Joan den astean, ostegunean, zalaparta handi samarra izan zen urrearen prezioa gora eta urrearen prezioa behera. Hilaren 18an, egun bakarrean, 1.517 euro garestitu zen urrea, eta opari eder hori egin nahi zuenak 19.601 euro ordaindu beharra zeukan lehengo ostegunean. Astebetean egoera erabat aldatu da, ordea. Lehengo astean garesti-garesti zegoena erabat merke zegoen atzo. Txirrindularitza munduan bai, behintzat. Levi Leipheimer eta David Zabriskie (AEB), Michael Rogers (Australia), David Millar (Erresuma Batua), Gustav Larsson (Suedia), Stijn Devolder (Belgika)... Garesti, oso garesti zegoen atzo arte urrea, baino atzo erabat behera joan zen haren balioa.
Koskaka-koskaka, faborito guztiek huts egin zuten Munduko Txapelketako gizonezkoen erlojupekoan, Varesen (Italia). Fabian Cancellara suitzarrak eta Stefan Schumacher alemaniarrak uko egin zioten Munduko Txapelketari, baina inor gutxik aurreikus zezakeen Bert Grabsch alemaniarrak den-denak atzean utziko zituela. Bai, Alemaniako erlojupeko txapelduna izan da Grabsch azken bi urteetan, punta-puntako espezialista ez bada ere, erlojupeko onak egin zalea da... Baina berak ere ez zuen amets handirik egingo urrearekin. Ia ezinezkoa zirudiena egin zuen atzo. Baina den-denak aho zabalik utzi eta atzetik aurrerako erlojupekoa eginda, Bert Grabsch alemaniarra da munduko txapeldun berria.
Negar malkotan, hunkituta
Bere lanak amaitu eta gainerakoen lanari begira jarri zenean, nekea, itxaropena, irribarre txikia, poza, emozioa eta negarra, egoera guztiak igaro zituen denbora gutxian. 33 urterekin eskuratu du Grabschek orain arteko lorpenik handiena -Espainiako Vueltako erlojupekoa zen, orain arte, sona handieneko garaikurra-, baina, beteranoa izanagatik, negar batean hasi zen Leipheimer, atzoko saioa amaitzen azkena izan zen txirrindularia, helmugara iritsi zenean.
Baina urrea bezain merke zegoen atzo zilarra. Horren erakusgarri, Svein Tuft kanadarrak lortu zuen bigarren denborarik onena. Ez da oso zuzena Tufti meritua kentzea, baina ez Grabsch eta ez Tuft, ez ziren ageri inoren kinielatan. 31 urteko kanadarrak zazpigarren postua lortu zuen Pekingo Olinpiar Jokoetan, abuztuan, baina aurretik punta-puntako espezialistengana hurbildu gabe zegoen. Urtebetean egin du behe-behetik gorainoko bidea.
Kanadarra zilarra urre bihurtzeko zorian egon zen, gainera. Izan ere, lehen erreferentzian, zortzigarren kilometroan, Tuftena zen denborarik onena: 9.05. Larssonek denbora bera egin zuen, Rogersek bi segundo gehiago behar izan zituen, Chavanelek bost gehiago, Grabschek sei gehiago... Eman eta eman, 20. kilometroan ere berea zen denborarik onena (22.03). Grabschek baino hiru segundo azkarrago egin zituen lehen 20 kilometro horiek, eta ordurako 15 segundora zihoan Larsson, 23ra Leipheimer eta Pinotti...
Grabschentzat zorionez, Tuftek bizikleta aldatu behar izan zuen gero -erlojupekoetarako bizikleta bereziarekin irten zen, eta ohiko bizikletarekin heldu zen helmugara-, eta hortxe ihes egin zion urreak. Bestela ere zail samar edukiko zuen Munduko Txapelketa, alemaniarrak oso sendo amaitu baitzuen proba, indartsu. Baina helmugan 41 segundo besterik ez zituela galdu ikusita, estu-estu ibiliko ziren Grabsch eta biak, atzoko bi ezusteak.
Faborito guztiak oso makal
Estu-estu, burua altxatu ezinik, faborito gehienak ibili ziren atzo. Euren zain zeuden denak Grabsch helmugara iritsi zenean, baina huts egin zuten. Lehen erreferentzian Tuften pare-parean ziren Larsson eta Rogers, baina hortik aurrera segundoen zakua ederki bete zitzaien denei. Grabschek sei segundo atera zizkion zortzigarren kilometroan Zabriskieri, eta 10 Leipheimerri; 20 segundo 20. kilometroan Zabriskieri, eta 27 Leipheimerri; 41 segundo 32. kilometroan Zabriskieri eta 48 Leipheimerri; eta 52 segundo helmugan Zabriskieri eta 1.06 Leipheimerri. Gehiegi, urrearen borrokan aritzeko.
Larsson (1.05era), Devolder (1.15era), Millar (1.25era), Gusev (1.27ra), Rogers (1.33ra)... horiek are makalago ibili ziren, Grabschengandik oso urruti. Erabat merke zegoen atzo urrea, joan den astean baino nabarmen merkeago, baina faborito guztiak urrearen bila joateko indarrik gabe geratu ziren. Grabsch, Tuft eta Zabriskie. Urrea, zilarra eta brontzea. Atzoko kiniela asmatu duenarentzat urrearen prezioko saria izango da, ezbairik gabe.
Urrearen prezioa, behea jota
Bert Grabschek irabazi du Munduko Txapelketako erlojupekoa, faboritoen lan kaskarra baliatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu