Itxurakeriak. Topiko bat, hasteko. Edonork irabaz diezaioke edonori ACB ligan. Emaitzek erakusten dute hala dela, edo izan litekeela. Lagun Aro Bartzelona baino hobea izan zen hiru laurdenetan. Valladolidek umiltasun lezioa eman zion Baskoniari. Umiltasun falta, eta handia, Illunbera bertaratu ziren epaileena. Hutsik ez egitea ezinezkoa delako, baina umiltasunez jokatzea ez. Epaile askok protagonismo gosea dute, jainkoak sentitzen dira, eta arduratzeko moduko errespetu faltarekin jokatzen dute. Lana ematen dieten jokalari, entrenatzaile eta zaleekiko errespetu falta. Umiltasunaren diskurtsora jo du, era berean, Fotis Katsikarisek, eta Espainiako Kopako lorpenak arrakastatik gutxi duela esan. Bere taldeak zortzi onenen artean postu finkoa eduki behar duela uste duelako.
Madril... eta Europa. Bilbon ondo kudeatu dute Kopako lorpena. Ez dira ospakizun antzutan murgildu, eta ohikotasun tankera eman nahi izan diote hilabete atzera hain gertu ikusten ez zen lorpenari. Jarrera horren helburua argia da: Bilbo Basket ligako zortzi talde onenen artean dagoen eta egon behar duen taldea da, eta Kopa jokatzeko lorpena gauza normaltzat jo behar da. Bartzelona, Real Madril eta Baskoniarekin gertatzen den bezala. Katsikarisek sarriago erabili zuen Cajasol hitza, Kopa baino, Sevillako taldearen aurkako atarikoan. Kopan Europan sartzea lor litekeelako, baina maiatzean zortzi onenen artean sailkatuz gero, Europan sartzea ziurra izan litekeelako. Eta titulua lortzeko kanporaketak, Euroligarako sailkatzea lortzen saiatzeko opari polita. Bosgarren postuan dago Bilbo Basket, eta gaur-gaurkoz, inor gutxik jartzen du zalantzan zortzi onenen artean bukatuko dutela liga erregularra. Cajasolen aurkako azken garaipena horren erakusle. Garaipen argia, majo sufritu ondoren, eta berriro, defentsa onean oinarrituta. Manresaren aurka irabaziz gero, sei edo zazpi bakarrik geratuko zaizkio Bilboko taldeari zortzi onenen artean bukatzeko.
Hamaikagarren atzerapausoa. Baskoniak Valladoliden emandakoa. Ez galdu zuelako. Valladolidek errespetua merezi du, lehen itzulia laugarren postuan bukatu duelako eta lau garaipen zeramatzalako jarraian. Gainera, etxean partida bakarra galdutakoa zen, Bartzelonaren aurka. Datu horiek guztiak oharkabean pasatu ziren, nonbait, jokalari profesional batzuei eskatu behar zaien gutxieneko exijentzia mailarentzat, eta hausnartzeko moduko muturrekoa jaso zuten. Legez eta gauzak nola egiten diren erakutsi zuelako bost milioi eurora iristen ez den taldeak. Dusko Ivanovicek esana: «Partidak ez dira aurrekontu handiago edo txikiagoarekin irabazten, jokalarien gosea, irabazteko grinaren arabera baizik». Baskoniak lehen zatian emandako hamazazpi baloiak, Valladolidek partidan berreskuratutako hamasei jabetzak, zortzi kontraeraso garbi... arduratzeko moduko datuak dira, baina honakoa da larriena: urteak dira Baskoniak lehen itzulian sei partida galtzen ez zituela. Liga erregular osoan partida gutxiago galdutako denboraldiak ere egin izan ditu.
Arteaga, Peruga eta Soto. Ez dituzue ezagutzen, ezta? Illunben justizia partekatzera etorri ziren hiru epaileak dira. Abiapuntu horretan dago errua, epaileek justizia banatzen saiatzeaz gain ez dagokien edo eduki behar ez luketen protagonismoa bilatzen tematzen direlako. Protagonistak jokalariak dira, euren jokaldi onak. Entrenatzaileak eta euren erabaki zuzenak. Zaleak, eta euren grina. Denak, epaileak izan ezik. Okerrak denak egiten ditugulako. Ez baita normala epaileak nagusikeriaz jardutea. Hala jokatu zuen Perugak Donostian Alfonso Sanchezekin, hura erasoko falta behartzen saiatu, segundo batean zain egon, eta teknika adieraziz. Edo Domen Lorbeki, aulkian zegoela, inork zergatik jakin gabe. Alan Anderson iritsi berriari baimen gehiago eman zioten, falta adierazi ostean Andy Panko kolpatzen jarraituta. Jimmy Baronekin gertatzen dena arraroa da. Eman egiten diote, eta asko. Adierazi, gutxi. Zergatik? Protagonista izan nahi dutenei galdetu.
Zonakako defentsa
Umiltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu