Udako joerari eutsi diote

Boladaka bikain jokatu arren, Peña II.ak behar baino gehiago sufritu du Elordi mendean hartzeko: 22-19. Partida ona izan bada ere, opari gehiago egin dituzte

Peña II.a pilota jotzen, albo batean Elordi duela, atzo Bilbon jokatutako lau eta erdiko partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon eskudero
2023ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Abiaduran bizi, sakean zorrotz eta errematean fin. Eta, halere, komeriak. Jon Ander Peñak ederki sufrituta eskuratu zuen lau eta erdiko final-laurdenetako ligaxkako lehen puntua, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Aitor Elordiren kontra: 22-19. Partida ona jokatu arren, behar baino gehiago sufritu zuen tolosarrak, detaileetan sarri huts egin baitzuen. Ohi bezala, goi mailako jokoa egin zuen boladaka, baina aurkaria mendean zeukan hainbat momentutan opariak egin zituen, eta azkenean hortzak ongi estututa irabazi zuen. Ia beti aurretik ibili zen markagailuan, bost tantoren aldea ere izan zuen uneren batean, baina, halere, garaipena arriskuan izan zuen azkenera arte. «Tentsio handia nabaritu dut, eta boladaka oso ongi jokatu arren, opari gehiegi egin ditut». Zazpi pilota galdu zituen Peña II.ak; Elordik, bederatzi. Bere mailatik behera jokatu bazuen ere, egindako lanarekin konforme agertu zen mallabitarra. «Uda zaila izan dut, eta pozik nago nire lanarekin. Garaipena hain gertu ikusi, eta lortu ez izanak mintzen nau».

Jakina zen pilotari bakoitza zein dinamikatatik zetorren, eta, horregatik, apustuzaleek Peña II.a jo zuten faborito partida hasieran. Lehen sakea ere hari egokitu zitzaion, baina estreinako tantoa Elordik egin zuen. Itxura bikaina emanda, gainera. Ordea, soilik tanto baten kontua izan zen, Peña II.a gehiago izan baitzen hurrengo tantoetan. Abiadura bizian ibili zuen pilota, konfiantzaz gainezka aritu zen, eta, aireko jokoari esker, dantzan ibili zuen Elordi. Horri esker, 5-1 aurreratu zen tolosarra. Hots, arratsaldeko lehen oparia egin zuen orduan, eta aukera ez zuen alferrik galdu Elordik. Sakea eta sake errematearekin bosna berdindu zuen lehia. Bere onenean egon ez arren, pilotari on baten zantzuak azaldu zituen bizkaitarrak. Bosna ez ezik, seina eta zazpinaere egon zen partida. Nabarmentzekoa izan zen sakearekin zein errestoarekin zein dotore aritu ziren bi pilotariak.

Izerdia botatzen joan ahala, pixkanaka jokoa bere aldera eramaten hasi zen Peña II.a. Erasoan jokatu zuen une oro, eta, nola ez, eroso sentitu zen zeregin horretan. Ezker zein eskuarekin nahi zuen tokian ipini zuen pilota, eta bazirudien garaipena bideratzen hasteko modua izango zuela. Dena den, 11-7 aurretik zihoala beste opari bat egin zion aurkariari. Sinple jokatu beharrean, jokaldirik zailena hautatu zuen beste behin, eta eskuin boleaz jotako horma bikoak txapa azpira alde egin zion. Zerbait falta badu, onenen artean egoteko erregulartasuna falta du tolosarrak, eta atzo ere bekatu berak egin zituen. Nola ez, berriz ere sakea hartu eta tanto bakar batera hurbildu zen Elordi. Lehen atsedenaldi luzean, berriz, 12 eta 10 aurretik zen Peña II.a.

Bada, partidaren bigarren zatiak gidoi bera izan zuen. Opariak opari, erritmo ikaragarrian jokatzen jarraitu zuen Peña II.ak, eta aurkaria erabat gainean izan arren, ez zuen inoiz ere burua jaitsi. Neurketako alderik handiena lortu zuen atsedenalditik bueltan, bost tantorena: 17-12. Airez ez ezik, botez ere bizi eta zentzuz mugitu zuen pilota tolosarrak, eta jada bazirudien ongi bideratuak zituela gauzak. Baina, ez. Berriz ere itxaropenari eutsi zion Elordik. Erasoan hiruzpalau tanto eder eginda, 17-16 gerturatu zen lehenbizi, eta 20-19 ere bai ondoren. Sakearekin eta errematearekin fin ibili zen buruz buruko txapelduna. Dagoeneko edozer gauza gerta zitekeen, eta une erabakigarrian hortzak estutzen asmatu zuen Peña II.ak. Sufritzen jakin zuen, tenpleari eusten. «Buruz izugarri gogorra izan da partida, eta pozik nago psikologikoki ez dudalako behera egin», aitortu zuen Baikokoak. Horri esker, garaipen garrantzitsua lortu zuen azkenean.

Gaur, Lekunberrin

Dena den, Peña II.ak berak aitortu bezala, badu zer hobetua hurrengo partidei begira. Besteak beste, gaur zortzi Altuna III.aren aurka neurtu beharko ditu indarrak, Eibarko Astelenan. Amezketarrak 22-15 irabazi zion Artolari herenegun. Hortaz, Artolak eta Elordik galtzaileen artekoa jokatuko dute elkarren aurka, datorren larunbatean, Tafallan. Bestalde, final-laurdenetako lehen jardunaldia gaur amaituko da, Lekunberrin, Ezkurdia eta Salaberriaren artekoarekin (17:00, ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.