UEFAko finalerdietako itzuliko partidak, gaur

Shaktar-Dinamo Kiev da ukrainarren arteko kanporaketa, eta Werder Bremen-Hanburgo, alemaniarren artekoa

Erredakzioa
Donostia
2009ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
UEFA Kopako finalerdietako itzuliko partidak jokatuko dira gaur. Aurreneko kanporaketa ukrainarren artekoa da: Shaktar Donetsk-Dinamo Kiev (18:30, La Sexta). Eta bigarrena, aldiz, Alemaniako taldeen artekoa: Hanburgo-Werder Bremen. Joaneko lehietan bana bukatu zen ukrainarren artekoa, eta bestean Hanburgo 0-1 nagusitu zen Werder Bremenen etxean. Kanporaketak, hortaz, erabaki gabe daude oraindik ere, Shaktar eta Hanburgo faboritoak diren arren. Finala hilaren 20an jokatuko da Istanbulen.

Hanburgo da, hain zuzen, lau taldeen artean UEFA Kopako finalajokatu duen talde bakarra. 1982an izan zen, eta Goteborgen kontra galdu zuen. Urte bete geroago, ordea, Europako Kopa irabazi zuen Juventusen aurka, finalerdietan Reala kanporatu eta gero. Gainera, Errekopa bat irabazi zuen (1977), eta beste final bat jokatu (1968). Egun ez dauka aspaldiko lilura, baina sasoi honetan Bundesliga irabazteko lehian ibili da. Halere, nekez irabaziko du, amaitzeko lau jardunaldiren faltan bost puntura dauka eta lidertza. Werder Bremen, aldiz, beste sasoi batzuetan baino makalago dabil. Thomas Schaafek zuzendutako taldeak -1999tik- Txapeldunen Liga jokatu du sasoi honetan. UEFA Kopan sekula ez du finalik jokatu, baina 1992an Errekopa irabazi zuen.

Dinamo Kievek, aldiz bi Errekopa irabazi zituen bere garaian: 1975ekoa eta 1986koa. Ukrainako ligako liderra da egun, eta okerrik ezean irabazi egingo du. Shaktar Donetskek gora egin du azken urteotan eta Txapeldunen Liga jokatu izan du zenbait sasoitan, honetan barne. Lehen aldiz Europako lehiaketa bateko final bat jokatzeko moduan dago.



UEFA Kopa

PartidaJoanekoa

S. Donetsk-D. Kiev. . (1-1)


Hanburgo-W. Bremen. . (1-0)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.