Uriartek esan du Europara joatea dela helburua

2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
FUTBOLA. Athleticek helburu argia du denboraldi honetan: «Aurrerapausoa ematea, eta Europara joatea». Hala esan zuen atzo Jon Uriarte presidenteak. Ernesto Valverde entrenatzailea eta Iker Muniain kapitaina izan zituen ondoan, eta haiek ere sarritan aipatu zuten «Europa» hitza. «Denok dugu jomugan», adierazi zuen Valverdek. Hala ere, hirurek azpimarratu zuten erronka «zaila» dela, eta hori lortu ahal izateko, «zaleen babesa» eskatu zuten.

Valverdek eta Muniainek azaldu zuten taldea «ilusio handiz» dagoela. «Oso lehiakorrak izan gaitezke», zehaztu zuen entrenatzaileak.

Beste hainbat gairen inguruan hitz egin zuten. Adibidez, Uriartek esan zuen Iñigo Martinezek beste urtebeterako kontratua duela eta, nahiz eta hitzarmena ez berritu, ez dutela harmailan utziko. «Uste dut geratu egingo dela», aitortu zuen. Horren harira, klubak aurki jakinaraziko du zein jokalarik ekingo dioten denboraldiari. Horien artean ez da izango Alex Petxarroman, donostiarrak utzita jokatuko baitu Andorran, Espainiako Bigarren Mailan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.