ARRAUNA

Urdaibairentzat San Miguel Liga

Bosgarrenez irabazi du liga, Portugaleteko estropadan ere nagusituta. Ondarroa eta Ares igo dira San Miguel Ligara.

Urdaibaiko trainerua, ligako garaipena lortu ostean. ARGAZKI PRESS
2016ko irailaren 18a
11:29
Entzun

Ligako azken estropada ere irabazita lortu du Urdaibaik San Miguel Ligako garaipena. Hasieratik bukaerara nagusi izan dira Bermeokoak, eta azken asteetako joera errepikatu da Portugaleten ere; Urdaibai nagusi, eta bigarren Hondarribia.

Azken estropada osatzeko 19:47.50eko denbora behar izan du Urdaibaik, eta zazpi segundo geroago heldu da helmugara Hondarribia. Kaiku izan da ohorezko txandako hirugarrena (+16.65), eta San Juan izan da laugarrena (+32.91).

Sasoi zoragarria burutu du horrela Urdaibaik. Kontxako bandera irabazi zuten joan den astean, eta etxeko estropadan ere nagusitu egin ziren larunbatean. Liga bera lortu dute gaur, 216 puntu pilatuta, eta guztira bederatzi bandera irabazi dituzte. Hondarribiak ere bederatzi banderarekin eta 212 punturekin amaitu du liga, eta Kaiku izan da hirugarren postua (167 puntu). San Juanek, berriz, bandera bat eta laugarren postua lortu ditu ligan.

Ondarroa eta Ares San Miguel Ligara

Liga amaituta, maila galdu dute Zumaiak eta Portugaletek. Ligako azkena izanda, zuzenean jaitsi da KAE1 mailara Zumaia. Portugaletek, berriz, ezin izan dio mailari eutsi igoera kanporaketan; bezperan lortutako abantaila baliatu dute Ondarroak eta Aresek, eta gaur ere biak izan dira estropadako azkarrenak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.