'Crossfit'-a

Uretan hezia, 'crossfit'-ean zaildua

Egiazabalek bost urtean lortu du, lehenik, Euskotren Liga eta Kontxako Bandera irabaztea eta, ondoren, Basque Crossfit Txapelketa. Kirola ez ezik, lehiatzea ere gustatzen zaio. Lehiatu den diziplina guztietan eskuratu ditu sariak.

Alazne Egiazabal. @THEFITTESTCAMERAMAN
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko azaroaren 13a
18:26
Entzun

Kirolaria izateaz gain, lehiatzea gustatzen zaio Alazne Egiazabali (Hernani, Gipuzkoa, 1994). Bizitza osoa darama kirolean, modalitate askotan ibili da, eta denetan maila onean aritu da, gainera. Igeriketa, waterpoloa, arrauna eta orain crossfit-ean goi mailan ari da hernaniarra. «Txiki-txikitatik gustatu izan zait kirola, baita lehiaketak ere. Batzuei kirola egitea gustatzen zaie, baina lehia hori ez duena. Niri, baina, asko gustatzen zait lehiatzea».

Aurtengo denboraldia amaitu berri du atleta hernaniarrak. Datorren sasoiari begira, dagoeneko ezarri ditu helburu batzuk: Crossfit Gameseko finalerdietara sailkatzea —Europako 40 atletatik onenak bakarrik sartzen dira— eta Pamplona Arena Games-en podiumaren bueltan ibiltzea. Aho zapore gozoarekin itxi du 2023a, Basque Crossfit Txapelketako bigarren aldia irabazita. Ez zuen espero gailentzea, azken unera arte parte hartzeko zalantza izan baitzuen: «Fisikoki oso ondo nengoen arren, sorbalda ez nuen ondo, eta astebeteren faltan ez nekien joango nintzen edo ez. Egin beharreko WODak [probak] zein ziren eta egin ahal nituela ikustean, txapelketa jokatzea erabaki nuen».

Hiru eguneko txapelketan (azaroaren 3tik 5era) zazpi WOD edo proba burutu behar izan zituzten Bilboko puntu ezberdinetan jo eta ke aritu ziren mila lagun pasak. Egiazabalek bigarren egunean, larunbatean, ezarri zuen bere legea, eta igandeko finalean aurretik lortutako abantailari eutsi zion: «Ostiraleko bi WODen ostean bigarren jarri nintzen sailkapen nagusian. Larunbateko lehenengo erronda irabazi nuen, eta eguna amaitzerako zazpi puntura nuen bigarrena». Azkenean, 26 puntu bildu zituen, bigarren sailkatuak baino lau gutxiago.

Txapelketan ere izan zen polemika euskararekin. Speaker euskaldunik ez zegoela kexatu ziren asko, eta gaztelania eta ingelesa bakarrik entzun zirela hiru egunetan. Halere, haietako batek egindako ahalegina nabarmendu du gipuzkoarrak: «Crossfita azaltzeko kirol zaila da, eta nazioarteko txapelketa batean, speakerrak ere maila eman beharra dauka, gauzak ondo azaltzeko ikusleei. Ez dakit crossfita menperatzen duen euskal speakerrik dagoen, baina Miguel Ferrero saiatu zen euskarazko hitzak sartzen, atzerako kontaketak, adibidez. Valentziarra izanik, eskertzekoa da euskararekin izan zuen keinua».

Beti uretan

«Memoria dudanetik beti egon naiz uretan». Igeriketan hasi zuen bere kirol ibilbidea Egiazabalek. «Nahiko ondo» ibiltzen zela dio, Espainiako probetan lehiatzera ere iritsi zen. Horrekin bakarrik gustura ez, eta herriko waterpolo taldean jendea behar zutenez, bi kirolak uztartzea erabaki zuen. Han ere zeresana eman eta euskal selekzioarekin aritzera ere ailegatu zen.

Uretan murgiltzetik, ur gainean paladak ematera igaro zen. Lau urte egin zituen arraunean: hiru Donostia Arraun Lagunaken eta bat San Juanen. Batelerak traineruarekin Euskotren Liga eta Kontxako Bandera eskuratu zituen 2018an. «Amaiera ezin hobearekin» itxi zuen arrauneko etapa: «2017an arrauna uzteko asmoa nuen, baina nire lagun batek San Juanen jendea behar zutela esan zidan, eta bertara joan nintzen. Urte ona izan zen, eta, gainera, urte hartan taldea desegin zen. Ondo atera zitzaidan, arrauna uzteko aukera izan nuen Liga eta Kontxako Bandera irabazi ostean».

Tostartetik aterata, kirola egiten jarraitu nahian crossfita aurkitu zuen hernaniarrak. Entrenamendu funtzional «osoa» eta ariketa ezberdin asko zirela ikusita, dibertigarria izan zitekeelakoan probatzea erabaki zuen. Arraunlari izatetik crossfitean aritzera igaro da, eta bere gorputzak aldaketa esanguratsua izan du. 10-15 kilo artean irabazi ditu ordutik: «Arraunean 49 bat kilo pisatuko nituen. Han beti baskulara igota geunden, pisu baxua eskatzen duen kirola baita; crossfitean, aldiz, pisu handia altxatzeko gasolina behar duzu, eta gasolina nutrizioarekin dago lotuta. Gaur egun 63 kilo pisatzen ditut». Giharretan ditu kilo gehientsuenak, eta haietan duen kirol zaletasunaren adina indar du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.