PILOTA

Udako torneo berria aurkeztu dute: Caixabank Mastersa

Aspeko eta Baikoko zortzi bikote mistok hartuko dute parte, eta uda osoan jokatuko da. Hamalau jardunaldiko ligaxka izango da; gero, finalerdiak; eta, azkenik, finala. Irribarriak atzelari postuan jokatuko du, Mikel Urrutikoetxearekin. 

Pilotariak, maskararekin, aurkezpenean. FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 23a
11:29
Entzun

Iritsia da normaltasun berria, eta hartara egokitu beharra dago aurrera egiteko. Horixe egin du esku pilota profesionalak. Koronabirusa dela eta, ilunpean egon da denbora luzean, baina badira aste batzuk argi izpi batzuk ikusten hasia zela. Eta, gaur, argitara atera da. Aspe eta Baiko Pilota enpresek Udako Binakako torneoa aurkeztu dute Bilbon, Bizkaia frontoian. Txapelketa berri horrek amaiaraziko du hiru hilabete pasatxoko etena: Caixabank Mastersa izena izango du.

Ofizialki gaur aurkeztu dute, baina jakinak ziren zenbait xehetasun: batetik, Aspeko eta Baikoko pilotariek osatutako zortzi bikote mistok hartuko zutela parte; eta, bestetik, zer lau tokitan jokatuko zen lehen jardunaldia: bihar, Eibarren (Gipuzkoa); ostiralean, Zeanurin (Bizkaia); larunbatean, Bilbon; eta uztailaren 1ean, Irunen (Gipuzkoa).

Hori jakinda, garrantzitsuena falta zen: lehian ariko ziren bikoteen berri izatea. Eta gaur jakinarazi dute Aspek eta Baikok pilotarien banaketa. Hauek dira zortzi bikoteak: Altuna III.a-Imaz; Artola-Rezusta; Bengoetxea VI.a-Martija; Elezkano II.a-Aretxabaleta; Ezkurdia-Aranguren; Jaka-Albisu; Olaizola II.a-Zabaleta; eta Urrutikoetxea-Irribarria. Aldaketak daude Binakako Txapelketarekin konparatuta: Elezkano II.a, Aretxabaleta eta Aranguren ariko dira; Unai Laso, Ladis Galarza eta Jon Mariezkurrena, ez; Irribarriak atzelari postuan jokatuko du; eta Urrutikoetxeak, aurrelari gisa. 

Azken Binakakoaren Txapelketak bezala, ligaxka bat jokatuko dute, hamalau jardunaldikoa; beraz, bikote guztiek bitan jokatuko dute elkarren aurka. Gero datoz berritasunak. Izan ere, aurreneko lau bikoteak finalerdietarako sailkatuko dira —lehena, laugarrenaren aurka ariko da, eta bigarrena, hirugarrenaren aurka—, eta bi partida horietako irabazleek finala jokatuko dute.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.