Arrauna

Ur gazietan, arrantza gozoa

Donostiarrak hirugarren bandera irabazi du Getxon, Eusko Label ligako bederatzigarren jardunaldian. 'Torrekua'-k hirugarren luzean hautsi du estropada, Hondarribiarekin lehia handia izan eta gero

Donostiarrako arraunlariak eta Igor Makazaga entrenatzailea, jarraitzaileak agurtzen, estropada irabazi ostean, atzo, Getxon, Eusko Label ligako bederatzigarren jardunaldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Urrats bat besteari lotuz doa Donostiarra. Igor Makazaga prestatzaileak 2016ko udazkenean jarri zuen lehen hazia Kaiarriba Arraun Elkartean. Orduz geroztik, Gipuzkoako hiriburuko taldea sendotuz joan da, urtez urte, Eusko Label ligako oilarretako bat bilakatzeraino. Bide onetik hasi zuen aurtengo arraun denboraldia, eta bide beretik jarraitzen du Torrekua traineru zuriak. Bada, Arkaitz Diaz patroiak hirugarrenez astindu zuen bandera, atzo, Getxon (Bizkaia), bederatzigarren jardunaldian. Ur gazietan gozatu ederra hartu zuen.

Arraunzaleek traineruak bertatik bertara ikusteko xedez, Getxoko estropada eremu klasikora mugitu zuten, nora, eta Portu Berria deritzon lekura. Itsasoa atzo ez zen haserre, baina ipar-mendebaleko haize zakarrak xaxatu egin zuen ur putzua, haize olatu petralak eragiteraino.

Donostiarrari, aurreko bi txanden irabazleen kalea egokitu zitzaion, Caborena eta Kaikurena: hirugarrena. Seinale ona, beraz, Makazagaren kuadrillarentzat. Lehendabiziko kaletik, Urdaibai aritu zen, Euskadiko Txapelketako garailea; bigarrenetik, Orio; eta hirugarrenetik, Hondarribia. Irteera eman aurretik, Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa ontziko lemazainak traineru berdea ababor aldera zuzenduta zeukan, haizeak hala behartuta. Semaforoa berde jarri eta segituan, lau ontzietako lemazainek estatxa utzi, eta arraun kolpe bizian irten ziren.

Marea goian 18:43an zela eta, urak buelta eman zuen lau oilarrak lanean hasterako. Beraz, itsaslasterra alde zuten; haizea, berriz, aurka. Horiek horrela, lau patroiak makur-makur eginda joan ziren brankaz. Aurreko astean, Donostiarrak ez zuen banderarik irabazi, eta Diazek eta haren kuadrillak bazuten amorrua eta gogoa bandera etxeratzeko.

Torrekua-ren branka ageri-agerian zegoen, eta hirugarren minutua betetzerako, segundo baten aldea ateratzen zion Hondarribiari; bi Oriori; eta hiru Urdaibairi. Bou Bizkaia-n, bestalde, Iker Zabala entrenatzaileak Eneko Bilbao ezarri zuen traineruaren txopan, Gorka Aranberriren ordez. Bada, bermeotarrek ez zuten egunik gozoena izan.

Donostiarra eta Hondarribia ia parean heldu ziren lehen ziabogara; Torrekua zertxobait azkarrago. San Nikolas-ek hiru segundo gehiago behar izan zituen, eta Urdaibaik, bost. Une horretan, hain zuzen, Kaikuren atzetik zen. Jose Luis Kortarenak aise nagusitu ziren bigarren txandan.

Bigarren luzeari ekin eta berehala, Orio Hondarribiaren eta Donostiarraren parean jarri zen. Baina natura zer den; San Nikolas ur nahasietan sartu zen, eta zanbulu batzuk ere egin zituen, traineruaren kalterako; sei segundo atzetik jarri ziren oriotarrak. Bitartean, Donostiarra eta Hondarribia bigarren luzeko azken zatira heltzen ari ziren, baina Makazagarenek joaldi bizi bat egin, eta hiru segundoren abantailarekin iritsi ziren ziabogara. Urdaibai bost segundo atzetik zen; Orio zortzi.

Donostiarrako arraunlariek berdeei ontzi baten aldea ateratzen zietela ikusi ondoren, hauspotu egin ziren. Arraunlariek beraiek Diaz patroiari eskatu zioten hamarreko indartsu bat agin zezala. Esan eta egin. Minutuko 37 arraunkadako erritmoan zirela, bost segundotara zabaldu zuten Hondarribiarekiko abantaila. Diazek arraunlariei esan zien erasoa jotzean gorputza gora eramateko. Xehetasun guztiak fin-fin eraman nahi zituen Torrekua-ko lemazainak.

Joaldiari eustea, gako

Donostiarrak aitzakiarik gabeko azken ziaboga egin zuen, eta Hondarribia bost segundora heldu zen; Urdaibai hamabira, eta Orio hemezortzira. Horiek Kaikuri bi segundo besterik ez zioten ateratzen. Maniobraren ostean, Diazek hirugarren kaleari eustea erabaki zuen, Amunarrizek istriborrera ez jotzeko. Halere, metroak egin hala, segundoak erortzen ari ziren, berdeen alderako. Ama Guadalupekoa-ko patroiak mezu argia igorri zion kuadrillari, eta, hirurehun metro falta zirela, hankean joan ziren bi arraunlariri erritmoa sarritzeko eskatu zien. Bai sarritu ere; Hondarribia hiru segundora gerturatu zitzaion Donostiarrari, baina ontzi zurian zihoazen arraunlariek bikain eutsi zioten berdeen joaldiari, eta azken txanpan ondo baino hobeto biribildu zuten.

Cabo bigarren txandan arituko da gaur (12:13, ETB 1), Lekeition (Bizkaia). Galiziarrek uzta ederra bildu zuten atzo; seigarren egin baitzuten, lehen txandan erraz nagusitu ostean. Santurtzik, aldiz, kolpea hartu zuen, azkena eginda. Hala, beheko multzoa are gehiago estutu da.

Ikusi gehiago:https://www.berria.eus/paperekoa/2223/021/002/2022-07-31/oriok-beste-kolpe-sendo-bat-eman-dio-arraun-lagunak-i-eremu-klasikoan.htm
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.