Beti Onak taldeko jokalaria

Isabel Fernandez Agusti: «Une egokia da Bera Beraren aurka punturen bat eskuratzeko»

Beti Onak taldeak derbia jokatuko du bihar Bera Beraren kontra (18:00). Fernandez Agusti baikor da. «Etxean jokatuko dugu, eta taldea gogotsu eta energiarekin dago», nabarmendu du.

(ID_13602633) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-02-14, Atarrabia. Isi Fernandez Agusti, Beti Onakeko jokalariaria
IÑIGO URIZ / FOKu
ainara arratibel gascon
2024ko otsailaren 16a
05:10
Entzun

Jaitsiera saihesteko ligaxka jokatzeko postuetan dago Beti Onak taldea. Baina puntu batera du zortzigarren postua, zeinak titulurako kanporaketetan egoteko aukera emango liokeen. Isi Fernandez Agusti jokalariak (Oviedo, Espainia, 2001) onartu du begiratzen diotela sailkapenari, baina batez ere beste bi gauzatan dutela jarrita arreta: «Eguneroko lanari eta kantxan disfrutatzeari erreparatzen diogu, horrek ekartzen baititu emaitzak».

Taldea konfiantzaz egongo da aurreko asteburuan aurkari zuzen bati, Gijoni, irabazi ostean, ezta?

Egunerokoan lan oso ona egiten ari gara, baina argi dago hori emaitzetan islatzeak beste konfiantza bat ematen dizula. Giroan ere antzematen da. Pozik ikusten dut multzoa, eta denboraldiko azken zatiari heltzeko gogoarekin eta energiarekin.

Lehiakor izaten ari zarete sailkapenaren behealdean dauden taldeen aurka. Goitik dituzuen taldeen kontra emaitza hobeak lortzea falta zaizuela uste duzu?

Uste dut goian dauden taldeen kontrako partida batzuetan ere lehiakor izaten ari garela. Baina egia da emaitza on bat edo beste lortzea falta zaigula. Lortuz gero, uste dut aukera izan dezakegula titulurako kanporaketetan sartzeko. Bestela, jaitsiera saihesteko ligaxka jokatu behar dugu [liga bederatzigarren eta hamabigarren postuen artean amaitzen duten taldeek jokatzen dute]. Erronka polita da titulurako kanporaketak jokatzeko sailkatzea, denboraldi hasieran ezarritako helburua hori baitzen. Saria litzateke egiten ari garen lanarentzat. Mentalki eta fisikoki ondo iritsi zaigu denboraldiaren azken zati hau. Arreta eguneroko lanean eta kantxan gozatzean daukagu. Horrek ekarriko dizkigu emaitza onak.

Borroka estua duzue horretarako Ro'Casarekin. Haiek zortzigarren daude, hamahiru punturekin, eta zuek bederatzigarren, hamabirekin. Puntuen aldea ikusita, zortzigarren postua zuen artean egon daitekeela dirudi. Hala izango dela uste duzu? 

Argi dago hor gaudela. Haiek gorago egotera ohituta daude, baina, goian zein behean egon, presioa kudeatzen jakin behar duzu, momentuak. Haiek esperientzia handia dute horretan. Baina gu, aldi berean, lasai gaude. Jaitsiera saihesteko borroka horretan, puntuen alde ona daukagu beherago dauden taldeekin, eta horrek beti laguntzen du. Erabakigarria da ligaxkarako. Berdin jarraituz gero, gainera, uste dut borroka Ro'Casaren eta gure artean egongo dela zortzigarren postu horri begira. Izan ere, gorago, Granollers urruti samar dago, eta beheko taldeak, aipatu bezala, urruti samar ditugu. Dena den, ezin dugu lo hartu, eta Oviedoren eta Eldaren aurkako neurketak ere oso garrantzitsuak izango dira. 

«Gorago dauden taldeen aurka garaipen bat edo beste lortuz gero, titulurako kanporaketak jokatzeko borrokan egon gaitezke»

Bihar derbia jokatuko duzue Bera Beraren kontra. Nola ari zarete prestatzen?

Uste dut azken bi partidetan egin dugunak izan behar duela bidea, oso onak izan baitira. Mentalki aurrerapauso bat eman dugu. Lehen, irabazteko edo gauzak ondo egiteko gehiegizko grinarengatik, partidetako momentu batzuetan presaka aritzen ginen. Azken bi partidetan, berriz, patxada handiagoz jokatu dugu, eta horrek erabaki onak hartzen lagundu digu, baita norgehiagoketako une erabakigarriak hobeto kudeatzen ere. Defentsan ere, gauza txiki batzuk findu eta hobeto ditugu.

Goian egon arren, Bera Bera ez dago bere sasoirik onenean; azken bi partidak berdindu egin ditu, eta urtea hasi zenetik ez du kanpoan irabazi. Zer diozu horri buruz?

Sekulako taldea da, baina egia da ez daudela boladarik onenean. Une egokia izan daiteke haien aurka punturen bat lortzeko, haiek bolada onean ez daudelako baino gehiago, gu ondo gaudelako. Irabazteko gauzak ondo egin beharko ditugu, eta batez ere haien trantsizioak moztu. Ezin diegu kontraerasoak egiten utzi. Eraso posizionalean jokatzera behartu behar ditugu. Horrekin batera, haien jokalari onenak gertutik zaindu behar ditugu. Orain min gehien egiten ari direnak Tchaptchet eta Cavo dira. Etxeberria ere oso gustuko dudan jokalaria da.

Lehen denboraldia duzu Beti Onak taldean. Pozik zaude?

Konfiantza handia ematen ari zaizkit, eta espero baino ardura gehiago. Egia esan, oso gustura nago. Asko ikasten ari naiz taldekideengandik. Entrenatzailea ere asko ari zait laguntzen hobetzen, batez ere defentsako lanean. Izan ere, ni kanpoko postuetan defendatzera ohituta nengoen. Orain, berriz, barrurago ari naiz. Ona da gauza berriak ikastea. 

Aurreko denboraldian Zuazon aritu zinen. Ez zenuten egoera samurra izan, ez kirol ikuspegitik, ezta ekonomikotik ere. Lasaiago zaude aurten?

Nahi eta nahi ez, kontu ekonomikoak eragin egiten zigun. Beste kezka bat zen, zama bat, horretan ere pentsatu behar genuelako. Hemen, berriz, egoera oso bestelakoa da, eta, horri esker, kirolean dut arreta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.