Egunak igaro ahala, gordintzen ari da Euskal Herriko Itzuliaren eta Donostiako Klasikoaren inguruko eztabaida. Eusko Jaurlaritzak aurtengo ekitaldietarako diru laguntza murriztu zuela eta, Euskal Herriko Itzuliaren eta Donostiako Klasikoaren oraina eta etorkizuna arriskuan zeudela azaldu zuen joan den ostiralean Jaime Ugarte Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzak-eko presidenteak. Horrek sortu zuen sua. Murrizketa horren berri bazeukatela azaldu zuen berehala Jaurlaritzak, eta azken hiru urteetan 360.000 euroko laguntza izan zena 200.000 eurokoa izango zela gaineratu zuen.
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak atzo emandako azalpenek, ordea, gehiago aldrebestu dute egoera. «Euskal Herriko Itzuliko antolatzaileek oso bazkide estrategiko indartsua baztertu zuten. Bazkide horrekin bermatuta egongo zen probaren finantzaketa eta bideragarritasuna». Urgellek ez zuen eman izenik, baina itzuliaren antolatzaileei begira jarri zituen denak. Patxi Mutiloa Jaurlaritzako Kirol zuzendariak gaineratu zuen Jaurlaritzak 200.000 euro bideratuko dituela Euskal Herriko Itzulira eta euro bakar bat ere ez Espainiako Vueltara.
Erabakia, astebete barru
Antolatzaileek bilera egin zuten atzo, eta astebeteko epea hartu dute hausnarketarako. «Nekatuta gaude iritzi trukaketarekin», azaldu zuen ohar batean Ugartek. «Datorren astera arte itxarongo dugu, irtenbideren bat aurki dezakegun ikusteko. Bestela, prentsaurreko batean azalduko dugu bertan behera geratu direla bi probak». Arrisku horrek eraginda, sarean hasi dira mugimenduak. Kontuz! Euro 1 lelopean, kanpaina bat sortu du www.creationest.com mugimenduak; euro bat emango duten 150.000 lagun bildu nahi ditu.
Urgell: «Oso bazkide indartsua baztertu zuten antolatzaileek»
Jaurlaritzako Kultura sailburuak azaldu du Euskal Herriko Itzuliak bermatuta zeukala finantzaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu