Urre zaporeko brontzea

Virginia Diaz Raspaseko arraunlaria olatu aparretan dago. Hirugarren urtez jarraian, Europako Txapelketan podiumera igotzea lortu du; orain, Olinpiar Jokoetan finalera heltzea du helburu.

Virginia Diaz Raspaseko arraunlaria, Europako Txapelketan lortutako brontzezko dominarekin. BAT BASQUE TEAM.
Mikel O. Iribar.
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Segundo bat eta bi ehunen. Alde apur horregatik ez zuen jantzi urrezko domina Virginia Diaz (Astillero, Espainia, 1991) Getxoko Raspaseko (Bizkaia) arraunlariak, Europako Txapelketako lemazainik gabeko biko modalitatean, Varesen, Italian. Hori bai, hirugarren urtez jarraian zapaldu zuen podiuma, Aina Cid taldekide kataluniarrarekin batera: 2019an, urrea jantzi zuen; iaz, zilarra; eta aurten, brontzea. Goreneko koskatik hirugarrenera jaitsi bada ere, sekulako balentria egiten ari da Diaz. «Aurrenekoarengandik segundo bakarrera helduta, brontzezko domina lortu dudan arren, urre zaporea dauka».

Aulki mugikorra arraunketa olinpikotzat hartzen denez, munduko arraunlaririk onenak aritzen dira lehiaketako modalitate guztietan; Europako Txapelketan, besteak beste. Iraganean bizitakoa helduleku hartuta, Diazek bazekien lehen kanporaketan ontzien artean «maila oso handia» egongo zela, eta akats txikiren bat eginez gero, edozein ontzi kanpoan geratu zitekeela. Hain justu, Raspaseko arraunlariak eta Cidek ez zuten eurek nahiko zuketen moduan arraun egin, eta ez ziren zuzenean finalera sailkatu. «Ez genuen gure onena eman, eta hori arlo fisikoan nahiz psikologikoan nabaritu genuen». Bestelako aldartearekin esnatu ziren hurrengo egunean, eta finalean egoteko azken aukera ez zuten alferrik galdu. «Ontzia orekatuta eramatea lortu genuen».

Bai Diaz, bai Cid «konfiantzaz gainezka» ziren irteeran. Dominak, berriz, 2.000 metrora zituzten zain. «Argi geneukan hasiera indartsua egin behar genuela, aurkariek hanka egin ez zezaten; ez zuten ihes egin, eta hori gakoa izan zen azken mila metroetara birizik iristeko». Bizirik bakarrik ez: Greziari aurre hartu, eta Erresuma Batua eta Errumaniako ontziei muturra sartzeko gai izan ziren. «Susperraldia izan genuen, eta ontziari sekulako abiadura eman genion». Arraunzaleentzat estropadaren amaiera zirraragarria izan bazen, zer esanik ez ontzi barruan zeuden arraunlarientzat. «Hankean joaten naizenez, ez nekien zehazki haiengandik zenbatera gindoazen. Isilik aritu ohi gara arraunean, baina azken 250 metroak ikaragarriak izan ziren. Sufrituz gozatu genuen», gogoratu du.

Orain arte lortutakoaz «harro» dago Diaz. «Nire kirol ibilbideko unerik onenean nago. Beti izan ditut gorabeherak, baina, pazientziarekin, aurretik egin dudan lan gogorraren fruituak jasotzen ari naiz». Hain zuzen, 2019an Munduko Txapelketan eskuratutako bosgarren postuari esker, Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatu zen. «Nire betiko ametsa zen Jokoetan egotea, eta betetzeko bidean nago». Tokiora joateko hegaldia hartu aurretik, Munduko Kopako bi lehiaketatan parte hartuko du: lehena, Zagreben; eta bigarrena, Luzernan (Suitzan).

Arraunaren itzulian bizi da Diaz. «Astelehenetik larunbatera bitarte, ordu asko sartzen ditut uretan, ergometroan nahiz gimnasioan. Atseden egunetan ere, goi mailako kirolari baten bizitza daukat». Arraunak asko eman dio, baina kendu ere bai: «Familian eta lagunartean egoteko astia kentzen dit, baina nire hautua izan da, eta ez da sakrifizio bat». Izaten duen denbora libre apurrean ere, Diaz ez da geldirik egotekoa: Medikuntza gradua egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean.

Tostan eseri eta kateatu

14 urte zituela eseri zen aurrenekoz tostaren gainean, eta bertan kateatu zen. «Aurretik igeriketan eta atletismoan aritzen nintzen, baina arraunak gehiago erakarri ninduen; aulki mugikorrak batez ere». Orduz geroztik, skiff-ean aritu da Diaz urte luzez, harik eta Cidekin lemazainik gabeko biko modalitatean hasi zen arte. «Ontzian bi arraunekin eta bakarrik joatetik, arraun bakarrera eta beste arraunlari batekin aritzera pasatu nintzen. Aldaketa handia sumatu nuen; izan ere, ontziko kidearekin ondo koordinatu behar duzu».

Jakin badaki Euskal Herrian tostako arraunketa ongi errotua dagoela. Gaur-gaurkoz, arraun olinpikoan ematen ari den mailarekin, burutik ez zaio pasatu ere egin traineruan aritzea. «Baina ez dut atea itxi nahi. Batek daki zer geratuko den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.