteren artean, Quebecetik eta Montrealdik (Kanada) sartu-irtena egingo du tropelak, irailaren 7an eta 9an.

Igotzaileen mendateak eta esprinterren zuzenguneak ez daude Frantzian, Espainian, Italian edo Euskal Herrian bakarrik. Eta, horren erakusgarri, geroz eta talde gehiago joaten dira Qatarko, Langkawiko edo San Luiseko Tourrera, babesleei segika. Orain gutxi sinesten zaila zen herrialdeetan hasi da entzuten diru hotsa.

Diru hotsa, eta puntu hotsa. Hori baita txirrindularien artean eztabaida sortu duen beste ezaugarri bat. Aspaldian puntuka sailkatzen dira txirrindulariak, eta World Tourrean sartzeko besapean mordoxka bat hartuta iritsi dira Amir Zargari irandarra Ag2r taldera eta Mehdi Sohrabi herrikidea Lottora. «Errespetu guztiarekin, irandar baten puntuak erabakigarriak dira talde bat World Tourrean sartzeko edo hortik kanpo geratzeko?». Erantzuna barruan duela egin du galdera Garatek. «Ez dauka zentzurik».

Mikel Astarloza Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak bat egin du irundarraren iritziarekin. «Ez da normala Irango txapeldunak Europako beste edozeinek baino puntu gehiago edukitzea. Puntu banaketa ez da bidezkoa, denok dakigulako Iranen eta Europan zer-nolako maila dagoen. UCIk hanka sartu du herrialde guztietan puntu kopuru berbera banatuta». Pasaitarraren ustez, Munduko Txapelketak edo Olinpiar Jokoak dira horren erakusgarri.

Haimar Zubeldia RadioShack Nissan Trekeko txirrindulariak ere ez du ondo ulertzen UCIren jarrera. «Europa Tourrean eta Asia Tourrean puntu kopuru berbera eskuratzen du irabazleak, eta taldeek puntuei begira egiten dituzte fitxaketak. Izenei baino gehiago begiratzen zaie puntuei. Morrontza lanean aritzen direnen kalterako da UCIren sailkapena».

Miguel Madariaga Euskaltel-Euskadiko manager nagusiak argi dauka euren gisako taldeentzat «kaltegarria» dela UCIk hartu duen bidea. «Mundu guztira zabaldu da txirrindularitza, baina hori gauzatzeko aurrekontu eta segurtasun handia behar da, eta guk ez daukagu halakorik». Madariagaren hitzetan, «hamar-hamabi talde handienak batu, eta 1 Formularen gisako egitura sortzea» da txirrindularitza modernoaren bidea. «Gauzak aldatu ezean, Euskaltel-Euskadiren gisako proiektuak leku eskasa dauka hor, zaila delako Australiako proiektuei [GreenEdgerena] edo BMCren hogei milioi euroko aurrekontuari aurre egitea».

Ezkortasun orokorraren atzean, dena den, «aldaketa, funtsean, ona» izaten ari da, Astarlozarentzat. «Diruarengatik ari da txirrindularitza hainbeste aldatzen. Kanadan, Txinan edo Australian txirrindularitzan inbertsioa egin nahi duten enpresak badaude. Eta inbertsioa egiten duten unetik, ona da kirol honentzat».

Australiarrak, kanadarrak, estatubatuarrak, irandarrak... Astarlozak nabaritu du tropelean hizkuntza aldaketa. «Azken urteotan ingelesak indar handia hartu du tropelean. 2002an, profesionaletara iritsi nintzenean, ingelesa ia ez zen entzun ere egiten. Eta orain frantsesaren edo gaztelaniaren parean edo gainetik jarri da». Hamar urte atzera begira jarri da Zubeldia. «Orduan nekez ateratzen ginen Europatik, eta txirrindulari gehienak Europakoak izaten ziren. Australiarren batzuk izaten ziren tartean, baina gutxiengoa ziren».

Orainari helduta, Garatek argi du UCIren arauei men egiten dietela taldeek. «Eta guk taldeen erabakiak onartu beharra daukagu, haiek ordaintzen digutelako. Txirrindularitza hobetzeko eta globalizatzeko balitz, eta geure burua beste herrialde batzuetan ezagutaraziko bagenu, gaitz erdi. Baina txirrindulariok eta taldeak gara zirku honetako protagonistak, eta geu bakarrik ari gara geratzen ordainik gabe».

Australia, Kanada, Txina... «Urtebete barru Errusian ere lasterketaren bat izango den zurrumurrua badago...», argitu du Zubeldiak. Afrika ingurura joatea bakarrik falta zaio World Tourrari. «Eta hori ere iritsiko da». Taldeen egiturarentzat da bereziki nekeza munduko punta batetik bestera joatea. «Bizikleta asko eraman behar izaten dira, eta erabat beharrezkoa den materiala soilik eramaten da horrelako lasterketetara». Zubeldiak argitu duenez, iaz, Pekinen, erlojupeko batekin ekin zioten itzuliari. «Guztiok ados jarri ginen erlojupekoetako bizikleta bereziak ez erabiltzeko. Ezinbestekoa da lehen urteetan horrelako neurriak hartzea, bestela bideraezina delako egoera».

Pekingo Itzuli sortu berria «artifizial» hitzarekin definitu dute gehienek. «Bide bazterrean ez zegoen inor, eta zeudenak behartuta eramandakoak ziren». Ikusleak «antolatzaileek eurek» jarritakoak ziren susmoa dauka Astarlozak. Madariagak ere txirrindularitzarekiko «herrialde hotza» aurkitu zuen Pekinen. «Txinako selekzioak parte hartu zuen, eta oso maila apala eman zuen». Garateren esanetan, berriz, antolatzaileek Txinan ez zuten kontuan eduki txirrindularien elikadura ere. «Zer egingo dugu ondoren klenbuterolarekin zerikusia daukan eskandaluren bat badago?». Pat McQuaid UCIko presidenteak harro azaldu zuen erakusleiho ezin hobea zela Pekingo Tourra. Baina Garatek kritika zorrotza egin dio adierazpen horri. «Nola ez da, ba, gustura egongo? Bera da gure kontura poltsikoa bete duen bakarra!».

Kexatu arren, «zer eginik ez»

Hitzez kexatzen dira txirrindulariak. «Baina erabakiak UCIk hartzen ditu», argitu du Astarlozak. «Erabaki askoren aurka gaude gu, baina eurak daude agintean, eta zer egin gutxi daukagu». Iazko Pekingo Tourreko kutsadura jarri du adibidetzat pasaitarrak. «Izugarrizko kutsadura zegoen, baina, guztiaren gainetik, lasterketa egin beharra zegoen han, eta egin genuen. Aspaldi galdu genuen indarra».

«Txinan eskaintza erakargarria egin du UCIk», ondorioztatu du Garatek. «Eta urte batzuk barru Txinako txirrindulariz osatutako talde bat ikusiko dugu Tourrean. Eta Australian gauza berbera gertatzen ari da». Kanadara emandako pausoa soilik jo du balekotzat irundarrak. «Sona handi samarra lortu du. Azkenean, denbora eta borondate kontua da dena».

Irtenbide bila hasita, ez du onegirik aurkitu Rabobankekoak. «Sistema aldatu behar da. Orain UCIk nahi duena egiteko aukera dauka. Gurpil bakarrarekin lehiatu behar dugula esaten badu, hala egin beharko dugu, hark erabakitzen duelako dena. Horregatik aldatu behar da errotik UCIren kudeaketa». Madariagak ere aldaketa eskatu du. «Beste era bateko txirrindularitza, enpresak eta taldeak behar dira». Baina bitartean argi dago UCIren esanari men egiten jarraituko dutela taldeek eta txirrindulariek. «Eurek egin eta desegiten dutelako dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.