Augusto Ibañez Titin III.a (Tricio, Espainia, 1969) tartean badago, ez dago urrun zalaparta. Tolosako Beotibar pilotalekuko giroak lasai behar luke, baina kontrakantxan gora eta behera dabil jendea zirikatzen. «Antzematen zaio bolada onean dela; galtzen duenean ez da hala ibiltzen. Hori ere, gero eta zaharrago, gero eta petralago», esan dio kazetariari pilota munduko pertsona ezagun batek. Elkarrizketarako lasaitu da Titin III.a. Umoreko dago.
Zer moduz?
Ondo, pozik finalerdietan sartu garelako. Txapelketa erregularra egin dugu; partida pare bat kenduta, maila ona eman dugula uste dut. Partida onak, txarrak… Gure lehen helburua lortu dugu.
Zer moduz daude belaun horiek?
Ondo. Egia esan, ni ere harrituta nago. Duela bizpahiru urte bolada txarra pasa nuen, min ematen zidatelako, ezin entrenatuta ibili nintzelako… Baina, azken bi urteetan, ez didate arazorik eman; ez dut gelditu behar izan, eta tratamendu berezirik egin gabe gainera.
43 urterekin zerk arduratzen zaitu?
Lehiakorra izateak. Lehen tantotik azkenera arte lehiatzeak. Nire maila ematen ez badut, larritzen naiz, baina txapelketan eman dut.
Iazko binakakoa ez zen ona izan, uda garaia ere ez, lau t'erdia… Asko zabaldu zen Titin bere onenak emanda zegoela. Entzuten al zenuen hori?
Bai, baina normala zen. Denok ditugu bolada txarrak, eta nik txakalaldia dudan bakoitzean jendeak kalera bidali nahi izaten nau. Nire adinarekin normala da, eta nik kritikak onartzen ditut. Nik badakit uda ez zela ona izan, lau t'erdikoan partida bakarra jokatu nuela… baina ilusio berarekin entrenatu naiz, eta jokatu ere hala egin dut.
Maila pertsonalean txapelketa ona egin duzu; aldarri pertsonala al da?
Pilotari guztiak egunero irteten gara geure burua aldarrikatzera eta gure ibilbideko partidarik onena jokatzera. Enpresa eta zaleak konbentzitu nahi dituzu, eta beste pilotariak, ahul ikusten bazaituzte zanpatu egingo zaituztelako. Niretzat partida bakoitza da berezia, hurrengoa azkena izan daitekeelako.
Zer moduz David Merinorekin? Agerikoa da harremana berezia dela.
Egia da. Jokoaz haratagoko konfiantza izatea ona da. Dagoen tokian egotea merezi du; bi urte bikain egiten ari da, eta are gehiago udan izan zuen gaixotasunarekin. Gaztea eta beteranoa gara; ni beti badaezpada ere gazteengana gerturatzen naiz ea zerbait xurgatzen dudan! [barrez]; baina bai, elkar ondo hartu dugu. Hark, gainera, oinak lurrean ditu, lagundu behar zaituenean laguntzen zaitu, eta aholkuak gustura entzuten ditu.
Motibazioa da harekin jokatzea? 21 urte gazteagoa da, biak errioxarrak zarete…
Bai, pilotari errioxar asko ez gaude, eta hamahiru urte ziren bi errioxar ez ginela sartzen finalerdietan. Pixka bat gehiago motibatzen zaitu, Errioxan ere ikus dadin pilotariak bagaudela.
Asko hitz egiten duzue? Hor bai nabarituko dela adin aldea.
Egunero, bai, agian gehiegi. Alde horretatik gurutze bidea da. Nik beti esaten diot: aste osoan elkarrekin egon eta gero asteburuan berriz ere elkarrekin… Baina denetarik hitz egiten dugu, serioan ondo, eta txantxetan ere bai. Logroñon elkarrekin entrenatzen garen taldeok—Merinotarrak, Cecilio, Gorka...— urte asko daramatzagu, eta harreman ona dugu.
Zu izango zara Twitterrik ez duen multzoko bakarra.
Ez, ez… Gauza askorekin konbentzitu naute, baina hori ez, hori gazteentzat. Nik ezetz esan diet.
Zerekin konbentzitu zaituzte bada?
Whatsapp, SMS mezuak… baina Twitterrik ez.
Ezustekoa al zarete?
Ez gu, ez finalerdietan sartu diren besteak. Hamalau partidako txapelketa batean finalerdietara sartzen den inor ez da ezustekoa.
Zure kinielan sartzen zineten?
Konfiantza eta ilusioa nuen. Egia da David gaixo egona zela eta nire uda ere ez zela ona izan… Jendeak zioen ez ginela faboritoak eta ea zer maila ematen genuen ikusi behar zela. Erronka bikoitza izan da, eta uste dut apurka sasoia hartu izanak mesede egin digula. Guk, halere, geure buruarengan sinesten genuen.
Pilotek hauts asko harrotu dute; hainbesterako al da?
Denbora bat daramat pilotei buruz hitz egin gabe, baina hitz bakarrarekin erantzungo dizut: ez.
Alegia, ez dela hainbesterainokoa?
Pilotariok jokatzen dugu, eta duela gutxira arte %90 kexatzen ginen, eta %10a ez. Nik esango nuke orain ez direla pilotarien %90 kexatzen.
Zer moduz zinegotzi lanetan?
Beste arlo bat da, eta ilusioz ari naiz. Asko ikasten ari naiz, eta batez ere arlo honekin jakin nahi nuena ikasten ari naiz, Logroñoko, nire hiriko kirola hobeto ezagutzea: kluben jarduna, azpiegiturak, gazteei nola lagundu… Mundu bat da. Nirea kirola, kirola eta kirola da, ez iezadazu beste ezeri buruz galdetu.
Pilotalekuak gaizki badaude, ederrak entzun beharko dituzu.
Bai, bai, adinekoak eta palaz jokatzen dutenak… Hori ezin da txarrera hartu. Asko ikasten ari naiz, eta esan beharra daukat udal batzordean jende bikaina dudala alboan eta nire pilotari jarduna ulertzen dutela.
Jendearekiko tratua aldatu al da?
Ezetz uste dut, edo behintzat nire jendearekikoa ez. Ni Augusto Ibañez deitzen naiz, eta pilotan Titin III.a. Ni pilotalekuetara noa, jokatzera, nire ogibidea da, eta hau, iaztik, nire bizitzako beste arlo bat da. Jendearekiko dudan tratua ez da aldatu, eta argi dut ez daukala zertan aldatu.
Bikoteren bat edo beste ezkondu duzu gainera.
Bakarra, eta aurki beste bat. Polita da hori. Zinegotzien artean banatzen den ardura da, eta laster egokituko zait berriro.
Pilotariz jantzita egin dezakezu.
Utziko balidate, zoragarri, nik ez nuke inolako arazorik izango, baina ez, gorbata eta guzti joan beharra dago.
Urte bukaeran bukatuko duzu kontratua Asperekin. Zuregatik balitz, orain berrituko zenuke?
Bai. Ni ilusionatuta nago, eta oraindik lehiakorra izan naitekeela uste dut. Noski, gero eta zailagoa da, baina egunero aurkariak estutzeko gai naizela uste dut.
Urtebeterako?
Bai, ez dakit. Nik garbi dudana da berritzen ez badidate ahalik eta goizen jakin nahiko nukeela. Urte hau gelditzen zait, eta ahalik eta goizen jakin, hobe.
Zenbat denbora da «noiz arte?» galdetzen dizutela?
Galdetzen badidate, gaitz erdi, hor jarraitzen dudan seinale [barrez]. Lauzpabost urte izango dira «noiz arte?» galdetzen didatela eta nik «beste urtetxo bat bai» erantzuten dudala. Normala da. Kazetariek galderak egin behar dituzte, eta ez dut gaizki hartzen. Noiz arte? Argi dago orain lesio larria izango banu ezingo nintzela gaztetan bezala berrindartu, edota eskuetako arazoak izango banitu, edo enpresak nigan konfiantza galduko balu, erretiroa gertuago ikusiko nuke... Ni pozik nago; txapelketa honek mesede handia egin dit. Enpresak nirekin jarraitu nahi badu badakit ez dela hiru edo lau urterako izango, baina beste urtebete-edo gustura jarraituko nuke, eta hori erabakitzekotan, uda aurretik jakin nahiko nuke. Uda aurretik ondo legoke entzutea «begira urte honetan bukatuko duzu» edo «beste urtebetez jarraituko duzu». Gero uda hasten delako, partidak… eta nik uste data hori egokia litzatekeela, aurretik beste lau edo bost hilabete geldituko litzaizkidakeelako.
Augusto Ibañez, 'Titin III.a'. Aspeko pilotaria
«Uda iritsi aurretik jakin nahiko nuke kontratua luzatuko didaten ala ez»
Azken urte kaskarra ahaztu du binakakoan, eta txapelketak «mesede egin» diola onartu du. 43 urte dituen arren, Asperi mezu argia bidali dio: beste urtebetez jarraitu nahi du, gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu