Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Markel Irizar. RadioShackeko txirrindularia

«Ulertuko nuen, baina kolpea hartuko nuen kanpoan geratuta»

Arrasaten dauka bere txokoa Markel Irizarrek. Emaztea, bi semeak, entrenamenduak, RadioShackeko familia... Frantziako Tourrean debuta egin bezperan, «erabat gustura» bizi dela aitortu du oñatiarrak. Ez da gutxi.

unai zubeldia
Arrasate
2011ko ekainaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Nahi nuena topatu dut». Poza ematen du Markel Irizar hizketan entzuteak (Oñati, Gipuzkoa, 1979). «Orain Johan Bruynnel [RadioShackeko managerra] hamar urterako kontratuarekin etortzen bazait, sinatu egingo dut». Erabateko poztasuna nabari zaie oñatiarraren hitzei. «Oso-oso gustura nago». Etzi egingo du debuta Frantziako Tourrean, eta lau taldeburuei laguntzeko prest dago. Fin dago oso, eta Xabat lau urte eta erdiko semeak eman dio bururako indarra —urte eta erdiko beste seme bat ere badauka: Aimar—. «'Aitatxo, Tourrera zu ikustera joaten naizenean, ez daukat dudarik zu izango zarela txapelduna', esan zidan orain gutxi. Barruraino iritsi zitzaizkidan hitz horiek».

Tourreko taldean sartu zara. A zer lasaitua? Edo a zer ezustea?

Lasaitua izan da gehiago. Ezustea ez, denboraldi hasieratik bi helburu geneuzkalako: Kaliforniako Itzulia eta Frantziako Tourra. Kalifornian bikain ibili ginen, bi etapa irabazteaz gain lehen bi postuetan sailkatu ginelako. Nik ere ondo prestatu nuen itzulia, eta dena ondo atera zitzaidan. Ordutik Tourra neukan buruan. Dauphine lasai egiteko eskatu zidaten, eta ikusten nuen Tourrera joateko aukera neukala. Baina luzea izan da baieztatu arteko tartea. Pisu ederra kendu nuen gainetik.

Zer sentitzen da Tourrean egongo zarela jakinda?

Txirrindulari guztion ametsa da egunen batean Tourrean parte hartzea. Orain bizpahiru urte ezinezkoa izango zela pentsatzen nuen, nengoen lekuan ez neukalako lekurik Tourreko taldean. Baina gauzak nola diren, talderik indartsuenetakoaren bederatzikoan sartu naiz orain. Izugarrizko ilusioa sortu dit, eta Johani eta bere talde guztiari eskertu beharrean nago; tartean, Kepa Zelaiari [RadioShackeko medikua eta Irizarren egungo entrenatzailea].

Sei itzuli handi pilatuta dauzkazu jada, hiru Vuelta eta hiru Giro, baina Tourra desberdina dela diote denek.

Pentsatzen dut abiaduragatik eta tentsioagatik dela lasterketa desberdina, baina ez dut espero ezuste handirik. Dauphineko edo Paris-Nizako txirrindulari berberak ibiliko dira lehian Tourrean. Azkarrago ibiliko garela? Tentsio handiagoa egongo dela? Ziur. Baina erorketek sortzen didate errespetu handia. Horrek dezente arduratzen nau. Lehen astean nahi baino arrisku handiagoa hartu beharko dut, taldeburuak babestea izango delako nire lana. Ukondoekin dezenteko lana egin beharko dut, eta arriskuan egotea esan nahi du horrek.

Zeren ondorio da Tourrean egotea?

Lehenik eta behin, argi dago, taldez aldatu izanaren ondorio dela. Taldez aldatuta txirrindulari gisa ere aldatu egin naiz. Iaz etapa bat irabazi nuen, eta aurten Andaluziako Itzulia. Nire mailak asko egin du gora. Haimarren [Haimar Zubeldia] eta Keparen bidez iritsi nintzen talde honetara. Kepak izugarrizko lana egin du: elikaduran, entrenamenduetan... Lasaitasun handia eman dit, konfiantza eman dit. Nik neukan filosofiarekin bat egitea lortu dut.

Ulertuko zenuen RadioShacken bederatzikoan ez egotea?

Ulertuko nuen, bai. Pentsa, Gregory Rast geratu da kanpoan, eta aurten laugarren egin du Paris Roubaixen. Jason McCartney ere oso indartsu zegoen... Ulertuko nuen, baina, esatea agian gaizki dagoen arren, nahiko ziur nengoen bertan izango nintzela. Kalifornian oso gustura geratu nintzen; inoiz egin dudan lanik onena egin nuela uste dut. Taldeburuetako batzuekin ere hitz egin dut gerora, eta taldean egongo nintzela barneratzen hasi nintzen. Noski ulertuko nuela kanpoan geratzea, beste 20 txirrindulari geratu direlako Tourretik kanpo. Baina kolpe handia hartuko nuen.

Zer dauka RadioShackek Euskaltel-Euskadik ez zeukana?

Konfiantza kontua da. Euskaltel-Euskadin urtero kolokan nengoen, eta RadioShacken hasieratik konfiantza handia eduki zuten niregan. Johanek ez ninduen ezagutzen, baina Kepak bai; asko, gainera. Johanek konfiantza eman zidan hasieratik, eta oso planteamendu ona egin zidan. Hasieratik jarri zidaten zeregin bat taldean, eta pixkanaka neurria hartu diot.

Baina Euskaltel-Euskadik eman ez zizun aukera RadioShackek eman dizu azkenean. Bitxia da egoera.

Planteamendu kontua da. Euskaltel-Euskadik igotzaile gehiago dauzka, eta jarrera erasokorra edukitzen du ia beti. Ni, agian, ez naiz egokiena horretarako. RadioShackek talde indartsuago baten moduan jokatzen du, sailkapen nagusiari begira, eta badaki ezin dituela eraman bederatzi igotzaile. Gauzak argiago daude agian. Sei igotzaile sartzen dira normalean taldean, eta beste hiru txirrindulari sei horiek babesteko. Ulertzen dut Euskaltelen planteamendua, guztiz errespetagarria da. Eurek beste batzuengan konfiantza handiagoa eduki dute, eta nik ere ez nien emango eurek espero zutena.

Niretzat ona izan da taldez aldatzea, eta eurak ere beste txirrindulari batzuei aukera emateko moduan izan dira: Gorka Izagirre, Romain Sicard... Oso txirrindulari onak dira, guk ematen genuen maila baino askoz hobea ematen ari dira. Horregatik diot guztiz errespetagarria izan zela erabakia. Ez daukat ezer Euskaltelen aurka. Are gehiago, beti esan izan dut Migueli [Miguel Madariaga, Euskadi Fundazioko presidentea] eskertu beharrean nagoela, momentu zail batean aukera eman zidalako, eta eurei esker naizelako txirrindulari profesionala. Onena opa diet.

31 urterekin egingo duzu debuta Tourrean. Beste batzuk erretiroa prestatzen ariko ziren jada...

Bai, bai... Baina uste dut Hornerren bidea hartuko dudala nik, kar-kar. Nire kirol ibilbideko eta bizitzako momenturik politenean nago. Dena doakit ondo. Aurten egingo dut debuta Tourrean, baina beste askotan parte hartzea espero dut. Batzuek oso gazte egiten dute gora, baina nik orain aurkitu dut nire lekutxoa tropelean. Berandu, baina topatu dut.

Brajkovic, Leipheimer, Horner eta Kloeden. Laurak izan daitezke faborito Tourreko podiumerako lehian. Ez al dira oilar gehiegi oilategi berean?

Gehiegi ez, gutxiegi, dena beharko dugu eta! Taldea armada baten modukoa denean izan daiteke arriskutsua talde berean oilar gehiegi pilatzea. Baina gure taldea erabat bestelakoa da. Johanek badaki nola antolatu taldea. Pentsa, Armstrong eta Contador talde berean eduki zituen. Alberto [Contador] bere mailan badago, beste guztiak bigarren mailan geratuko dira. Baina lauretako bat Andy Schleck, Gesink, Van den Broeck... horien inguruan badabil, ondo ibiliko gara. Laurak ez erortzea espero dut.

Polita da RadioShackek lau taldeburu dauzkala esatea, baina baten aldeko apustua egin beharko bazenu?

Ziur nago Johanen buruan ez dagoela txirrindulari baten izena. Benetan diot. Johan izugarria da horretan. Irabazi egin nahi du, baina berdin zaio zeinekin. Nirekin irabazten badu ere gustura egongo da. Andreas Kloeden izango dela taldeburua? Ba, goraka Kloeden baino hobeto moldatzen da Chris [Horner]. Janik [Janez Brajkovic] erakutsi egin behar du oraindik 21 eguneko itzuli batean erregularra dela, eta Levi [Leipheimer], agian, goraka ez da aurreko urteetakoa, eta erlojupeko kilometroak faltako zaizkio. Bat aukeratzekotan, zein? Aurten Chrisek ez du hutsik egin. Kataluniako Voltan laugarren sailkatu zen, Euskal Herriko Itzulian bigarren, eta Kaliforniakoa oso erraz irabazi zuen. Ordutik etxean ari da Tourra prestatzen. Chris ondo egongo da, ziur. Baina laurak daude oso ondo, eta errepideak jarriko du bakoitza bere lekuan.

«Talde gisa saiatuko gara Contadorri eta Andy Schlecki aurre egiten». Bruynnelen hitzak dira. Baina Tourmalet, Luz Ardiden, Galibier eta gainerakoak ezin dira taldean igo...

Luz Ardinenen gora, agian, gauza gutxi egin ahal izango da taldeka, baina Tourmaleten mugituz gero? Azken mendatera arte ezin dugu itxoin, Alberto aurrera joango delako. Baina bi mendate lehenago erasoa joz gero, zer egingo du? Bera jarriko da tiraka? Horregatik uste dut Tour polita ikusiko dugula. Tourmaleteko etapan, La Mongien erasoka hasten bagara? Aukera horiek baliatu beharko ditugu denok. Frank Schleckek eta Hornerrek La Mongien erasoa joz gero, Albertok zer egin behar du, kontraerasoan hasi, Leipheimer, Andy Schleck eta gainerakoak gurpilean dauzkala jakinda? Hori izango da Contadorri aurre egiteko modu bakarra.

Ibilbidea aztertuta, hasiera ez da txarra zuentzat, bigarren etapan taldekako erlojupekoa daukazuelako.

Hala da, bai. Bi helburu argi dauzkagu Tour honetan: batetik, sailkapen nagusian norbait aurrean sartzea, eta, bestetik, taldekako erlojupekoa irabazteaz gain, Parisen taldekako sailkapena eskuratzea. Taldekako erlojupekorako oso talde ona daukagu, baina motza da saioa. HTCk edo Skyk irabaz diezagukete 23 kilometroko tartean. 50 izan balira, ez dut esango ziur irabaziko genuenik, baina kolpea hartuko genuen kale eginez gero. RadioShacken adinean aurrera goaz gehienak, eta erritmoa hartzerako amaitu egingo zaigu erlojupekoa.

Pirinioetan mundua elkartuko da errepide bazterrean. Orain artean kanpotik bizi izan duzu euskal zaleen berotasun hori.

Espero dut Pirinioetan, zale gehienak Euskaltelekoak izan arren, animoren bat edo beste jasotzea, kar-kar. Normal-normala iruditzen zait Euskaltelekoak gehiago animatzea, eurek daramatelako ikurrina eta izena. Baina gainerakoei ere bultzadatxoren bat ematea espero dut. Euskal zaleak oso zintzoak dira horretan, eta ez euskal txirrindulariekin bakarrik.

Podiumerako hiru hautagai eskatuz gero?

Contador, ziur. Bigarren posturako Gesink, Andy Schleck baino hobeto ikusten dudalako. Eta hirugarren posturako lehian ikusten ditut Samuel Sanchez, Andy Schleck, Van den Broeck, eta RadioShackekoren bat. Vinokurov eta Evans ondo ibiliko dira, baina laugarren postutik zazpigarrenera ikusten ditut.

Markel Irizar... eta Haimar Zubeldia. Beti ondoan. Sarritan ez al duzu sentitu «ni ni naiz» esateko gogorik?

Ez... Bakoitzak jakin egin behar du bere lekua zein den. Taldez Armstrongen errukiagatik aldatu nintzela entzuteak ematen dit min handiagoa. Batzuek esaten dute Haimarrengatik joan nintzela RadioShackera, eta beste batzuek Armstrongek eraman ninduela. Baina pertsona batek gomendatuta joan nintzen, eta Haimarrek gero baieztatu egin zuen erabakia. Kepa Zelaia da pertsona hori. Kepak Johani hitza eman zion ondo ibiliko nintzela, eta ez nik eta ez eurek ez genuen espero hain ondo moldatuko nintzenik. Haimarrek asko lagundu dit, eta izugarrizko txirrindularia da. Joseba Beloki erretiratu zenetik, sailkapen nagusietarako Euskal Herrian daukagun txirrindularirik onena da. Hiru aldiz sartu da Tourreko lehen hamarren artean. Horregatik, normala da Haimarri buruz hizketan hasi eta, ondoren, han nonbait agertzea nire izena. Argi daukat nire lekua zein den.

Zure hitzak entzunda, argi dago momentu on asko igarotzen ari zarela, baina momentu txarretan, begiak itxi eta indarra emango dizu «Egurra Narru!» entzuteak...

Ekainaren 22a zen Ibanen urtebetetze eguna, eta bere emazteari argazki hau bidali nion [etxeko sukaldean dauka jarrita]. Oso laguna nuen; oso harreman estua geneukan. Pentsa, bere seme zaharrenari Markel izena jarri zion. Baina horrelakoa da bizitza. Nire aitak ere bere buruaz beste egin zuen 18 urte neuzkanean; minbizia eduki nuen gero; Alazne emazteak eta biok bost urteko tartean hiru aitona-amona galdu genituen... Izugarrizko kolpea izan da Ibanen heriotza. 38 urte besterik ez zeukan. Lagun bat taldekako erlojupekoa ikustera joango da Tourrera, eta mesede bat eskatu diot. Ez dakit erlojupekoa irabazteko gai izango garen, baina irabazten badugu, berari emango dizkiot lehoia eta loreak, Ibanen emazteari ekartzeko. Ibanen omenez irabazi beharra daukagu taldekako erlojupeko hori!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.