Uda betea daukate aurretik

Txapelketez gain, erakustaldiek betetzen dituzte herrietako plazak uda partean. Denetarik izaten da, modalitate guztiek baitute euren lekua. Festa giroa baliatuta, herriko jendea ere ari da animatzen horrelako probetan parte hartzera, euren kuadrillako lagunekin lehian arituz.

IBON ERRAZU.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Andoni Canellada / FOKU

«Taldeka egiten diren probek jendea erakartzen dutela ikusi dugu»
Lur Errekondo
Herri kirolaria

Binakako Pentatloian aurrenekoz parte hartuta ekingo dio udako denboraldiari Lur Errekondok (Usurbil, Gipuzkoa, 1995). Egutegia «lepo» dauka: «Alde batetik, ondo, baina, beste alde batetik, ez daukagu ezertarako astirik [barrez]. Uda txapelketaz eta erakustaldiz beteta daukat. Ni nahiko berria naiz honetan, baina besteek esaten zidaten oporrak hartzekotan urritik aurrera hartzeko, ordura arte dena beteta izaten baitugu». Azken orduko deiak izaten badira ere, hilabete dezenteko aurrerapenarekin deitzen diete udako erakustaldietarako.

Aurtengo uda antolatzeko, aurreko urtekoa hartu du erreferentziatzat Errekondok. Egunean bi erakustaldi izatera ere iritsi zen: «Ez da ohikoena nire kasuan, baina beste batzuen kasuan esango nuke baietz. Karmele Gisasola, adibidez: goizean erakustaldi bat leku batean, eta arratsaldean beste bat Euskal Herriko beste puntan». Halere, aurtengo egutegian iaz egin ez zuen proba bat begiz jota dauka: Ulia Harria: «Aurreko urtean ezin izan nuen parte hartu, kanpoan nengoelako. Aurten lan txukuna egin nahi dut proba horretan, eta ganorazko postu bat lortu». Usurbildarrak aitortu du ez duela normalean dena ematen erakustaldietan, eta ez dela fidatzen aurkariek ematen duten mailaz. Xedeen arabera estrategia bat edo beste erabiltzen du: «Aurkariak nola dauden ikustearena, alde batetik, ondo dago, baina ez naiz guztiz fio hortaz. Zu besteari begira egon zaitezke, baina hark ez dizkizu karta guztiak erakutsiko. Astearen eta helburuen arabera, helburu jakin baterako erabiltzen ditut nik erakustaldiak: entrenatzeko, txapelketa simulakro bat egiteko...».

Erakustaldiak afizioa sortzeko aukera apartak izan daitezke. Udako oporretan jendea librexeago ibiltzen da, eta beste «prestutasun» bat izaten da: «Festa giroan egiten dira, herriko festetan, plazetan antolatzen dira, jendea aldarte onez egoten da: udara, umore ona... Beste prestutasun bat izaten da, eta jai giroak asko laguntzen du hurbiltzeko eta erakustaldiaz gozatzeko garaian».

Modalitateak nahasteak ez ezik, taldeka egiten diren saioek ere «beste xarma bat» dutela uste du Errekondok: «Giroa sortzen du horrek, lehia sanoa egoten da, eta animo aldetik ere nabaritzen da jendeari gustatu egiten zaiola. Egia da erakustaldi batean lehenengo gauza bat, gero beste bat eta horrela ibiliz gero, xarma falta izaten dela. Baina hori dena jendeak momentuan eskatzen duenaren araberakoa da, eta orain badirudi taldeka egiten diren probek jendea erakartzen dutela».

Horrelako erronkak egiten hasi dira orain dela urte gutxi haren herrian, Usurbilen, herriko jendearekin, eta erantzun «bikaina» izaten ari dira: «Lehen aizkolariak eta harri jasotzaileak aritzen ziren, eta idi demak egiten ziren. Horri buelta bat ematea pentsatu zen, freskura pixka bat emate aldera. Oso dibertigarriak izaten dira horrelakoak, eta, gainera, herriko jende asko biltzen da, herrikoak direlako parte hartzen ari direnak».

IBON ERRAZU

«Modalitate nahasketak plaza asko janzten duela uste dut»
Jokin Urretabizkaia Basozabal
Herri kirolaria

Aurreko urtean Banakako Pentatloiko finalerako sailkatu zen, baina uko egin zion lehiatzeari, aizkorako txapelketa bat zuelako finalaren hurrengo egunean. Aurten, baina, horrelakorik ez gertatzeko, erabakia hartu du dagoeneko: aizkoran «zentratuko» da Jokin Urretabizkaia Basozabal (Donostia, 1999). «Ez dakit mereziko duen, baina aurten aizkorarekin bakarrik ibiliko gara udan. Iaz bezala, pentatloiko eta aizkorako datek kointziditu egiten dute aurten, eta erabakia hartu beharra zegoen».

Bat edo beste aukeratu behar izaten dute askotan herri kirolariek. «Zaila» izaten da parte hartu nahi den txapelketa eta erakustaldi guztietara joatea. Zoratuta ibiltzen dira batzuetan egutegiarekin, eta, jakin arren ez dela erraza dena txukun-txukun jartzea, Basozabalen ustez antolatzaileek elkarren artean adostu beharko lituzkete datak: «Denak elkartu, eta esan: data hauetan hau eta hau, hurrengoan beste hori... Guretzat horrela errazagoa da egutegi bat osatzea, eta haiei ere komeni zaie ahalik eta kirolari gehien joatea lehiatzera». Halere, txapelketez aparte, hamabost bat erakustaldi lotuta ditu dagoeneko. Gainera, «azken orduko deiak» izatea ere espero du.

Erakustaldian ez da ezer egoten jokoan, baina entrenamenduak ere ez dira. Aizkolari donostiarrak argi du «lehiaketak» direla. «Ez dira entrenamenduak, maila baxuago edo altuago batean, baina norgehiagokak dira. Ondo etortzen dira ondokoarekin alderatzeko, eta nola dagoen ikusi, zein mailatan zauden... Alde horretatik oso interesgarria dela iruditzen zait».

«Txapelketa giroa» egoten da udako erakustaldietan, eta horrek plaza ezin hobea egiten du lehiatzen hasi nahi duten kirolarientzat: «Tentsioa egoten da, ez txapela jokoan egoten denean bezainbeste, baina egia da beste erantzukizun bat duzula. Ez da komeni hasiberria zarenean txapelketetan hastea, urduri jar zaitezkeelako. Niri aurrekoan antzeko zerbait pasatu zitzaidan—23 urtez azpiko Urrezko Aizkorako finalean—: urduritasunak jo, eta ezin izan nuen nire lana txukun egin, aurreko ostegunean lan txukuna egin nuen arren entrenatzen. Herriko festetan plazak egiteak asko laguntzen duela uste dut gero horrelako egoeretan nerbioak kudeatzen jakiteko».

Herri kiroletan hemezortzi modalitate daude. Ohikoena da kirolari batek bakarra egitea, baina ez du beti zertan horrela izan. Azkenaldian, gainera, ikusi dute modalitate bat baino gehiagoko saioek jendea erakartzen dutela: «Horretaz konturatu gara, jendeari hori gustatzen zaiola: korrika, sega... lehia nahastu hori. Bat batean hobea izango da, baina besteak gero horri buelta emateko aukera du. Modalitate nahasketa horrek plaza asko janzten duela uste dut».

Marisol Ramirez / FOKU

«Txapelketetan txapela dago jokoan, eta beste maila bat egoten da»
Karmele Gisasola Zelai III.-a
Herri kirolaria

Alde batetik bestera ibiliko da udan Karmele Gisasola Zelai III.-a (Mallabia, Bizkaia, 1994). Badakienez datozen hilabeteetako asteak «bete-beteak» izango direla, oporrak iraila pasata hartuko ditu: «Ezinezkoa zaigu uztailean edo abuztuan deskantsatzea. Horrexegatik, ni urrian eta azaroan joaten naiz kanpora, eta aurten ere hala egingo dut».

Urte sasoi osoan izaten dira txapelketak, eta, udako festekin batera, erakustaldiek herriko plazak betetzen dituzte. Ezetz esatea ez zaie gustatzen herri kirolariei, baina batzuetan ez dago beste erremediorik: «Aurreko batean, abuztuaren 13an erakustaldi bat egiteko deitu zidaten, eta ezetz esan behar izan nien, hil horretako 14an Donostian eta 15ean Mallabian txapelketak ditudalako. Denetara ez naiz heltzen».

Pandemiak kalte handia egin zien kirol askori, baina, herri kirolen kasuan, bereziki emakumezkoetan, izugarri hazi zen, eta ordutik geroz eta indar handiagoa hartzen ari da. Zalantzarik ez du Zelai III.ak: txapelketa gehiago daude orain 2020 aurretik baino. «Aurretik ez zen ia nesken txapelketarik egiten. Nik esango nuke pandemiaren ondorengo kontuak direla ia gehienak: Zarauzko Harri Baldarren Txapelketa, Donostiako Ulia Harria... Gizonezkoenak bai egin direla bizi guztian, baina emakumezkoenak pandemian edo pandemiaren ostean sortutakoak dira».

Polita izaten da erakustaldietan sortzen den giroa —festa giroa gehienetan—, baina bat edo beste aukeratu behar izaten dutenean, mallabitarrak argi du txapelketak gehiago gustatzen zaizkiola: «Txapelketa batean beti dago txapela jokoan; erakustaldi batean, ez. Horietan, herrira joan, egin beharrekoa egin, eta listo. Ez dago besterik. Alde horretatik, txapelketek beste maila bat dute». Hainbat data gordeta dauzka dagoeneko: Bizkaiko Harri Jasotze Txapelketa (uztailak 23), Euskal Herriko Ingude Txapelketa (abuztuak 6), Ulia Harria (abuztuak 14) eta Mallabiko Harri Jasotze Txapelketa (abuztuak 15). Azken biak oraindik ez dira ziurrak. Halere, jakin badaki iraila izango dela hilabeterik «potenteena»: Banakako Pentatloia, Zarauzko Harri Baldarra, Bizkaiko Aizkora Txapelketa...

Sanjoanetan sua pizten denetik, Euskal Herriko herri guztietan nabarmentzen da jai giroa, eta garai alai horrek herritarrak gauza berriak probatzera animatzen ditu. Azkenaldian, geroz eta ohikoagoa da herriko jendearekin egiten diren herri kirolen erakustaldi eta erronkak ikustea festetako programan. «Oso politak» iruditzen zaizkio halakoak Zelai III.ari: «Herri asko saiatzen dira euren kabuz saioak aurrera ateratzen, gazteekin eta. Orain arte ematen zuen derrigorrez herri kirolen familia batekoa izan behar zenuela honetan hasteko, eta ez da horrela, inondik inora. Materiala ez da hain erraz lortzen, baina edozeinek egin dezake. Gurera, esaterako, nebaren [Jon Gisasola Zelai V.a] eta lehengusuaren [Ioritz Gisasola Zelai IV.a] lagunak etortzen dira harria jasotzera eta elkarren aurkako apustuak prestatzera. Halakoak oso politak izaten dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.