Kirola

UEFAk Gibraltar onartu du eskubide guztiak aitortuta, NBEn ez dagoen arren

2001ean aldatu zuten UEFAren araudia, eta handik aurrera futbol federazio bat onar dezaten NBEk onartutako herrialde bateko kide izatea eskatzen zuen. Gibraltarrek UEFAn sartzea 1997an eskatu zuelako lortu du sartzea.

jon ordonez garmendia
2013ko maiatzaren 24a
17:21
Entzun

Europako Futbol Federazioen Elkarteko (UEFA) 54. herrialdea izango da Gibraltar. Urriaz geroztik behin-behinean zuen eskaera onartua, baina gaurtik aurrera eskubide guztiekin izango da UEFAko kide, nahiz eta Gibraltar ez izan Nazio Batuen Erakundean dagoen herrialde bat. Kirol Arbitratze Epaitegiaren (TAS) ebazpen batean oinarritu da UEFA; horrek ebatzi zuen Gibraltarrek 2001ean araudia aldatu aurretik egin zuela UEFAn sartzeko eskaera eta onartu egin behar zutela.

2001. urtera arte ez zen bete beharreko baldintza NBEn egotea UEFAn sartzeko, eta horren adibide dira Faroe uharteak, besteak beste. Urte horretan, ordea, araudia aldatu zuten, eta UEFAn sartu nahi duen futbol federazioak NBEk onartutako herrialde baten ordezkari izatea arautu zuten. Ez da hori, ordea, Gibraltarren kasua. Eskaera 1997an egin zuenez, ordea, ezin zaie ezarri NBEn ez dauden estaturik gabeko nazioei.

Espainia, kontra

Michel Platini UEFAko presidenteak abenduan jada aurreratu zuen TASek Gibraltar onartzearen alde ebatzi zuela eta hori betetzera behartuta dagoela UEFA. TASek 2011ko abuztuan egin zuen Gibraltarren alde. "Gibraltar onartzera behartuta gaude, eta horregatik eskatuko diogu UEFAren batzarrari onartzeko", esan zuen Platinik Gibraltar behin-behinean onartu ondoren. 

Hala ere, Espainia behin eta berriz agertu da Gibraltar onartzearen kontra, eta UEFAk "helburu politikoetarako" erabiltzea ez lukeela onartu behar argudiatu nahi izan du. Platinik, ordea, garbi utzi du Gibraltarrek 1997an egin zuela UEFAn sartzeko eskaera, eta araudia 2001ean aldatu zela. "Horregatik ez ditugu aintzat hartzen Kosovoren eta Kataluniaren kasuak", zehaztu zuen UEFAko presidenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.