Unai Etxeberriaren kaleratzea Espainiako Kongresura eramango du EAJk

Granadaren erabakiak «atezainaren adierazpen askatasunarekin talka» egiten duela adierazi dute.

Etxebarria, Altsasuko gazteen aldeko elastikoarekin. BERRIA
Oihane Puertas ONA
2020ko abuztuaren 28a
16:05
Entzun

EAJk «onartezintzat» jo du Granadak Unai Etxebarria Altsasuko gazteen aldeko elastikoa erakusteagatik kanporatu izana, eta gaineratu du erabakiak «atezainaren adierazpen askatasunarekin talka» egiten duela. Jeltzaleak prentsan argitaratutako informazioan oinarritu dira, eta, horren arabera, Granadak zigor espedientea ireki zion atezainari, taldea Europako Ligarako sailkatu zeneko ospakizunetan Altsasuko gazte atxilotuen aldeko elastiko bat erakutsi zuelako. EAJk adierazi du «hainbat albisteren arabera, espediente hori kaleratze bihurtu» dela.

Iñigo Barandiaran diputatu jeltzaleak «onartezintzat» jo du kaleratzearen balizko arrazoia, eta «arrazoi ideologikoengatiko diskriminazioa» baieztatuz gero, «eskubideen urraketa larritzat» hartuko luke, «lan arloan zein arlo zibilean».

Barandiaranek hiru galdera zuzendu dizkio idatziz Espainiako Gobernuari: «Uste al du Gobernuak kontatutakoa bezalako kaleratzeak bateragarriak direla lan legedarekin?»; «Uste al du Gobernuak bere agenteen bidez —lan ikuskaritzaren bidez— zaindu beharko lituzkeela adierazitakoa bezalako jokabideak?»; eta azkenik, «Onartzen al du Gobernuak, adierazpen askatasuna baliatuz, erabaki judizialekin edo gobernu erabakiekin desadostasuna egon daitekeela, eta erabaki hori baliatzen dutenek ez dutela beren eskubideen beldur izan behar?».

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak ere kritikatu du Etxebarriaren kaleratzea, eta adierazi du «adierazpen askatasuna eta beste eskubideak besteentzat omen» direla. Mikel Buil Nafarroako Ahal Duguko parlamentariak elkartasuna adierazi dio jokalariari, eta zera gaineratu du: «Voxek irabazi du, eta demokraziak galdu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.